Suediako Munduko Eskubaloi Txapelketa berriz hasiko da gaur. Lehen faseko galbahearen ondoren, hamabi selekziok bigarren ligaxkari ekingo diote, bi multzotan banatuta. Multzo bakoitzeko partida guztiak ordu bereanjokatuko dira gaur; lehenengokoak 16:15ean, eta bigarrengoak 20:15ean. Bukaeran, lehen eta bigarren sailkatuek lortuko dute finalerdietara pasatzea. Finalerdiak ostiralean jokatuko dira, eta finala, bihar zortzi.
Ligaxka bakoitza lehen faseko bi multzotako lehen hiru sailkatuak elkartuz osatu da, eta selekzioek lehen fasean aurrera egin duten taldeen aurka lorturiko puntuak mantentzen dituzte. Lehen multzoan Espainiak Norvegiaren aurka jokatuko du gaur (Teledeporte); Alemaniak, Islandiaren kontra, eta Frantziak, Hungariaren aurka. Hasi aurretik, Islandia dago lehen postuan, lau punturekin. Lehen fasean ez zituen aurkari oso gogorrak izan, eta partida guztiak irabazi zituen. Bigarren postuan Espainia eta Frantzia azken txapelduna daude, hiruna punturekin. Bi talde horiek iragan asteazkenean elkarren aurka jokatu eta berdindu zuten. Hungaria da hirugarren, birekin, eta Alemania eta Norvegia esku hutsik pasa dira. Bi selekzio horiek zail dute aurrera egiten.
Bigarren multzoan, berriz, partida hauek jokatuko dira gaur: Kroazia-Argentina, Serbia-Suedia eta Danimarka-Polonia. Danimarka dago lehen postuan, lau punturekin, eta orain arte itxura oso sendoa emanda. Atzetik, hiru talde daude berdinduta, bi punturekin: Argentina, Polonia eta Suedia. Azkenik, Kroaziak eta Serbiak puntu bana dute. Kroazia da egungo txapeldunordea, eta oso zail du duela bi urteko bidea errepikatzen.
Orain hasiko da benetakoa
Gaur hasiko da bigarren ligaxka Munduko Eskubaloi Txapelketan, finalerdiak zehaztuko dituen fasea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu