Isilpean, baina zalantza izpirik gabe, 2010eko Munduko 1 Formula Txapelketan parte hartzeko eskaera egin zuen Epsilon Euskadi taldeak aurreko asteko asteazkenean. Hurrengo egunean jaso zuen FIA Nazioarteko Automobilismo Federazioaren baieztapena. Orain itxarotea falta du, hilaren 12an emango baitu FIAk onartuen zerrenda. Oraingo talde guztiak onartuko dituela espero denez, hiru toki bakarrik gelditzen dira, eta 11 dira eskaera egin duten talde berriak. Joan Villadelprat (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1955) harro ageri da bere proiektuaz. Galderei luze erantzuten die, bakoitzean daturen bat sartuz. Ondo daki zein den eman behar duen diskurtsoa.
2010eko Munduko 1 Formula Txapelketan parte hartzeko eskaera egin duzue. Zerk bultza zaituzte horretara?
Nola ez dugu bada horretara joko? Kirol honetan dagoen maila gorena, guztiek noizbait iritsi nahi duten helmuga, hori da1 Formula. Eta guk helburu hori daukagu, ekoizle serioak garelako, Le Mans autoak egin ditugulako, iaz Le Mansen ondo ibili zena eta denboraldi guztian lehiatu zena, eta azken lasterketan azkarrena zena, 50 milioitik gorako autoen aurretik. Gu txapel batekin haiei aurre egiten izan gara. Horregatik, hemen dugun proiektuagatik eta ondo dakidalako zer den 1 Formula. Benetton egituratu nuen, eta gaur egun talde hori Renault da. Prosten ere nik egin nuen. Badakit zer behar den hau aurrera ateratzeko, eta 1 Formula gure ibilbidean pauso logikoa da.
1 Formulan lehiatzeko, hazi egin beharko duzue; zer beharko zenukete batez ere?
Etxeko lanak ondo eginda etorri naiz plaza honetara. Autogileak gara, eta hori ezin dute beste askok esan. Gasteizko lantegiarekin hasi ginenetik, oso argi neukan autogile izan behar genuela, ez kudeatzaile soilik. Eta Gasteizko lantegia nik diseinatu nuen. Bere garaian saiatu ginen babesleak lortzen proiektu honetan laguntzeko, baina inor ez zen ausartu gurekin etortzera. Horregatik, jendeak ez zuen ulertu zergatik inbertitu genuen hainbeste diru proiektu honetan. Zertarako egiten ote genuen galdetzen zuten. Baina buruan beti izan dut autogile izan behar genuela, eta orain bagara. Horretarako dugu haize tunel propioa. Baina lantegi osoari etekina atera nahi diogu, ez bakarrik auto lehiaketarekin, baizik eta etekina ateratzeko asmoarekin. Oraintxe bertan bi bezero ditugu haize tunela erabili nahian, eta ez dute autoekin zerikusirik.
Etxeko lanak egin dituzue, beraz.
Jende gutxik esan dezake hurrengo lau urteetarako aurrekontua lotua dugula. Hori bakarrik arrazoi sendoa da ekainaren 12ko erabakietarako. Nik ez dakit FIAk zein irizpideri jarraituko dien taldeak aukeratzeko, baina guk lau urte dauzkagu bermatuta. Izugarrizko baliabideak ditugu Gasteizen, eskolak ditugu mekanikariak prestatzeko, prestakuntza plan jarraitua daukagu Automobilismo Lehiaketako Espezializazio Teknikoko Masterrarekin (METCA), Mondragon Unibertsitatearekin elkarlana dugu... Oinarri sendoak dituen proiektu bat gara, hazten joan dena eta autogile indartsu bilakatu gaituena. Nire helburua beti izan da autogile izatea. Orain bagara, kanpoan ezagutzen gaituzte, eta nik 25 urte eman ditut 1 Formulan.
Talde askok eman du izena, gutxienez hamazazpik.
[Galdera moztuz] Hogeita bat taldek eman dute izena.
Hogeita bat, beraz. Hamahirurentzat bakarrik dago tokia. Itxaropentsu?
Guk gure lana egin dugu, eta hemendik aurrera beste batzuei dagokie erabakitzea. Haiei argi utzi diegu oso ondo prestatuta gaudela, lau urteko aurrekontua osatua baitaukagu. Beste zein taldek eskain dezake hori?
Hurrengo urterako FIAk araudia alda dezake. Zer gerta daiteke aurrekontu muga 45 milioi eurotik 100era igotzen badu?
Ezertxo ere ez. Kontuan eduki 45 milioi euro horietan gidariak ez direla sartzen, eta beste hainbat gastu ere kanpoan gelditzen direla. Azken finean, FIAren datuek 45 milioi euro aipatzen badituzte ere, guk 75 milioi euro direla kalkulatzen dugu, eta horri aurre egiteko moduan gaude. Diru kopurua ondo konponduta daukagu, ez gara hasiberriak.
Zein izenekin egin duzue eskaera? Babeslearen izena agertzen al da?
Bada, guk daukagun enpresa izen bakarrarekin: Epsilon Euskadi. Babeslearen izena gutxienekoa da, hori edozein unetan gehitu daiteke.
Eta zein motorrekin aurkeztu duzue eskaera?
Hori ez dago zehaztua, ez da zehaztu beharrik. Une honetan etxe batekin baino gehiagorekin hartu-emanetan gaude [parte hartzeko eskaeran zein motor erabiliko den zehaztea da FIAren baldintza].
Gidariei dagokienez, asmo berezirik duzue?
Ez, horrexek kezkatzen nau gutxien. Ez dut ideiarik txikiena ere, ez darabilgu izenik une honetan. Ekainaren 12an txartela lortuz gero, hasiko gara horretan.
Aurten FIAk aukeratzen ez bazaituzte, hurrengo urtean baldintzak errazagoak izango direnez, berriro saiatuko zinateke?
Horri ezin zaio aurrez erantzun. Nik babesle talde bat aurkeztu dut aurten, hurrengo urteetarako diru kopuru jakin bat emateko konpromisoa agertu dutenak. Orain, FIAk erabakitzen badu gu ez gaudela aukeratutakoen artean, berriro hitz egin behar dut haiekin, eta galdetu ea urtebete itxoiteko prest dauden. Agian, baietz esango didate, eta ikusiko genuke orduan. Edo ezetz esango didate, edo batzuk galduko ditut, edo beste babesle talde bat bilatu beharko dut.
Berez zaila da babesleak bilatzea. Krisi honetan are eta zailagoa izango da.
Beti da oso zaila babesleak topatzea. Baina haien erantzuna zuk eskaintzen diezunaren arabera izango da. Eta guk oso erakusleiho ona daukagu, ziur gaude. Haiei merezi duen zerbait aurkeztuz gero, interesa piztuko zaie. Gainera, 1 Formulak ematen zaiona itzuli egiten du, oso itzulera ona dauka. Babesleentzat, autogileentzat... oso emaitza ona ematen duen zerbait da. Egiten den inbertsioa erraz itzultzen du.
Duzuen taldeak gidatuko luke 1 Formulako proiektua ere? Sergio Rinland litzateke zuzendari teknikoa?
Sergio Rinlandek ez du aurkezpenik behar, eta bera proiektu honen bizkarrezurra da, nirekin eta Henry Durandekin batera. Guk1 Formulan esperientzia handia daukagu, urte askoan egon gara goi mailako taldeetan. Hori jendeak badaki, eta kontuan hartzen du. Eta, gutaz gain, jende gehiago dago, beste talde batzuetan ibili dena. Toyotan aritutako jendea daukagu. Super Agurin ibili den jendea daukagu. Eta horri gehitu behar zaio dauzkagun prestakuntza zikloak, beste eskolak... Guk hemengo jendearekin egin nahi dugu guztia. Ez dut beste taldeen lana ezbaian jarri nahi, baina, adibidez, Camposek [Adrian Campos, Campos Meta 1 taldearen arduraduna] txasia Dallararekin egin nahi du, Italian, eta ez dakit nongo jendea hartu nahi duen. Ez, ez, guk etxeko jendea erabili nahi dugu, ez kanpoko jendearekin ibili.
1 Formulan parte hartuz gero, oraingo beste mailei eutsiko diezue (Munduko Serieak, 3 Formula...)?
Zalantzarik gabe, gure taldea haiek ere osatzen dute. Haiek ematen diote gure taldeari balio gehigarria, eta ez dugu haiek alde batera uzteko asmorik.
Nola ibiliko zinatekete 1 Formulako lasterketetan?
Barkaidazu, baina galdera hori tontakeria da [harrotasunez]. Ni hemen ez naiz aurkeztu argazki batean azaltzeko. Inor ez dago hemen itxura egiteko. Irabaztera gatoz, ez dago besterik. Urte batzuk behar dira gora iristeko, baina helburua irabaztea da. Inork argazkian ateratzeko etorri garela uste badu, erabat oker dago. Talde guztiak hemen aurrenak izateko daude, beste guztiei irabazteko.
Talde batzuek badakite ezin dutela irabazi.
Force India ere irabazteko lehiatzen da. Zertarako dago hor bestela? Ez dago beste ezer horren gainetik. Esadazu bestela zertarako jokatzen duen Athleticek Espainiako Ligan? Hor egoteko bakarrik? Ez, irabazteko da. Ni Bartzelona zalea naiz, baina helburu bera dute bi taldeek. Guk bezala, edozein mailatan irabazi nahi dugu. Eta, orain, 1 Formulan ere irabazi egin nahi dugu.
«Orain, 1 Formulan ere irabazi egin nahi dugu»
Hogeita bat taldek eman dute izena datorren urtean Munduko 1 Formula Txapelketan aritzeko, oraingo hamarrek eta beste 11k, tartean Epsilon Euskadi. Joan Villadelprat Epsilon Euskadiko lehendakaria baikor da, «etxeko lanak» ongi egin baitituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu