Oraina eta geroa elkartuta

Schumacher badoa, eta Raikkonenek beteko du haren tokia. Lehen lerroan aterako dira biak gaur

Laurentzi Garmendia
2006ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Ia denbora bera egin zuten gaur Italiako Sari Nagusian lehen lerrotik irtengo diren bi gidariek: Kimi Raikkonen eta Michael Schumacherrek. Finlandiarrak, McLaren-Mercedes autoa gidatuz, urteko hirugarren pole-a bereganatu zuen, azken uneko itzuli bati esker. Schumacher bi milarenekora sailkatu zen, eta Ferrariren nagusitasuna azpimarratu. Alonsok bosgarren egin zuen, gurpil zulaketa eta guzti.

Baina gaurko albistea, lasterketak uzten duen emaitza bera baino gehiago, Schumacherren agurra izango da. Ferrarik gaur 18:00etarako deitu ditu komunikabideak hurrengo urtean izango duten gidari bikotearen berri emateko. Eta bi gidariok Felipe Massa eta Raikkonen izango dira. Zalantzarik gabe, 1 Formulan marka guztiak hautsi dituen gidariaren agurra berezia izango da, eta sasoia amaitu bitartean lan dezente badu ere, merezitako omenaldiak jasoko ditu gero.

Nahiz eta ofizialki inork ez duen gaurko adierazpen horren edukiaren berri, aztarna asko daude bide okerretik joateko. Hasteko, Ferrarik inoiz ez du irailean hurrengo urterako planen berri eman, eta gutxiago Monzan, hango zoramenean. Zerbait garrantzitsua esan behar du. Horrez gain, Renaulteko eserlekua Heikki Kovalainenek beteko duenez, horrek Raikkonenentzat aukera bakarra uzten du, eta aukera hori Ferrari da.

Raikkonenek aurre-kontratu bat sinatu zuen Ferrarirekin iaz, eta taldeak ez badio tokia egiten hurrengo urtean, ia 3,5 milioi euro eman beharko dizkio kalte-ordainetan. Egia da Massak urtebeterako kontratua bakarrik zuela, eta abenduan amaitzen zaiola, baina azkenaldian oso ondo ari da eta Ferrarik jarraikortasuna emango dio.

Hortaz, hurrengo urtean Ferrari autoak gidatuz Massa eta Raikkonen izango dira. Schumacherrek zer egingo duen jakitea zaila da oraindik, batez ere bere etorkizuna argitzea horrenbeste kosta denean. Baina, erabakia hartua badu ere, Schumacherrek ez du erretiroan pensatzeko astirik, lau lasterketa baititu bere zortzigarren titulua eskuratu nahi badu. Monzan Ferrariren nagusitasunak ez du parekorik, eta atzo Raikkonenek pole-a eskuratu bazuen ere, oso arin doala pentsa daiteke.

Lasterketan BMW Sauber taldeko gidariek asko eragin dezakete, motorrak bultzada duelako eta gidari garrantzitsuen artean sar daitezkeelako. Heidfeld hirugarren dago eta Kubica zazpigarren. Litekeena da biotariko batek podiuma zapaltzea, eta Alonsok arriskua du podiumetik kanpo gelditzeko. Komisarioek polea lortzeko azken hiru saioetan egindako hiru denbora onenak kendu zizkioten Alonsori, Felipe Massa oztopatzeagatik, eta 10. postutik abiatuko da gaur. Arazorik ezean, Schumacherrek Massaren aurretik bukatu behar luke, eta hirugarren posturako lehia ederra izango da.

Atzo kezka eragin zuten Bridgestone eta Michelin pneumatikoek izan zituzten arazoek, goma erabat galdu baitzuten Sakon Yamamoto eta Alonsok. Horri gehitzen bazaio zirkuituak duen arriskua, gidariak larrituta daude. Zirkuituak gabezia asko ditu eta Monzako zuzendariak aurrez adostutako bilera batera huts egin izanak haserrea eragin du. Coulthardek etzi agiri bat aterako dutela aurreratu zuen, segurtasunik eza salatzeko. Raikkonenek ere garaipena pneumatikoek erabakiko dutela esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.