Ordezko etengailu bila

Ruben Pardoren aukera baztertu gabe, Griezmannek hartuko du ziurrenik Zurutuzaren tokia Atletico Madrilen aurkaBata sortzaileagoa, bestea errematatzaileagoa; taldea ez haustea da Montanierren ardura

Antoine Griezmann, baloia jaso nahian, Anoetan Celtaren aurka jokatutako partidan. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Anoetako ibilera ziurrari eustea bezain garrantzitsua izango da Realarentzat David Zurutuzaren falta egoki betetzea Atletico Madril indartsuari gain hartu ahal izateko. Zurutuzaren ekarpena funtsezkoa baita talde txuri-urdinak behar bezala funtziona dezan zelaiaren gunerik zabalenean. Zoritxarrez, ez du aurrenekoz burua hautsi beharko Philippe Montanierrek erdialdea itxuratzeko, lehenago ere Zurutuza gabe moldatu behar izan duelako hainbatetan. Joan den denboraldiarekin alderatuz, ordea, ez dauka Mikel Aranbururen kokapena aurreratzeko aukerarik, eta, beraz, beste bide batzuk jorratu beharrean izango da.

Sasoi honetan etxean jokatutako partidan, Antoine Griezmannek ordezkatu zuen Zurutuza. Celtaren aurka jarri zuen Montanierrek frantziarra euskarrien aurretik, txapelketako bigarren jardunaldian, eta haren oinetatik atera zen Imanol Agirretxeren goleko pasea. Zurutuzaren aldean, kontrako atea begiz joa du beti Griezmannek, eta ohituago dago area inguruetan mugimendu arriskutsu eta biziagoak egitera. Finean, hobeto amaitzen ditu jokaldiak. Era horretara, gainera, Xabi Prieto, Carlos Vela eta Agirretxe hirukoak hasieratik joka lezake aurrean —aurrelari usurbildarra osatuta dago jada, eta jokatzeko moduan da—. Hori bai, oso langilea izan arren, Celtaren aurka Griezmannek ez zion oreka eman erdiko marrazkiari. Asier Illarramendi eta Markel Bergararekiko tartea erraldoia izan zen zenbait unetan, eta Celtak nagusitzeko modua izan zuen; batez ere, bigarren zatiaren lehen ordu laurdenean. Ezkerraren kokapena erdiratzeak, gauza guztien modura, alde on eta txarrak dauzka. Kasu horretan, erremate gehiago, eta oreka gutxiago.

Aukera horren atzean, beste bat ere badauka Montanierrek: Ruben Pardoren alde egitea. Joko sortzaileagoa da, baloia erraz mugitu eta erabiltzen du, eta, horren arabera, partida kontrolatzeko ahalmen handiagoa izango dute txuri-urdinek. Montanier taldean dagoenetik, Pardo zelaian zegoelarik egin zuen Realak lanik beteena: Sevillaren kontra, aurreko sasoian.

Pardo, jokatzeko irrikan

«Zurutuza ez dagoenez, baliteke hamaikakoan sartzeko aukera gehixeago izatea, baina, gehienbat, taldera itzultzeko gogoz nago. Betisen aurka deialditik kanpo geratu nintzen entrenatzaileak ez ninduelako sasoiko ikusi. Arazo fisikoak atzean utzi ditut, behingoz, eta futbolari sentitu nahi dut berriz», adierazi zuen atzo Pardok Zubietan.

Mallorcan hasieratik zelairatu zuen Montanierrek Pardo. Hasiera itxaropentsu baten ostean desegin egin zen, besteak beste, baloirik gabeko lanean zer hobetua baduelako, galdu egiten baita oraindik halakoetan. Griezmannekin gertatu moduan, Reala zatitu egin zen erdialdean, hautsi, eta Joaquin Caparrosenek, eskarmentu handiagoaren jabe izanik, zulo hori baliatu zuten aurrerapausoa emateko. Hain zuzen ere, Atletico Madrileko jokalariak ezaugarri berekoak izanik —espainiarrek dezentez maila tekniko hobea dute lerro guztietan—, Griezmannek edo Pardok jokatu, Illarramendi eta Markel elkartzea ekarriko du. Bi horien betebeharra funtsezkoa izango da Radamel Falcaok ahalik eta baloi gutxien izateko errematerako.

Diego Simeone eta Falcao dira Atletico Madrilen ikur nagusiak. Orain gutxiko lorpenetara iristeko, lehen urrats garrantzitsua Anoetan egin zuten bi horiek urtearen hasieran. Zalantza guztiak uxatzeko balio izan baitzien orduan egindakoak. Etxetik kanpo denboraldiko lehen garaipena lortzeaz gain (0-4), aurrelariak hiru gol sartu zituen. Harrezkero hazi baino ez da egin Atletico Madril, aspaldian ez bezala, gainera.

Realak Anoetan topatu duen gotorlekua hartzea izango da espainiarren hurrengo erronka. «Guk ez badugu gurea txukun egiten, ez badugu bizitasun handiz jokatzen, nekez irabazi ahal izango dugu. Jokalari desorekagarriak izateaz gain, ganoraz mugitzen dira, tokia galdu gabe, baloirik gabeko lanean eroso», esan zuen atzo Prietok. Kapitainak Falcao nabarmendu zuen —«punta-puntako golegilea da»—, baina baita taldea ere. «Bolada zoragarrian dago. Oso indartsu. Orain arteko lehiarik zailena izango den arren, uste osoa daukat gure ahalmenean. Irabazteko aukerak izango ditugu ziur, Anoetan konfiantza handiz ari baikara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.