Ordaina hartzen badu...

Bere helburura gerturatu eta egungo lasaitasuna finkatzeko aukera aparta du Realak bihar, Mallorcaren aurka, etxeanPrieto hasieratik ariko da; agian, Demidov ere bai, eta txandakatzeak has daitezke

Raul Tamudo, lurrean, atsekabetuta, iragan jardunaldiko Osasunaren aurkako partidan eginiko huts bategatik. Bihar berriz ere hasieratik ariko da Realeko aurrelaria. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Lehen itzulian, Liga ia hasi berritan, Realak hiru partida jokatu zituen oso tarte laburrean etxetik kanpo, aurkari zuzenen kontra: Osasuna, Mallorca eta Levante. Lehen hiru jardunaldietan —Vila-real, Almeria eta Real Madril— txukun aritu arren, aipatutako hiru lehia zuzenak galdu egin zituen; itxura eskasa emanda, gainera. Zale gehienak sufritzeko prest zeuden Liga hasi aurretik, eta emaitza txar horiek uste hori indartu zuten. Bazirudien mailari eusteko borrokan bete-betean sartuta ibiliko zela Reala. Hartaz geroztik, ia itzuli oso bat igaro da, eta halakorik ez da gertatu oraingoz. Ezin daiteke baztertu oraindik bere burua estu ikustea, baina lasaitasuna da nagusi.

Datozen jardunaldiak erabakigarriak izango dira taldearen etorkizuna argitzeko. Denboraldi hasierako helburua ziurtatu, eta bestelakoekin amesten hasteko aukera bere esku dauka emaitza bolada ona harrapatzen baldin badu. Azken jardunaldian, Iruñeko porrotaren ordaina hartu zuen Anoetan. Bihar, beste horrenbeste egin dezake Mallorcaren aurka. Lehiakortasun arrastorik ez zuen erakutsi han lehen itzulian. Erraztasun gehiegi eman zituen, eta, suspertu zenerako, Mallorcak bi gol sartuak zizkion. Gaur errebantxa lortzeak bultzada emango lioke etorkizunari begira. 34 puntu horiek ia erabateko lasaitasuna ekarriko lukete. Eta lasaitasuna, behar bezala maneiatuz gero, oparotasunaren abiapuntua da.

Egutegiari begiratu besterik ez dago. Datozen bederatzi jardunaldietan, teorian, Espanyol eta Atletico dira aurkaririk gogorrenak. Azken txanpan, berriz, aldapa nabarmen gogortzen da. Tarte horretara etxeko lanak eginda iristea lorpen itzela izango litzateke. Une honetan Europa Ligako azken postuarekin berdinduta dago taldea, baina zuhurtzia eskatu zuen atzo Martin Lasartek: «Beti diot gauza bera. Helburu bat dugu betetzeko, eta matematikoki bete arte ez gara hasiko hurrengo helburuari begiratzen. Lasaitasuna eduki behar dugu, egoera onetan eta gaiztoetan ere. Ezin dugu aldartez aldatu aste batetik bestera. Guk ez diogu uko egingo ezeri, baina gauza bakoitzak bere garaia du».

«Ziklo garrantzitsutzat» jo zuen uruguaitarrak oraingoa. «Lehen erronka gainditu genuen, Osasunarekin, eta bolada on bat izatea da garrantzitsuena. Aurrera pauso handia emango genuke garaipen horri jarraipena emango bagenio». Jokalari guztiak erabil ditzake, Llorente eta Ifran izan ezik: «Hori da entrenatzaileok izan dezakegun arazorik onena. Gero kanpoan nor utzi erabakitzea ez da erraza, baina gure lanaren zati bat da». Era berean Ifranen bilakaerarekin baikor agertu zen: «Pare bat astetan baldintza onetan izango dela uste dut. Oinazerik gabe entrenatzen du; hori da garrantzitsuena, eta lan-zama handituko diogu».

Prieto hasieratik ariko da bihar, eta ezin da baztertu Lasartek bestelako aldaketarik egitea. Demidov ondo aritu zen Osasunaren aurka, eta ikusi beharko da beste behin hasieratik aritzen den. «Nekea nozitzen hasiko da jendea laster. Atseden eman beharko diogu baten bati, eta inportantea da lekukoa hartu behar dutenek ondo jokatzeko prest egotea, Demidovek partida guztian zehar erakutsi zuen bezala». Aranburu da atseden izan duen aurrenetakoa. «Iaz ikusi genuen onerako nabaritzen zuela, eta partida bat jokatu gabe egoten zenean hurrengoan oso maila ona ematen zuela». Kapitainaren apaltasuna loratu zuen: «Urteek hori ematen dute, gehiago begiratzen diozu taldeari, eta gutxiago zeure buruari».

Mallorcaren arriskuaz ohartarazi zuen: «Lauzpabost jokalari dauzka oso azkarrak: Nsue, Pereira, Castro, Webo, De Guzman… Arinak dira, oso dinamikoak. Hor abantaila ateratzen badute, zailtasunak sor ditzakete. Zenbait gauzatan gure antza dute: erregulartasun apur bat falta zaie, eta hobeto ari dira etxean kanpoan baino».

Arazo ekonomiko latzak izan arren, txukun ari da Mallorca, Realean ibilitako bi jokalari ohirekin, besteak beste: Marti eta Nsue. Aurrenekoak maisu izaten jarraitzen du, 36 urterekin. Nsue ere oinarrizkoa da Laudrupentzat. «Hemen gelditzea nahi genuen, baina ekonomikoki ez zen bideragarria», jakinarazi zuen Lasartek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.