Orain arte egindakoa ez da nahikoa izan. Ametsa ez da bete oraindik. Euskal selekzioa ez da ofiziala. Oraindik. Baina aldarrikapenak hor segitzen du. Eta euskal selekzioak ere bai. Ofizialtasunaren aldeko borroka horretan, oraindik ez dadin sekula ez izan, beste partida garrantzitsu bat dauka gaur San Mamesen (20:45, ETB1). Tunisiako selekzioa izango du aurrez aurre. Lagunarteko partida izanagatik, bi taldeentzat garrantzi handia izango du.
Mikel Etxarri eta Jose Mari Amorrortu hautatzaileek joan den ostegunean eman zuten gaurko partidarako deialdiaren berri. Guztira 23 jokalari deitu zituzten; gehienak Realekoak eta Athleticekoak. Orain artean selekzioarekin sekula aritu ez diren bost jokalari sartu zituzten zerrendan: Jon Aurtenetxe, Mikel Rico, Iñigo Martinez, Carlos Martinez eta Beñat Etxebarria.
Lezamako kirol instalazioetanbildu ziren guztiak atzo, Xabi Alonso izan ezik. Gaur egun, Real Madrilen ari den tolosarra, halere, euskal selekzioaren elastikoarekin ariko dela espero da. Ez du ordu erdi baino gehiago jokatuko ziurrenik, iaz bezala. Alonso ez, baina Amorrortu gogotsu aritu zen aginduak ematen. Gaurko lehia estreinakoa izanik, berezia izango da berarentzat: «Ez da entrenatzaile sentitzeko eguna, sentimendu eta ideia baten parte izateko baizik. Nire ibilbidean markatuta geratuko da egun hau».
Lan saio arina izan zen. Etxarrik eta Amorrortuk hasierako hamaikakoa izan daitekeenaren zantzuak eman zituzten. Horiek hala, Riesgo egongo da atepean; Iraolak, Mikel Gonzalezek, Amorebietak eta Sirieuxek osatuko dute atzeko lerroa; baloia banatzeko zeregina Aranburu, Iturraspe eta Zurutuzarena izango da; golaren usainean, berriz, Xabi Prieto, Aduriz eta Gabilondo ariko dira. Bi hautatzaileek, beraz, 4-3-3 sistemaren aldeko apustua egingo dute. Hori bai, betiko moduan, jokalari guztiek izango dute jokatzeko aukera.
Euskal hautatzaileek ez bezala, Sami Trabelsi Tunisiako hautatzaileak eman zuen hamaikakoaren berri. Hala, ondorengo jokalari hauek ariko dira hasieratik: Mathlouthi, Boussaidi, Hitxeri, Iffa, Gharbi, Korbi, Traoui, Iheb Maskni, Txehoudi, Dhaouadi eta Jomaa. Izen ezezagunak izan arren, kalitate handiko taldea dauka Trabelsik, eta jokalari onenak ekarri ditu. Izan ere, Afrikako Kopari ekingo diote datorren hilaren 21ean, eta gaurko lehia, prestakuntzarako baliatuko dute. Trabelsiren esanetan, «gogotsu» etorri dira: «Zorte handia daukagu hain talde indartsuaren aurka jokatzeagatik. Erritmo handiko partida espero dut, eta gure aldetik daukagun onena emango dugu».
Munduan aparteko sonarik ez duen selekzioa da Tunisiakoa; FIFAren sailkapenean, 60. postuan dago. Lau aldiz aritu da Munduko Kopan; azkenengoz, 2006an sailkatu zen. Sekula ez du lehen fasea gainditzea lortu, baina Afrikako lehen selekzioa izan zen Munduko Kopa batean partida bat irabazten. Munduko txapelketetan maila apala eman arren, Afrikako txapelketetan maila ona eman ohi izan du. 2004an, esaterako, Afrikako Kopa irabazi zuen, Tunisiak berak antolatu zuen txapelketan.
Urteko bigarren lagunarteko partida izango du euskal selekzioak gaurkoa. Estoniaren aurka aritu zen azkenengoz, iragan maiatzaren 25ean. Jokatutako azken sei partidetan, gainera, ez du bakar bat ere galdu. 1990az geroztik 21 lagunarteko jokatu ditu jada, eta emaitza onak lortu: hamalau irabazi ditu, bost berdindu, eta bi soilik galdu. Goleatzaileei dagokienez, berriz, Adurizek nahikoa du gol bat egitea Julen Gerreroren marka gainditzeko. Hala ez balitz, Tunisian bertan izango luke horretarako aukera ziurrenik, Euskal Futbol Federazioa hori lortzeko lanean ari baita.
Partida berezia izango da denentzat, eta bereziki jokalarientzat. Xabi Prieto ohikoa da selekzioaren deialdietan, eta gustura janzten du elastiko berdea. «Disfrutatzeko partida izaten da, nahiz eta lagunartekoa izan. Urtean behin jokatzeko aukera baino ez daukagu». Beñat Etxebarriarentzat ere, partidaerakargarria izango da, lehen aldiz aritzeaz gain, Betis bere taldean gauzak ondo egin izanaren saria dela uste baitu: «Ilusio handiarekin nago. Gauzak ongi egiten ari naizela esan nahi du horrek. Garrantzitsuena momentua bizitzea eta baliatzea da».
'Oraindik' ez dadin 'sekula ez' izan
Euskal selekzioak urteko bigarren lagunarteko partida jokatuko du gaur San Mamesen, Tunisiaren aurkaJose Mari Amorrorturen lehen partida izango da selekzioaren hautatzaile gisa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu