Titin III.a-Lasa III.a 13
Koka-Otxandorena 22
Iraupena: 60 minutu.
Pilotakadak: 526
Saketik: Titinek, bat ere ez; Kokak, 1.
Markagailua: 0-2, 1-2, 1-7, 2-7, 2-8, 3-8, 3-9, 8-9, 8-17, 10-17, 10-18, 11-18, 11-20, 13-20 eta 13-22
Besteak: Sarrera erdia Tolosako Beotibarren. Apustuetako dirua gorrien alde irten zen, 100-50i -100-30i azpitik-
Kokak partida bikaina jokatu du, eta ligaxkako lehen puntua lortu du Otxandorenarekin batera
IMANOL MAGRO
Tolosa
Beotibarren egon zen atzo barrezka irten zenik, urtarrileko gastuei lasai aurre egiteko adina sos irabazita. Pilotazaleek ez zuten Koka eta Otxandorenaren aukeretan sinesten, eta dirua nabarmen irten zen euren aurka: 100-30i. Txapelketako bigarren partida izan arren, inor gutxik espero zuen Kokak Titinen aurka deus egiteko gai izango zenik. Altzakoa, baina, ez zen iritzi bereko, ezta haren alde jo zuten azpiko apustuzaleek ere.
Kokak eta Otxandorenak aurrez prestaturiko jokoa egin zuten, eta amestu bezala irten zitzaien. Titini eta Lasari irabazteko jokoa atzean kargatu beharra dago, eta aurrean ondo asmatu. Hala pentsatu, eta hala egin zuten, ezin hobeto. Urdinek oso ondo konpontzen dira elkarrekin, hala erakutsi zuten aurreko astean, eta atzo ere lan bikaina egin zuten batera. Joko luzea Otxandok zuzendu zuen. Berak erabaki zuen nork eta nola jo behar zuen. Egurrean Kokak asko lagundu zion. Lasak ez zuen aurreko astean bezain sendo jokatu, eta ez zuen Koka saihestu. Aukerako pilotekin Altzakoak artista dela erakutsi zuen berriz. Hamaika tanto egin zituen guztira: dejadak txokoan, hormabikoak eta, bereziki, bi aurkarien artera botarikoak. Bukaeran berak onartu zuenez, «atzeko atetik» sartu ondoren lan txukuna egin zezakeela erakutsi zuen. Hala jokatuta, atzeko atea txiki gelditzen zaio Kokari.
Aurrean Titinek eta Lasak ez zuten euren eguna izan. Triciokoak zortzi pilota huts egin zituen, eta ez zuen erabaki onik hartu. Airez sartzeko irrikan laugarren koadrotik bilatu zuen errematea, eta hain urrundik ez da harritzekoa kale egitea. Erasoan kamuts, Titin ernegatu egin zen defentsan, ezin izan baitzuen aurkarien jokoa gelditu. Lasak ondo hasi zuen partida; luzatu hala, baina, beherantz egin zuen. Asegarcekoak itsuan joan ziren haren bila, eta aurkarien pilotarekin kantxa erdian jotako boleak Kokarentzako aukerako pilota bihurtu ziren. Etxarrikoa binakakorako egokia ez zela esan zutenek beste argudio bat dute orain.
Kokak eta Otxandok serio jokatu zuten hasieratik, eta tarte polita lortu zuten (3-9). Titinek sakea abileziaz berreskuratu zuen, eta beste lau tanto egin zituen jarraian (8-9). Hasierako ezustearen ondoren, bazirudien gorriek partida euren arrastoan sartuko zutela. Ez zen hala izan baina. Otxandok bien artean jo zuen, eta Titinek eta Lasak, ondo elkar ulertu ez zutenez, euren pilota ateratzeko aukera eman zieten kontrarioei. Pilota astunarekin Lasa behartu zuten, partida hausteraino (8-17). Partidak ihes egiten ziela ikusita, Titinek huts dezente egin zituen tarte horretan.
XALAK EZ DU JOKATUKO. Tolosan Txema Urrutia zegoen, Aspeko medikua, eta, berak onartu zuenez, Xalak ezinezkoa izango du asteburu honetan jokatzea, eta oso zail ikusten du hamabost egun barrurako sendatzea. Lekuinekoari atzo egin zioten erresonantzia magnetikoa, eta oraindik ez zaio ezta edema ere sendatu. Haren ordez, Ismael Chafeek jokatuko du.
Ordezko hutsa baino gehiago
Kokak partida bikaina jokatu du, eta ligaxkako lehen puntua lortu du Otxandorenarekin batera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu