Epailea: Mateu Lahoz. Txartel horiak: Albaceteko Castillori, Rochari eta Candelari; eta Athleticeko Iturrasperi. Bestelakoak: 12.000 ikusle inguru Albaceteko Carlos Belmonte futbol zelaian. Final-zortzirenetako itzulikoa hilaren 12an jokatuko dute, San Mamesen, 20:00etan.
Athleticek ez du urtea ondo hasi. Jakinekoa da urtarrilean asko daukala jokoan talde zuri-gorriak. Jakinekoa da, era berean, zale zuri-gorrien artean Espainiako Kopak sortzen duen ilusioa. Ez da beste talderik egongo horrenbeste interes jartzen duenik lehiaketa honetan. Hori gutxi ez eta egokitu zaion bideak bikoiztu egin du gutxienez hasierako ilusioa. Baina hori guztia zelaian dago erakutsi beharra. Eta Athleticek ez zuen atzo Albaceteren zelaian garaipen goserik erakutsi. Partida ikusi zutenetatik askok pentsatuko dute jokalari zuri-gorriak turroiarekin pentsatzen jarraitzen dutela oraindik.
Beharbada gehiegizkoa izango da jokalariak oporretan jarraitzen dutela esatea. Ezagutuko ez bagenitu ziur egongo ginateke hala dela. Baina ezagutzen ditugu. Eta jakinekoa da Athleticeko jokalariak profesionalak direla. Kluba barru-barruan daramate eta elastiko zuri-gorria janzten duten bakoitzean ahal duten guztia egiten dute. Atzo ere ahal zutena egingo zuten, baina egin zutena gutxi izan zen. Egia da gorengo mailako taldeei asko kostatzen zaiela maila apalagoko taldeen aurrean euren artean dagoen aldea erakustea. Besteak beste, talentu gutxiago duen taldearen motibazioa handia izatean delako. Sekulako gosea erakusten dute gisa honetako norgehiagoketan. Etxean jokatuz gero areagotu egiten da grina. Eta, gainera, inolako presio barik jokatzen dutenez planteatzen dituzten partidak oso ezerosoak izaten dira ustez faboritoak direnentzat. Hala gertatu zen Albacetek eta Athleticek jokatu zuten neurketan.
Etxeko taldearen gogoa eta grina gutxi ez eta zelaiaren egoera txarrari ere aurre egin behar izan zion Athleticek. Carlos Belmonteko soropila gogorra eta irristakorra zegoen. Berdegunearen egoera bi taldeentzat izan zen txarra, baina benetan kalte talentu handiago eta jokoaren ekimena eraman behar izan zuenari egin zion. Athletic, betiko legez, nagusi izateko asmoarekin zelairatu zen. Bielsaren taldea baloiaren jabe egin zen, baina aurkaria gainditu ahal izateko behar zen hurrengo urratsa ematea falta izan zitzaion: arriskua sortu eta eraginkorra izatea. Zuri-gorri gehienak ezeroso aritu ziren. Muniainek lehen minutuetan erakutsitako ausardia eta Iturrasperen eta Iraolaren artean egindako pare bat jokaldi izan ziren gauzarik azpimarragarrienak. Azken bi horien jokaldi bati esker sortu zuen Athleticek neurketa guztiko aukera bakarra. Baina eskuin hegalekoak zutoinera jaurti zuen Campos atezainaren aurrean bakarrik geratu zenean. Albacetek atera jaurti ere ez zuen egin atsedenaldi aurretik.
Egoerari buelta emate aldera, bigarren zatian aldaketa bi egin zituen zuri-gorrien entrenatzaileak. Baina ez zuen ezertarako balio izan. Athletic ez baitzen gai izan nabarmentzea merezi duen aukera bakar bat sortzeko. Aurkaria estu hartzeko kapaz izan ez arren, neurketa kontrolpean izatea lortu zuen. Izan ere, Albacetek ere ez baitzuen asko estutu Iraizoz. Gaitzerdi. Laburbilduz, ezer gertatu ez zen neurketa izan zela esan daiteke. Pena Carlos Belmontera gerturatu ziren 1.200 zale zuri-gorriek izango dute. Behin izango dute Albacete ingurukoek talde bizkaitarra ikusteko aukera eta neurketa txikiarekin konformatu behar. Albiste ona da kanporaketa San Mamesen erabakiko dela. Hori bai, Athleticek du orain presio osoa.
ALBACETE 0. ATHLETIC 0
Oporretan jarraitzen al dute?
Athleticek partida eskasa egin du Albaceteren zelaian, baina, hala ere, ez du asko sufritu aurkariari aurre egitekoTaldearen erritmo faltak eta zelaiaren egoera kaskarrak baldintzatu dute neurketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu