Rafa Nadal

Orain, Federerren bila

Bederatzigarren aldiz irabazi du Roland Garros, eta hamalau Grand Slam lortu ditu jada, Pete Samprasek adina. Hiru falta zaizkio suitzarraren bilduma berdintzeko.

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Negar egin zuen herenegun Mosketarien Kopari begira. Rafa Nadalek bederatzi ditu etxean, inork inoiz bildutako bildumarik handiena. Open garaian —1968az geroztik— zein aurretik, inoiz ez da egon Grand Slam bera bederatzi aldiz irabazi duenik. Nadalen malkoek tenislari gisa pasatutako garai zailak gogorarazi zituzten, lesioek gogor erasan diotelako azken urteetan. Urrunago joan gabe, aurtengo Australiako Irekiko finalean bizkarreko minak ez zion ondo jokatzen utzi, eta herenegun atera zuen arantza. Berriz ere Parisen, Roland Garrosen, Nadalen oasian. Haren paradisu partikularra da, eta Parisko zaleek, azkenean, estimu hartu diote, eta garai bateko txistuak alboratu, eta txalo egin zioten herenegun. Ondo merezita, gainera: torneoak izan duen tenislaririk onena da, eta inoizko onena lur harrotu gainean. 66 partida jokatu ditu Roland Garrosen, eta 65 irabazi.

Hamalau Grand Slam ditu guztira Nadalek, eta Pete Samprasen marka berdindu du. Dena den, oraindik hiru falta zaizkio Roger Federer harrapatzeko. Grand Slam bera bosgarrenez jarraian irabazi du, aurretik Samprasek berak (Wimbledon) eta Roger Federerrek (Wimbledon eta AEBetako Irekia) bakarrik kateaturiko agintaldia. Hamar urte dira profesionalen zirkuitura iritsi zela, eta urtero Grand Slam bat irabazi du gutxienez. Hori bai, hor bakarrik dago palmaresean, inork lortu gabeko balentria baita.

Nadal ATP zirkuituko buru irten da Paristik. Bere ibilbidean 139 astez defendatu duen postua. Aurrerantzean, baina, inongo sailkapenik bainoago, Roger Federerren Grand Slam kopurua berdintzea izan beharko luke helburu. Hark, dena den, ukatu egin du: «Federerrek hamazazpi Grand Slam ditu, eta nik, hamalau. Hura pasatzea ez da motibazio berezia niretzat. Errekorrek ez naute itsutzen. Nire ibilbidea bukatzen denean zenbat torneo irabazi ditudan zenbatuko dut, eta lasai egingo dut arrantza Mallorcan».

Baina, 28 urte bete berri dituela —iragan asteartean—, harrapatu ahalko du Federer? Estatistikari erreparatuta, hurrengo Roland Garrosen aurretik beste Grand Slam bat irabazi ezean zaila dirudi. Federerrek —1981ean jaioa da, Nadal baino bost urte zaharragoa— 27 urte eta hamar hilabeterekin irabazi zuen 14. Grand Slama, Nadal baino bi hilabete gazteago zela, beraz. Suitzarrak, baina, hamalaugarrena lortu bezain laster beste bi Grand Slam irabazi zituen: 2009ko Wimbledon eta 2010eko Australia. 29 urtera iritsi zenean hamasei Grand Slam irabazita zeuzkan.

Zergatik da hain garrantzitsua 29 urteen langa? Historiari erreparatuta, hortik aurrera asko zailtzen delako torneo handi bat irabaztea. 1968. urtean Open garaia hasi zenetik, torneo handien %10,3 bakarrik izan dituzte 29 urtetik gorako irabazleak. Kopuru hori, %3,3ra murrizten da 31 urteetatik gora. Gainera, txapeldun beterano horiek batez ere Open garaiko lehen urteetan pilatu ziren. 2000. urteaz geroztik bakarrik lau Grand Slamek izan dituzte 30 urtetik gorako txapeldunak: Andre Agassi (30 eta 32 urterekin), Sampras (31 urterekin) eta Federer (30ekin).

Nadalengana itzulita, adina eta Novak Djokovic dira aurkari nagusiak Federer harrapatzeko bidean. Izan ere, tenisa gazteen kirola da, eta historiako tenislari handienek hogeitaka urterekin pilatu zituzten euren lorpenak: Boris Beckerrek 28 urterekin irabazi zuen azkena, Mats Wilanderrek 24rekin, John McEnroek eta Bjorn Borgek 25rekin... Nadalek urtez urte ez du kale egiten Roland Garrosen, baina beste torneoetan garaipen batez bestekoak ez dira hain ikusgarriak. Azken hamar urteetan hogeita zortzitan parte hartu du, eta bost irabazi ditu —sei final galdu ditu—. Azterketa estatistiko gordina eginda, torneo bakoitza irabazteko %18 eta %20 arteko aukera du. Dena den, azken lau urteetan Roland Garros ez den torneo bakarra irabazi du, 10etik bat, iazko AEBetako Irekia hain zuzen.

Beraz, Federer harrapatu nahi badu, Nadalek Roland Garros 29, 30 eta 31 urterekin irabazi beharko luke, edota beste Grand Slam bat hurrengo bi urteetan. Izan ere, 31 urterekin oso zaila da torneo handi bat irabaztea. Bildumako hurrengoa Wimbledon izatea zaila dirudi, azken bi urteetan lehen eta bigarren fasean kanporatua izan baita, hurrenez hurren. Australiako Irekian, berriz, bi final galdu ditu azken hiru urteetan, eta AEBetako Irekian hiru final jokatu ditu azken lau urteetan. Galdutako lau final horietatik hiru Djokovicen aurka izan dira.

Lesioen eragina

Tenisak asko higatzen du gorputza, are gehiago Rafa Nadalen kasuan bezala joko estilo oso fisikoa denean. Nadalen gurutze bidea belaunak izan dira, lur harrotuan hainbeste sufritzen ez duen gorputz atala, eta azken urteetan gurutze bide horri bizkarrekoa gehitu zaio. Lesioak kroniko bihurtu zaizkio, eta ondo ikasi du gorputza zaintzen eta dosifikatzen. Azken hiru urteetan bi Grand Slam bertan behera utzi behar izan ditu arazo fisikoengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.