Orain, erakusteko garaia iritsi da

Baionak begi anitz gainean izanen ditu etzi hasiko den denboraldian, sona handiko jokalariak fitxatu baitituHiru urtera begira eginiko proiektua izan arren, emaitza onek fite etorri beharko dute

Sam Gerber Baionako jokalari hegoafrikarra, baloiarekin, denboraldi-aurrean Trevisoren aurka jokatutako lagunarteko partidan. GAIZKA IROZ.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Ilusioa eta presioa. Usu, batera doazen bi sentipen dira horiek, bertso batean errima ederra eginen luketenak. Bata zein bestea gobernatzen jakin behar izaten da goi mailako kirolean, ilusioa eta presioa elkarri datxikola agertzen direlako kasik beti. Zenbat eta ilusio handiagoa pizten duen, orduan eta presio handiagoa jasan behar izaten du taldeak. Ez dago gibelera itzultzerik, behin ilusioa piztean, presioa sentitzea saihetsezina baita. Izenek ilusioa pizten dute, baina presioa itzaltzeko emaitzek bakarrik balio dute.

Aturri eta Errobi tartean, ederki dakite hori dena. Baionak ilusio handia piztu du, iragan udaberrian Francis Salagoitiren zuzendaritzari Alain Aflelouren taldeak partida irabazi zionetik. Apirilean bertan Michel Cacouault, Aflelouren eskutik jin den presidente berriak, izenak zin egin zituen: «Selekzioetan titularrak diren jokalariak fitxatuko ditugu», esan zuen. Fitxaketen epea bururaturik, presidenteak hitza bete duela onartu beharra dago.

Talde zuri-urdinera etorritako jokalari zerrendak badu distiratik: Cedric Heymans, Mark Chisholm, Neemia Tialata, Joe Rokocoko... Denak nazioarteko selekzio indartsuenetan 30 partidatik gora jokatu dituzten jokalariak dira. Ez dira garai batean Lapurdira etortzen ziren jokalari haiek bezalakoak: gazte mailan selekzioan zailduak, eta selekzio nagusian behin edo bitan erdi txiripaz jokatutakoak. Haien herrian eta, batzuetan, nazioartean izena eta eskarmentua duten jokalariak dira Baionak fitxatu dituenak.

Eta, noski, ez denez gauza bera egositako lau baba edo portutik goizean iritsitako angulak platerean izatea, Baiona Ttipitik Santu Izpirituraino ilusio handia sortu du 2011-2012ko sasoiko taldeak. Klubaren bulegoetan ederki dakite hori, eta ilusio horri anbizioarekin erantzutea hautatu dute. Baionak, jada, ezin du ezkutuan ibili. Alain Aflelou taldeko babesle nagusiak, egiazki agintzen dutenek bezala, gutxi baina argi hitz egin du uda honetan. «Helburua da lehen sei postuetan sartzea, hurrengo sasoian Heineken kopa jokatzeko eta aurrerantzean ere hazteko».

Lapurdiko hiriburuan hiru estaiako espaziontzi baten gisara eraiki dute proiektua: lehen urtean Heineken kopara iritsi, bigarrenean ikasten segitu eta ezustekoren bat ematen saiatu, eta hirugarrenean trofeo bat irabazi, Top 14a edo Heineken kopa.

AEBetako espazioaren odisean gertatzen zen bezala, ilusio handia pizteko modukoa da proiektua. Orain, baina, zailena gelditzen da, espaziontzia izarretaraino iristea pausoz pauso, zeruan bidea galdu gabe, edo sutan kiskali gabe. Apollo11-k egin zuen bezala, ilargira iritsi nahi du Baionak, baina hor dauka Columbia-k bezala airean kiskalita gelditzeko arriskua.

Hasteko, Tolosa

Jokalariek badakite taldearen anbizio berriaren neurrian aritu beharko dutela. Iragan sasoian bikain hasi ziren, inork espero ez zuelarik, azkonar baten gisa sasi artetik ilunpean zalu-zalu ateraz. Liga hasiera on horrek dinamika onean ezarri zituen, eta, azkenean, puntu bakarragatik huts egin zuten Heineken kopa. Sasoi honetan, baina, ezingo dute horrela jokatu, udazkenean usoek baino ehiztari gehiago izanen dituztelako haien zain, tiroa jo eta harrapatzeko asmoz.

Top 14 hasiera, gainera, Munduko Kopak baldintzatuko du. Lau urtez behin jokatzen den nazioarteko errugbiaren lehiaketa nagusia irailaren 9an hasiko da, eta urriaren 23an bukatuko. Tarte horretan, Top 14aren 11 jardunaldi jokatuko dira. Baionak, fitxa berri dituen jokalari anitz Zeelanda Berrian izanen ditu, Munduko Kopa jokatzen, eta azaroa arte horiek gabe moldatu beharko du.

Ikusi beharko da, beraz, Top 14ko lehen heren hori nola kudeatuko duen Aturri eta Errobi bitarteko taldeak. Are eta gehiago, liga hasiera bihurria izanen duelako Baionak. Etzi Tolosa txapeldunaren aurka hasiko da, etxean (18:45). Ondoren, Bordelera joanen da, etxean Toulon jasoko du, eta, azkenik, Parisko Stade Française desafiatuko du Frantziako hiriburuan. Eta hori guztia Heymans, Yoann Huget, Rokocoko edo Philips gabe.

Ezinbestekoa izanen da Top 14 hasieran iragan sasoiko blokearen esperientzia. Julien Puricelli, Pepito Elhorga, David Roumieu... arin eta fresko aritu dira lagunartekoetan. Horien ondoan, harrobiko gazteek izanen dute gakoa. Clement Lagainek edo Marvin O'Connorrek itxura ona eman dute; baina, batez ere, Clement Otazok utzi du jendea zur eta lur. 20 urteko irekitzaile ziburutarrak zer errana emanen du, eta Sylvain Bouillon xiberotar gaztea gibelean utzi duela dirudi, Benjamin Boyeten ordezkoa izateko. Gauza bat ziurra da, iragan sasoiko zakur zaharrek eta harrobiko gazteek trainerutik tira egin beharko dute izarrak iritsi artean. Ilusioari eusteak prezio hori dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.