Kanpaina hasi aurretik, pasa den abenduaren 20an, 22.111 bazkide zituen Realak. Otsailean, berriz, 22.242 zituen; hau da, iaz baino 1.606 gutxiago ditu une honetan. Egia da, bai, denboraldiak kontuan hartuta, iaztik hona izandako jaitsiera azken hiru urteetako txikiena izan dela. Izan ere, 2004ko martxotik 2005eko martxora, 2.085 bazkide galdu zituen Realak; eta 2005eko martxotik 2006kora, berriz, 2.289. Bai, baina bazkideak gero eta gutxiago dira.
Espainiako Ligako Lehen Mailako abonamendurik merkeenak zituen Realak iazko urtarrila arte, Getaferen ondoren. Baina, prezioak igota (%50 palkoetakoak, %30 helduenak eta %15 gazte eta beteranoenak), batez besteko prezioa 364 eurokoa da orain. Realaren abonamenduak ez dira garestienak, baina merkeenak ere ez.
2005eko uztailean Realaren presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen Denonerreala hautagaitzak. 30, 9 milioi euroko zorra zuen Realak.Beraz, zor horri aurre egiteko, bideragarritasun plana jarri zuen martxan klubak. Realeko ekonomia presidenteorde Maria de la Peñaren esanetan, bideragarritasun planaren oinarrietako bat zen abonamenduak garestitzea.
Baina Reala larri dabil kirol arloan. Beraz, gero eta bazkide gutxiago ditu. 1995eko otsailean soilik zituen orain baino bazkide gutxiago. Pasa den denboraldiko berritze kanpainan 540 lagun egin ziren Realeko bazkide. Denboraldi honetan, berriz, horren erdiak ere ez: 223. Gainera, bazkide berri guztiak haurrak dira: 1996 eta 2007 artean jaiotakoak.
Gipuzkoaren biztanle kopurua kontuan hartuta, Realaren bazkide kopurua ez da hain txikia, baina bai azken 12 urteetako txikiena. Egin kontu: denboraldi honetan Anoetan izan diren sarrerak aspaldiko eskasenak izan dira. Ligako 13 partida jokatu ditu Realak bere zaleen aurrean, eta horietako zazpietan 20.000 lagun baino gutxiago bildu ziren Anoetan. Sasoi honetako sarrerarik onena pasa den larunbatekoa da. Deportivoren kontra 24.000 lagun pasatxo joan ziren, bazkideei dohainik emandako bi sarrera zirela medio.
Reala ez dago sano-sano. Hori, taldearen beraren egoeran nabaritzen da, eta, ondorioz, bazkide kopuruan ere.