Uda iristearekin batera, Errusia, Lituania eta Letonia inguruko atzerritarrez josita egoten da Lloret de Mar (Katalunia). Ekialdeko herrialde hotzetako bidaiazaleak eguzki bila joaten dira hara, eta Gatis Smukulis (Highroad) ere joango da berandu baino lehen. Atzo ezagutuko zuen, ziurrenik, inguru hura, Kataluniako Voltako lehen etapan. Baina, hartu zuen gozatuarekin, laster itzuliko da, hondartzan etzan, begiak itxi, eta atzoko eguna behin eta berriz gogoratzeko. 23 urterekin, letoniarrak atzo irabazi zuen profesionaletako lehen lasterketa. Sari eta guzti etorri zen, gainera, garaipen hori, liderraren maillota jantzita abiatuko baita gaur, bigarren etapan, Banyolesera bidean.
22. kilometrorako sortu zen eguneko ihesaldia. Ben Gastauer (Ag2r), Smukulis eta Julian Sanchez Pimienta (Caja Rural) sartu ziren, eta Javier Ramirez (Andalucia-Caja Granada) gehitu zitzaien gero. Hamabost minututik gorako aldea ere izan zuten, baina Ramirez lehenengo, Sanchez Pimienta gero eta Gastauer azkenik ezinean geratu ziren. Smukulis tropelaren aurka. Horixe izan zen azken kilometroetako borroka, eta, ezustean, letoniarrak irabazi zuen lehia. 28 segundora iritsi zen tropel nagusia. Denis Mentxovek eta Carlos Sastrek (Geox), berriz, 13.17 minutu galdu zituzten.
Oporretan itzuliko da
Gatis Smukulis letoniarrak irabazi du Kataluniako Voltako lehen etapa, ihes eginda, eta lider jarri da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu