Mikel Beroiz. Asegarceko pilotaria

«Orain arteko garaipenek konfiantza eman didate; hobera egiten ari naiz»

Denbora gutxian profesionaletako atzelaririk onenetakoa bilakatu da pilotari nafarra; Olaizola II.a lagun, txapelketa bikaina ari da jokatzen, eta bihar Irujo eta Barriolaren aurka ariko da, Bilbon.

jon eskudero
2012ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Gazte beteranoa. Mikel Beroiz (Huarte, Nafarroa, 1989) horixe dela esan daiteke. Gaztea adinean, beteranoa kantxan. Ez da erraza hori lortzen, baina esperientzia ikaragarria edukiko balu moduan jokatzen ditu partidak Asegarceko atzelariak. Sendoa da. Langilea. Ezaugarri on asko ditu, eta Aimar Olaizolarentzat atzelari aproposena dela diote askok. Txapelketako orain arteko lehiak bikainak egin ditu, baina badaki bihar «zailtasun handiagoko» izango duela. Juan Martinez de Irujoren eta Abel Barriolaren aurka ariko da. Harmailak beteta daudela, 5. jardunaldiko neurketarik erakargarriena izango da Bilbon.

Denbora gutxian aldaketa handia izan duzu. Iaz ez zinen txapelketan aritu, eta aurten izar handietako bat zara.

Neurri batean, halaxe da, baina ez guztiz. Hori bikotearen meritua gehiago da, nirea baino. Irujo eta Olaizola II.a dira beti izar handienak, beti dira faboritoak, eta eurekin aritzeak horixe dakar. Aimarrekin oso gustura ari naiz, eta bide berean jarraitzea da nire helburua. Ahalik eta gehien laguntzea.

Bistan da ongi moldatzen zaretela pilotalekuan.

Kantxa barruan zein kanpoan ederki ulertzen dugu elkar. Distira handiko aurrelaria da, eta nik ongi eutsiz gero, bera arduratzen da beste guztiaz. Momentu onean dago, gainera. Partidarik ez dugun egunetan sarri hitz egiten dugu telefonoz, bestea nola dagoen jakiteko. Beharrezkoa da hori egitea txapelketa batean.

Iaz Olaizola II.a izan zen txapeldun. Berarekin jokatzea konpromisoa al da? Nabaritzen al duzu presiorik?

Ez, ez, inola ere ez. Enpresak aukera polita eman dit zerbait handia egiteko, eta gogotik saiatuko naiz. Baina ez balitz posible izango, ez litzateke ezer gertatuko. Norberak ahal duena egiten du, eta kito. Presioak eta halako hitzak baztertuta dauzkat.

Aspetik Asegarcerako bidea hartzea erabaki zenuen. Ez dut uste damutuko zitzaizunik.

Denbora aurrera joan ahala, bete-betean asmatu nuela konturatzen naiz. Orain Aspeko pilotaria izango banintz, ez dakit txapelketa jokatzen ariko ote nintzen. Asegarcen egonda, ordea, egoera hobean nago. Lehenengo partida jokatu nuenetik, ia torneo guztietan egon naiz, norgehiagoka bikainak ipini dizkidate, eta ez daukat kexatzeko inolako motiborik. Entrenatzen ere gustura sentitzen naiz.

Kantxako lan saioak Asegarcerekin egiten dituzu, baina fisikoa Irujo eta enparauekin lantzen duzu, Uharten bertan.

Aspen nengoela halaxe egiten nuen, eta orain ere bai. Hori ez da aldatu. Aritz Altadillekin aritzen gara, eta ez dut uste beste leku batera joateak mesede egingo lidakeenik.

Bihar, beraz, sekretu gutxi izango dira zu eta Irujoren artean.

Afizionatu mailan aritzen nintzenetik oso ongi moldatu naiz berarekin, eta ongi dakigu elkarren berri. Halere, kantxa barruan dauzkan dohainekin ezer gutxirako balio du ongi ezagutzeak.

Zer-nolako aldea dago atzelari batentzat Irujorekin jokatu ala Olaizola II.arekin jokatu? Zuk biak probatu dituzu.

Juan askoz gehiago sartzen da airez, eta atzelariak pilota gutxiagotan astindu behar izaten du. Aimarrekin lan gehiago egin behar da, baina sartzen denean ez da alferrik izaten. Laguntzeaz gain, ia beti tantoa bukatzen du, eta horieskertzekoa da.

Bien arteko jokoan dagoen aldea azaldu duzu. Eta bien arteko materialean? Asko hitz egiten da gai horren inguruan.

Irujorenak ez dira hain biziak, eta Olaizola II.arenak ez dira hain motelak. Ni guztiekin eroso aritzen naiz, eta ez daukat kexatzeko motiborik. Biharko partidan gurea baino material motelagoa kantxaratuko dute Aspekoek. Ez da hain harrigarria, guztiak baitira pilota onak eta jokatzeko modukoak.

Edozerekin ongi moldatzen zara zu. Eta aspaldi honetan, are hobeto. Sasoi bikainean zaude.

Orain arte lorturiko lau garaipenek konfiantza eman didate, eta behetik gora egiten ari naiz. Pilota gozatzen ari naiz, eta, beraz, pilotan gozatzen. Dagoeneko hiru urte baino gehiago daramatzat profesionaletan, eta gauza asko ari naiz ikasten.

Amaitzeko, zer diozu bikoteen arteko desorekaren inguruan? Kritika asko zabaldu dira.

Kritika horiek uler ditzaket, baina ez dut uste guztiz hala denik. Juan eta Aimar tartean direnean beti eurak dira faborito. Ez dago beste azalpenik. Hainbat bikote, hori bai, euren mailatik oso urrun dabiltza. Xalak eta Laskurainek hobetuko balute, adibidez, arriskutsuak izango lirateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.