Orain, Europa eskura

Ligako txapeldunorde izan eta gero, EHF Kopa irabazi nahi du Itxakok. Gaur hasiko du hori egiteko bidea, Errusian, Dinamo Volgograden aurka.

EDURNE ELIZONDO VOLGOGRAD
2008ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Zain. Pistara ateratzeko zain. Halaxe daude Itxakoko jokalariak, Volgogradeko South hotelean. Atzo arratsaldean azken entrenamendua egin zuten Dinamo Volgograden pistan, gaurko EHF Kopako finaleko joaneko partidaren atarian. Azken aginduak eman zizkien Ambros Martinek jokalariei, pistaren erdian; azkenekoz saiatu ziren aldez aurretik zehaztutako jokaldiekin; azken aldiz hartu zuten baloia eskuetan, pistan jokoan dena egon baino lehen.

Dena. Finala. Txapela. Denboraldi bikaina bikain amaitzeko aukera. Hori dago jokoan. Hagitz ona izan dena are gehiago nabarmentzeko parada du Itxakok, eta halaxe onartu dute jokalariek azken orduotan, Euskal Herritik Errusiarako bidaia egin duten bitartean. Hori nahi dute, eta lortzen saiatzeko indarrik eta ilusiorik ez zaie falta. Hori agerian utzi dute Errusiara ailegatu direnetik. Hori sumatzen zaie keinu, hitz, irribarre bakoitzean. Bai eta aurkariari buruzko beren aipamenetan ere. «Sekulako oihuak entzun beharko ditugu gure kontra», erran zuen Andrea Barnok Moskuko aireportuan, hurrengo hegaldiaren zain zeudela. Baina ez zitzaion kezka handirik sumatzen ahotsean. Ohituta daudelako.

Gaurko, bideo saioa eta paseoa prestatu dituzte Itxakoko entrenatzaileek. «08:00etan altxatu ordez, apur bat gehiago utziko diegu lo egiten», azaldu zuen bigarren entrenatzaile Manu Etaiok. Atseden har dezaten. «Eta gero, dena eman dezatela pistan; eman dezatela barruan duten ilusio hori, gogo bizi hori». Hurrengo astean izanen dute itzulikoa hobeki prestatzeko aukera, etzi goizaldean itzuliko baita Itxako Lizarrara. Partida, berriz, datorren larunbatean jokatuko da, herriko festetan.

Ambrosek serio jarraitu zituen atzo bere jokalarien mugimenduak. Partida prestatzeko baino gehiago, jokalariek azken egunotako nekea atzean uzteko izan zen atzoko saioa. Eusteko, baina gehiegi behartu gabe. Serio, baina lasai ematen zuen Ambrosek bere jokalarien erdian, haiei so. Eta kontent. «Lehiaketan bikain jokatu dugu, finalean gertatzen dena gertatzen dela. Aurkari handiak utzi ditugu bidean, eta hori ezin dugu bazter utzi», erran zuen.

Eta finalean zer gertatuko den gaur hasiko da argitzen. Aurkariari buruz duen iritzia esaldi bakar batean laburbildu zuen atzo Itxakoko entrenatzaileak: «Inongo alorretan ez dira talde perfektua, baina alor guztietan aritzen dira ongi». Dinamo Volgograden lehen lerroa eta kontraerasoan aritzeko gaitasuna eta abiadura nabarmendu zituen Itxakoko entrenatzaileak.

Lehiaketan bikain jokatu dutela zioen Ambrosek. Eta, are gehiago, azken hiru urteotan taldean gauza anitz aldatu dela gaineratu zuen entrenatzaileak atzo. Jarrera, batez ere. Hamaika aldiz errepikatu den ideia. Hamaika fruitu eman duen aldaketa. Eta bide horretan aurrera egiteko asmoa dute Itxakon. Hobe, txapela bat jantzita bada.



HOGEI ORDUKO BIDAIA.Egun gogorra izan zen atzokoa Itxakoko jokalarientzat. Ostegun arratsaldean abiatu ziren Lizarratik, eta hogei orduko bidaia egin behar izan zuten Volgogradeko aireportura ailegatu arte. Bertze ordubete, ia, hoteleraino. Ailegatu, gela hartu, bazkaldu, hiru orduko atsedenaldia, eta entrenatzera, lanera, izerditzera.

Eta Errusian entrenatzea ez da Lizarrako kiroldegian aritzea bezala. «Errusia bertze mundu bat da», errepikatu zuten atzo, behin eta berriz, Itxakoko kideek. Volgogradeko pabiloia aurrenekoz ikusi zutenean aho zabalik gelditu ziren jokalariak. Zuriz eta urdinez margotutako eraikin handia. Aurreko aldea baino ez. Pista, gaurko finala jokatuko den pista, plastikozko karpa baten azpian gordeta zegoen.

Itxakoko hainbat jokalarirentzat Errusiako hirugarren bidaia da egunotakoa. Lehenengoa zutenei errusiarren umore bereziaz hitz egin zieten esperientzia zutenek atzo. Umore horren berezitasuna omen da umorerik ez dutela, hain zuzen ere.

Moskuko aireportuan konturatu ziren denak horretaz. Ia bi ordu eman zituzten Itxakoko kideek kontrolak pasatzeko. Pasaporteak jaso eta zigilua jartzen zien emakume poliziaren haserrealdia jasan behar izan zuten. Eta gero, hegazkinean sartu aurretik, oinutsik igaro behar izan zuten denek metalak aurkitzeko arkuaren azpitik. Volgograderako hurrengo hegaldia hartzeko denbora baino ez zuten izan. Gosaltzeko kafea hartzen saiatu ziren, baina errublorik gabe, ezin. Inork ez zuen eurorik nahi. Visarekin ordain zitekeela iragartzen zituzten kartelak Itxako taldeko kideen aurrean estali zituzten kafetegi bateko zerbitzariek, hautsontzi batekin.

Hotelean, behintzat, bazkari beroa izan zuten. Hori bai, ur berorik ez hainbat jokalariren eta taldeko kideren geletan. Obretan ari dira hotelean, eta lanek mozketak eragin zituzten. Eragozpen guztiei, hala ere, irribarre batekin egin zieten aurre Itxakokoek.

Gaur irribarre gutxi izanen da. Tentsioa izanen da nagusi pistan. Borroka. Lehia bizia. Errusiarrak etxean ariko dira, eta zaleak izanen dituzte alde. Baina hurrengo astean gauzak alderantziz izanen dira. Europa izanen du eskura Lizarrako taldeak, eta ez dio erraz ihes egiten utziko.



«Volgograd inongo alorretan ez da talde perfektua, baina alor guztietan aritzen da ongi»

«Lehiaketan bikain jokatu dugu, finalean gertatzen dena gertatzen dela ere; aurkari handiak utzi ditugu bidean»

ambros martin
itxakoko entrenatzailea




Naiara egozkue Itxakoko jokalaria

«Ez gara honaino etorri tontoarena egitera; txapela irabazi nahi dugu»

e. e.

VolgogradBerriemaile berezia

Bidaia luzea eta neketsua izan arren, une bakar batean ere ez du irribarrea galdu Naiara Egozkuek. Pistan, profesionala da, eta, pistatik kanpo, Itxako taldea batzen duten pertsonetako bat. Saltsa guztietako perrexila. Lizarrako taldeko kideak Madrildik Moskura eraman dituen hegazkinean lotan eman dituen une bakarretan baino ez da isildu Egozkue. Taldekideekin txantxak eta solasaldiak partekatu ditu bidaia osoan, Volgogradora ailegatu arte. Volgograden, hoteleko gelan onartu dio Egozkuek BERRIAri Errusiako taldea mendean hartzeko irrikan dela. Gogoz gainezka.

Aste berezia izan da hau zuentzat. Volgogradera etorri aurretik ABF ligako txapeldunorde gelditu zineten asteazkenean. Tristura eta poza nahastu ziren Lizarran egun horretan. Zer moduz zaude orain?

Kontent nago. Lan handia egin dugu, eta ABF ligako txapeldunorde izatea gauza handia da. Guk gure lana egin genuen, zaleen aurrean irabazi nahi genuen, eta lortu genuen. Baina txapela ez zegoen bakarrik gure esku. Partida hasi aurretik itxaropena bagenuen, Orsan Eldak huts egiten ahal zuela uste genuen, baina ez zen gertatu. Partida ona jokatu genuen, behintzat.

Bihar [gaur] bertan izanen duzue errebantxarako aukera, bertze txapela bat janzteko lehen urratsa egiteko aukera, EHF Kopako finalean. Gogoz?

Jokatzeko gogoz gainezka. Irabaztera etorri naiz Errusiara, hori argi daukat. Ez gara honaino etorri tontoarena egitera; txapela irabazi nahi dugu. Pistan dena ematera aterako gara denak, ez dut zalantzarik. Ni, behintzat, irabazteko irrikan nago. Posible ez bada, ea emaitza on bat lortzen dugun.

Zozketa egin zenean Dinamo Volgogradi buruz deus gutxi zekiela erran zuen Ambros Martinek; zerbait gehiago dakizue orain? partida prestatzeko denbora nahikoa izan duzue?

Denbora gutxi izan dugu partida prestatzeko. Liga tartean egon da, eta ezin izan dugu nahi genuen bezala prestatu. Bideo bakarra ikusi dugu Volgogradi buruz, Ikast Boarding Danimarkako taldearenaurka jokatu zuten finalerdikoa, baina ez dut uste partida hori eredutzat hartzeko modukoa denik. Etxetik kanpo ari zen Volgograd.

Etxean are arriskutsuago izanen da?

Bai. Halako txapelketetan eta Errusiaren gisako herrietan, gainera, epaileek etxekoen alde egiten ohi dute, eta hori ere kontuan hartu beharko dugu.

Ez da erraza izanen, baina konfiantza handia erakusten duzu zuk. Konfiantzarekin zaude?

Bai. Iragan denboraldia zaila izan zen niretzat. Lesioekin zorte txarra izan nuen. Hiru aldiz izan nuen zuntzen haustura, eta, gainera, apendizitisak jota egon nintzen. Sasoi honetan kontent nago egin dudan lanarekin. Entrenatzaileak minutuak eman dizkit, eta ongi profitatu ditudala uste dut. Hegalean ondo aritu naizela uste dut, gainera. Ohitu naiz, eta gustura nago.

Zuretzat zer da txapel hau irabaztea?

Eskubaloian taldeak egiten du lan. Talde bateko kide naizen neurrian, garrantzitsua da niretzat txapel hau irabaztea. Sasoi osoan egin dugun lanak jasoko luke saria txapela irabaziz gero.

Itzulia etxean jokatuko duzue; denboraldia ezin hobeto amaitzeko aukera emango dizue partidak.

Bai, bai, hagitz garrantzitsua da zaleen aurrean jokatzea azken partida hori. Hainbatentzat azken agurra izanen da. Are garrantzitsuagoa izanen da txapela lortzen badugu.

Txapel bat irabazteko ordua da?

Txapelarekin edo gabe, sasoi bikaina izan dugu. Baina txapelak lan hori sarituko luke. Ea behingoz oihartzun zabalagoa lortzen dugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.