Orain, zaleen aurrean
Jokoa hobetu eta sasoiko bigarren garaipena eskuratu nahi du Athleticek Atletico Madrilen kontra
Jokoa hobetu eta sasoiko bigarren garaipena eskuratu nahi du Athleticek Atletico Madrilen kontra
HARITZ GALLASTEGI
Bilbo
Denboraldiko lehen garaipenaz gozatzeko denbora gutxi izan dute talde zuri-gorriko jokalariek. Horretan ere ez dute zorterik izan. Behingoz aste lasaia izateko aukera izango, eta hiru egunen buruan beste neurketa bat jokatu beharko dute. Orain etxean jokatuko dute, zaleen aurrean. Amorebietaren parte-hartzea kolokan dago. Pasa den igandean kanporatu egin zuten, eta Athleticek Lehiaketa Batzordean jarritako helegitea atzera bota dutenez, Helegite Batzordearen erabakiaren zain daude taldean.
Eta gaur jarraitzaileak gustura lagatzeko itxaropena dute zuri-gorriek. Baina jakin badakite asko eta ongi egin beharko dutela lan neurketaren biharamunean zaleek buruko minik ez izateko. Bi izango dira Athleticek izango dituen oztopo nagusiak. Bata, aurkaria izango da. Atletico Madril arituko baita San Mamesen. Talde madrildarrak goi mailako jokalariak fitxatu ditu denboraldion ere. Beharbada azken sasoietan izan duen hamaikako indartsuena izango du Javier Agirrek bere aginduetara. Lerro guztietan ditu goi mailako jokalariak. Halere, erasoko futbolariak dira gehien nabarmentzen direnak: Simao, Maxi, Raul Garcia eta Reyes zelai erdian eta Kun Aguero eta Forlan aurrean. Edozein entrenatzailek fitxatuko lituzkeen jokalariak dira. Edozein mementotan edozein norgehiagoka erabakitzeko gai dira.
Halere, une honetan ez da talde osoa. Gabeziak ere baditu. Horregatik, sasoi hasieran uste baino puntu gutxiago batu ditu. Entrenatzaile mexikarraren kargua ere kolokan egon zen igandean Racing mendean hartu aurretik.
Athleticek aurkaria krisian murgildu gura du. Joaquin Caparrosek itsu-itsuan sinesten du taldeko lanean. Horretarako jokalari aproposak dituela iritzi dio. Kalitatea sobera izan ez arren, lana zintzo egiten duten gizasemeak entrenatzeko aukera eman diotela uste du. Orain arte ez du bere helburua lortu. Athletic iaz baino talde hobea da, baina ezin daiteke esan talde sendoa denik. Hutsune asko ditu. Levanteren aurka, azken denboraldi bietako talde eskasaren aztarnak utzi zituen talde zuri-gorriak. Aritz Adurizen golek eta Levanteko aurrelarien akatsek saihestu zuten talde baten eta bestearen jokoak erakutsi zuena.
Gabezia asko dituen taldea baita Athletic. Atzean, egun Espainiako Ligan dagoen defentsarik txarrenak jokatzen du: Asier Del Hornok. Gallartakoa ez da sekula goi mailako defentsa izan. Atzean jokatu arren, askoz gehiago nabarmendu izan da erasoko jokoan beste edozein lanetan baino. Gainera, gaur egun beste arazo bat dauka. Fisikoki ez dago Lehen Mailako talde bateko ezker hegaleko batek egon beharko lukeen mailan. Asko dauka hobetzeko. Halere, Caparrosek hasieratik zelairatuko du. Zergatik? Jokatuta bakarrik hartuko baitu sasoia. Bestalde, oso jokalari gutxik duten ezker oina eta errematerako gaitasuna ditu. Baina fisikoki txarto dagoen jokalari batek nekez baliatu ditzake berez dituen dohain guztiak.
DAVID LOPEZEN ARDURAK. Zelai erdian ere badu eragina Del Hornoren sasoi txarrak. David Lopez, Athleticeko erasoko jokoan erreferentzia izan behar lukeen jokalaria, aurrera begira baino gehiago atzera begira ari da jokatzen. Del Hornori laguntzea da haren ardura nagusia. Espainiarra sasoi onean ez dagoela kontuan hartuta, beharbada, gehiegi eskatzen ari zaie.
Bestelako arazoak ere badaude zelai erdian. Aspalditik dira jakinekoak, baina ez da samurra gabeziei konponbidea aurkitzea. Orbaizek jokatzeko aukerarik ez duenean, inor ez da gai zelai erdiko jokoa antolatzeko. Sarri askotan bi pase jarraian emateko zailtasunak dituzte. Levanteren aurka Murillo eta Javi Martinez izan ziren ezinean aritu zirenak. Gaur Muñozi edo Tikori tokatuko zaie erdilari nafar gazteari laguntzea -Murillo deialditik kanpo utzi du-. Ez dirudi egoera asko aldatuko denik.
Hori gutxi ez, eta Markel Susaetak min dauka eskuin hankako izterrean eta ez dirudi sasoi betean dagoenik Atletico Madrili aurre egiteko. Deialdian dago eta azken uneko arazorik ezean hasieratik arituko da, baina ez dago bete-betean. Athleticen erasoko jokoari alaitasun apur bat ematen dion jokalari bakarra dela kontuan hartuta...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu