Jon Jaunarena. Aspeko pilotaria

«Oraintxe bertan sinatuko nuke Oinatz eta Abelen mailara iristea»

Hiru urterako kontratua du Asperekin, eta bihar egingo du debuta, Tolosan, Barriola herrikidearekin, Aritz Lasa-Pascualen aurka

jon eskudero
Leitza
2010eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Leitzako plazan argazki batzuk atera ondoren, bertako taberna batean hartu du Jon Jaunarenak BERRIA (Leitza, Nafarroa, 1992BERRIA (. Hotz izugarria egiten du, eta babeserako giro hobea dago. Ebakia eskatu du barruak berotzeko, eta zerbitzariak, txanponak itzultzearekin batera, hiruzpalau galdera ere egin dizkio biharko profesional mailako debutaren inguruan. Tabernan dauden gainontzekoek ere begirunez agurtu dute.

Herriko pertsonaiarik ezagunena dirudizu egunotan.

Bai zera, lehendik ere badaude nahikoa ezagun Leitzan: Oinatz Bengoetxea, Abel Barriola, perurenatarrak, Saralegi... Baina egia da jendeak inoiz baino gehiago hitz egiten didala. Dendetara-eta sartzen naizenean horixe da hizketagai nagusia. Animoak ematen dizkidate, eta eskertzen ditut.

Herrian ilusioa piztu duzun seinale. Ilusiorik handiena nik daukat, baina jendea ere gogotsu dago nire debut eguna iristeko, lagunak bereziki. Afizionatu mailan aritu naizenean jarraitzaileak izan ditut, eta badakit Tolosara ere herriko jende asko joango dela. Hori oso pozgarria da.

Aita aizkolaria izanik, nolatan pilotarako afizioa?

Txikitan aritzen nintzen aizkoran, baina berehala konturatu nintzen nirea pilota zela. Familia beti izan da pilotazalea, eta afizioa hortik datorkit. 6 urterekin Leitzako pilota eskolan hasi, eta orain arte iritsi naiz.

Urduri al zaude?

Egunak pasatu ahala gero eta egonezin handiagoa daukat, bai, baina saiatzen naiz pentsamendu horretatik aldentzen. Hala ere, ez da erraza, batik bat kazetariak deika hasiak zaretelako.

Eta moldatzen al zara galderak erantzuten?

Saiatzen naiz, baina pilotan jokatzea baino zailagoa egiten zait. Hala ere, elkarrizketa euskaraz baldin bada, gaitzerdi. Gaztelaniaz komeria gehiago dauzkat.

Herriko hirugarren pilotari profesionala izango zara. Berdindu duzue Goizuetaren marka.

Ez, ez, gainetik gaude. Izan ere, Asier Olaizola hemen bizi denetik, erdi leitzarra dela esaten dute. Baina bai, niretzat ohore handia da herriko hirugarrena izatea. Oraintxe sinatuko nuke Oinatzen eta Abelen mailara iristea.

Debutean, gainera, Barriola bera izango duzu atzelari.

Izan nezakeen atzelari onena jarri didate, bai, eta, gainera, herritarra. Horrek asko lagunduko didala pentsatzen dut, konfiantza daukadalako berarekin. Orain lasai egoteko aholkatzen dit, ahal badut, urduritasuna alde batera uzteko.

Aurkariak, hori bai, goi mailakoak jarri dizkizute: Aritz Lasa eta Pascual.

Bai, estelarrak jokatzen ari diren bi pilotari dira. Pascualek kolpe handia dauka, eta Binakako Txapelketaren atarian fresko dago. Aritz Lasak, berriz, ezker gantxo izugarria dauka, eta ez da erraza izango horiei irabaztea.

Debutekoa partida bikaina jarri dizute, baina gero hor mantentzea izaten da zailena.

Hori ia pilotari gehienekin gertatzen da. Debuta maila handikoa jartzen dute, baina gero horri eustea oso da zaila. Hankak lurrean ditut, eta badakit maila ona lortzeko lana egin beharko dudala.

Eta zer moduz ari zara lanean?

Fisikoki Tolosako Usabalen entrenatzen naiz Justo Lillorekin, eta pilotan Iruñeko Labriten. Astean hiru egun eskaintzen dizkiot arlo fisikoari, baina niregatik balitz, egunero frontoian egongo nintzateke. Oso gogorra da gimnasioko lana.

Eta pilotalekuan, zer itxura hartzen diozu zeure buruari?

Txarra ez. Lan saioetan ongi moldatu naiz, baina defentsa eta aireko jokoa hobetu beharra dauzkat. Pilotari abiadura ematea da nire dohain nagusia, baina profesionaletan eragin gutxiago du.

Zerk harritu zaitu gehien?

Pilotari ematen dieten abiadurak. Defentsa lanean ez dago lo hartzerik, pilotak botea egin orduko tira behar baitzaio kolpea. Eta hori entrenatuz hobetzen da.

Beotibar izango da zure debuteko pilotalekua. Zer iruditzen?

Ba egia esan ez daukat esperientzia oso ona bertan. Orain gutxi DV torneoko finalerdia jokatu, eta gaizki arituta, galdu egin nuen. Debutean bestela jokatzea espero dut.

Pentsatuta al daukazu zer egin lehenengo soldatarekin?

Ez, oraindik ez. Gehienek autoa erosten dute, baina nik gida baimena atera berritan egin nuen hori. Aurreztu egin beharko dut, ez da eta aukerarik txarrena.

Badakizu Jose Javier Zabaletak ere laster debutatuko duela. Zer itxura hartzen diozu?

Zabaleta pilotan ikustea izugarria da. Are gehiago, eskuko takoak nola jartzen dituen ikusita. Ia ez du hatzik tapatzen, eta hala ere errebotera aise iristen da. Etorkizunean atzelari handienetako bat izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.