Denboraldia hasi zenetik partida askotan huts egin dute Osasunako jokalariek, eta sailkapenaren zulotik irten nahi badute, hanka-sartze gutxi egin ditzakete ligaren bigarren itzulian. Une erabakigarria iritsi da. Gaurko norgehiagoka orain arteko garrantzitsuena dela ukatzerik ez dago. Jaitsiera postuetan da Mallorca ere. Mailari eusteko lehian aurkari zuzenak dira, beraz, Osasuna eta Mallorca. Kataluniarrek hiru puntu gehiago dituzte, eta mendean hartzen badituzte, gorritxoek aurrea hartuko diete sailkapenean. Horixe da helburua. Bi taldeen arteko gol aldea ere nafarren aldekoa izango da irabaziz gero, eta argi dago hiru puntuak baino zerbait gehiago dituztela bi taldeek jokoan.
Mallorca mendean hartuz gero, salbazioa gertu ikus dezake Osasunak. Numantziak Real Madril hartuko du etxean -atzo jokatu zen partida-, eta madrildarren garaipenak Osasunarengandik gertu utziko luke Soriako taldea. Baldin eta Osasunak bere partida irabazten badu, noski. Galduz gero, gorritxoak sailkapeneko azken postuan hondoratuta gera daitezke. Mallorcak sei puntura alde egiteaz gain, gol aldea ere alde izango lukete, eta nola edo hala saihestu beharra dago hori.
Osasunako jokalariek badakite partida zein garrantzitsua den. Argi utzi dute hori aste honetan egindako adierazpenetan: «Igandean ezin dugu kale egin», esan zuen asteazkenean Patxi Puñal kapitainak. Burua erabili beharko dute, hala ere. Presioa handia da. Hurrengo lau partidetatik hiru etxean jokatzen ditu Osasunak, eta bi partida aurkari zuzenen aurkakoak dira: Mallorcaren aurkakoa gaur, eta Numantziaren aurkakoa hiru aste barru. Denboraldiko une erabakigarria iritsi da, eta arreta handiz jokatu beharko dute gorritxoek.
Gakoa, atzeko sendotasuna
Gaurko lehia finala dela ere esan daiteke. Gregorio Manzanok esan zuen herenegun: «Bi taldeentzat finala da». Eta Camachok ere ez zuen ezetzik esan atzo: «Iritsi nintzenetik finalen inguruan hitz egiten ari gara, baina gero eta gutxiago falta da sasoia amaitzeko. Bi taldeak egoera zailean dira, baina Osasuna apur bat okerrago. Galduz gero, helburutik asko urrunduko gara. Azken partidetako jarrera onari sendotasun defentsiboa gehitzea da gakoa».
Adorea indartuta iritsiko da Mallorca, Betis mendean hartu eta Espainiako Kopako finalaurrekoetarako sailkatu baita aste honetan. Hargatik, Sevillan jokatutako partidak eragindako nekea ere nabari dezakete Manzanoren jokalariek, eta Osasunak hori baliatzen saiatu behar du. Zaleen babesik ez zaie faltako. Sarrera guztiak agortu dira.
Hasierako hamaikakoan pare bat aldaketa egingo ditu Camachok. Patxi Puñal hasieratik ariko da bi euskarritan, Vadoczen ordez, eta Pandianiren atzetik Masud irandarra ariko da berriz, Fonten kalterako. Santiago Bernabeun orain bi jardunaldi hasieratik jarritako hamaikako bera errepikatuko du Camachok gaur. El Madrigalen zigorra bete behar izan zuten Puñalek eta Masudek, txartel pilaketaren ondorioz, baina zigorra bete ostean, hamaikakora itzuliko dira.
Antonio Hidalgo izan da, nolanahi ere, deialdiko berritasun nagusia. Zaragozatik utzita iritsitako erdilariak bi entrenamendu besterik ez du egin, baina erdi punta lanak egiteko fitxatu dute gorritxoek. «Hasieratik ez da ariko, baina partidaren arabera jokatzeko aukerarik izan dezake».
Orain arteko garrantzitsuena
Gaur Osasunak Mallorcari irabaziz gero, aurrea hartuko dio sailkapenean, eta salbazioa gertu ikusiko dute nafarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu