«Partida bat irabaztea ez da nahikoa. Emaitza bolada on bat behar dugu zulotik irteteko». Andoni Iraolak esandakoa da, baina futbolari zuri-gorri guztiek dute iritzi berbera. Athleticen helburua lehenbailehen sailkapenaren erdian dauden taldeen multzoan sartzea da. Horretarako, hiruzpalau puntu jan beharko dizkie «eroso» dauden taldeei.
Jaitsierako postuak ahalik eta azkarren lagatzea da zuri-gorrien helburua. Gabonetako atsedenaldia hartu dute erreferentzia gisa egoerari buelta emateko. Aipatu taldeek duten hiru edo lau puntuko aldea murrizteko, alegia. Athleticek bost neurketa jokatuko ditu urtea amaitu bitartean. Numantziak eta Sportingek bisitatuko dute San Mames, eta Deportivoren, Racingen eta Betisen etxera joan beharko du. Ez da egutegi erraza, baina gogorrena ere ez. Guztiak dira Athleticen «txapelketa» berekoak. Beraz, zuri-gorriek aukera ona dute gora egiteko. Baina aukera ona dela esateak edo pentsatzeak ez du ezertarako balio. Berdegunean erakutsi behar da hobetzeko eta lehiatzeko gogoa. Lehiakorra izan behar da beti.
Ba, orain arte, Athleticek ez du mailarik eman. Ez etxean, ez kanpoan. Euskal derbian denboraldiko bigarren garaipena eskuratu zuen San Mamesen. Etxetik kanpo, berriz, hiru puntu eskuratu ditu hiru neurketa berdinduta. Ez da nahikoa. Irabazi behar diren partidak irabazi ezean ezin baitaiteke huts egin hasiera batean nekezagoak diruditen neurketetan. Osasunarekin eta Valladolidekin batera kanpoan irabazi ez duen talde bakarra da Caparrosena. Seigarren aukera baliatu gura du Athleticek bolada txarra ahazteko. Aurrean Miguel Angel Lotinaren taldea izango du talde zuri-gorriak. Sportingen eta Malagaren gorakada aipatzen den sasoian ez litzeteke txarto egongo atzera begiratu eta talde galiziarraren ibilbideari begiratu bat ematea. Teknikari meñakarrak hanka eta erdi zuen taldetik kanpo duela urtebete. Ez zuen asmatzen eta berak zuzentzen zuen taldea maila galtzeko hautagai nagusietako bat zen. Kaleratu aurretik bere esku zegoen dena egiten ahalegindu zen. Kostata, baina asmatu zuen. Lauko atzeko lerroari beste jokalari bat gehitu zion Lotinak. Talde bat defentsan izan behar baita sendoa erasoan egiten duenak benetako balioa izateko. Eta joko sistema aldaketarekin batera itxuraldatu zen taldea.
Ordutik defentsako lan onena egiten duen taldeen artean dago. Bigarren Mailarako bidea zeraman taldea Europan lehiatzen ari da egun eta joan den astera arte UEFA Koparako txartela ematen duten postuetan zegoen. Athleticek baino sei puntu gehiago ditu.
Deportivok argi eta garbi erakutsi du talde mugatu bat ondo landuz gero posible dela emaitza onak eskuratzea. Beraz, talde galiziarra ispilu egokia izan daiteke Athleticentzat, Lendoiroren mutilek ez baitute zuri-gorriek baino talentu gehiago. Kalitate horri etekina ateratzeko giltza egokia aurkitzea falta da.
Yeste min hartuta
Caparrosen egungo egoerak Lotinak joan den sasoian bizitakoaren antz handia dauka. Baina, oraingoz, espainiarrak ez dauka jokatzeko era aldatzeko asmorik. Ez joko sistema, ezta jokalariak ere. Hogeita seiren artean hamabost edo hamasei ditu gustuko. Gainerakoak soberan daude. Caparrosekin ez dute jokatuko.
Riazorren aldaketa bakarra egingo du. Amorebietak jokatuko du Ustaritzen partez. Lesio batetik osatu berri den futbolari bat azken jardunaldian min hartu zuen beste baten lekuan. Gainerako hamarrak derbian hasieratik aritu zirenak izango dira. Hamaikako gaztea da: Amorebieta, Balenziaga, Javi Martinez, Susaeta, Garmendia eta Llorente egongo dira tartean. Horiek derrigorrez izan behar dute futbol gosea. Orain arte ezer gutxi egin dute. Onena emateko dute. Eta gose hori nabaritu egin behar da. Gosea eta kalitatea. Guztiak dira eta maila oneko futbolariak.
Baina hutsune garrantzitsu bat ere badu taldeak. Gainkarga bat tarteko, Yestek ezingo du jokatu. Aukera gutxi zuen hasieratik aritzeko, baina eskertzekoa da bere maila duen jokalari bat aulkian egotea. Mallorcan bera eta Llorente izan ziren onenak. Del Olmo sartu da deialdian.
Orain etxetik kanpo
Talde zuri-gorriak denboraldiko lehen partida irabazi gura du gaur arratsaldean San Mamesetik kanpo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu