FUTBOLA

Orain hiru sasoiko Realaren pare?

2002-2003an Reala bezalaxe, hamar jardunaldiren ostean Osasuna da Ligako talderik onena 2005-2006an; Realak sasoi hartan egin bezala, Osasuna ere Liga irabazteko lehian azken jardunaldia arte ikustea zaila izango da, ordea

IRUÑEA
2005eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Azken egunetan osasunazale askoren burutik igaro den galdera da izenburukoa: orain hiru denboraldiko Realaren pare lehiatzeko moduan izango ote da Osasuna sasoi honetan? Argi dago Realak sasoi hartan egindakoa errepikatzea oso zaila dela (Realeko jokalariei eurei galdetu bestela). Denboraldi honen azken jardunaldian Osasuna txapeldun izateko aukerekin imajinatzea ezinezkoa da oraindik. Raynald Denoueixen Realaren ibilbideak eta Aguirreren mutilen Liga hasierak badute antzekotasunik, nolanahi ere. Orduan Reala bezalaxe, Osasuna da egun sailkapeneko liderra.

Antzekotasunez gain, ezberdintasunak ere badira, ordea. «Hamargarren jardunaldiaren ostean lider postuan gara, eurek bere garaian egin bezalaxe. Halere, ia Liga osoa geratzen da oraindik. Nihat eta Kovacevicen artean 50 gol inguru lortu zituzten, eta Osasunak jokatzeko beste era bat duela esango nuke. Golak egiteko orduan, behintzat, askoz jokalari gehiagoren artean banatzen da erantzukizuna. Hemen ez daude taldea aurrera ateratzeko moduko bi jokalari, taldeko 24en artean ari gara gu», esan zuen atzo gorritxoen kapitainak, Cesar Krutxagak, Berriari egindako adierazpenetan. Arrazoirik ez zaio falta Ezkarozeko atzelariari. Hamar jardunaldiren ostean, Kovacevicek zazpi gol zeramatzan 2002-03an, Nihatek sei. Osasunak sasoi honetan sartutako gol guztien kopurua da ia, Realeko bi aurrelariek orain hiru denboraldi lortutakoa. Gorritxoek 14 gol egin dituzte 10 partidatan, eta bi golegilerik onenak David Lopez eta Webo dira, hiruna golekin. Hori bai, Romeok eta Milosevicek bina gol egin dituzte, eta Delportek, Mohak, Muñozek eta Raul Garciak ere badakite sasoi honetan Osasunarekin gola egitea zer den.

Realak orain hiru urte egindakoa azken egunetan berak ere gogoratu duela onartu zion atzo Patxi Puñalek Berriari: «Egia esateko, burutik pasatu zait, bai», onetsi zuen. Gainera, antzeko egoeran iritsi zen Reala lidertzara Uhartekoaren ustez. «Orain gurekin gertatu bezala, orduan ere inork ez zuen sinesten Reala azken une arte Liga irabazteko borroka zitekeenik», adierazi zuen. Nolanahi ere, Liga irabazteko hautagai gisa sinesgarritasuna lortzeko, gabezia bat zuzendu beharrean da Osasuna, Patxi Puñalen ustez: «Jarraian etxetik at Realaren aurka eta Getaferen aurka jokatu beharreko norgehiagokak irabazten baditugu 2002-03ko Realaren antz gehiago izango dugu. Sailkapenaren buruan jarraitzeko, etxetik at ere irabaztea nahitaezkoa da. Etxetik kanpo erregularragoak izan beharko dugu, etxeko partidak irabaztea soilik ez baita nahikoa», amaitu zuen gorritxoen euskarri beteranoenak.

Puñalek ezin du ahaztu Ruiz de Loperan, La Romaredan eta Nou Campen porrot mingarriak jasan dituztela. Eta horretan, orain hiru urteko Realaren antzik ez du Osasunak: lehen hamar jardunaldietan, Denoueixen taldeak Montjuicen, Sadarren eta El Madrigalen irabazi zuen, Mendizorrotzan eta Santiago Bernabeun berdintzeaz gain. Lehen itzuli osoan ez zuten partida bakar bat ere galdu txuri-urdinek.

Bi azterketa jarraian, etxetik at

Etxeko partidei dagokienez, Osasuna garaile da alderaketa eginez gero. Realak Betisen eta Deportivoren aurka berdinduzuen Anoetan 2002-03 denboraldi hasieran; Osasunak sei partidatan sei garaipen batu ditu Sadarren. Halaber, kanpoko partidetako azterketa gainditu gabe du oraindik Javier Aguirreren taldeak. Reala eta Getaferen aurka jokatu ostean ondorio baliagarririk atera ahal izango da, baina lehen lau irteeretan hiru porrot jaso ostean, baikorregia izaterik ez dago. «Beno, etxetik at norgehiagoka zailak izan ditugu. Egia da etxetik at irregularrak izan garela, eta hori hobetzen ahalegindu behar dugu, baina agian gehiegi hitz egiten ari gara horren inguruan. Getafe ere izan da liderra, eta lehen postua galdu zuenean, bazirudien denek logikotzat jotzen zutela. Talde txikiok ez dugu sinesgarritasunik, eta Realaren kasuan ere txapelketako azken hilabetean sartu arte, amaiera arte ordura arteko mailari ez ziotela eutsiko esaten zuten aditu askok. Osasunarekin ere gauza bera gertatzen da», arrazoitu zuen Cesar Krutxagak.

Larunbatean derbia irabaziz gero, sinesgarritasuna irabazten hasiko dira nafarrak. Bestela, adituek normaltzat joko dute Osasunak pixkanaka behera egitea, bere aurrekontuari dagozkion postuetara gerturatzen ikusiko baitute Iruñeko kluba. 2002-03an, hirugarren postua baino atzerago ez zen izan inoiz Reala, hogei jardunalditan egon zen lider, eta amaieran bigarren izan zen. Osasunak bi jardunaldi daramatza buruan (Real Madril liderrarekin berdinduta ere izan zen bigarren postuan astebetez). Helmugarako ibilbide luzea dute oraindik gorritxoek, eta txirrindularitzan sprinterrek mendateetan izandako txakalaldien pareko estuasunik izango dute lehenago edo geroago. Malda gogorrenak igaro ostean, plater handiari eragiteko hausporik izango ote duten jakitea ezinezkoa da, hargatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.