Astearte goizaldean itzuli ziren Lizarrako taldeko kideak Euskal Herrira. Errusiatik atera, eta handik 25 ordura. Bidaia luzea. Eta bidaia osoan, pentsamendu bakarra jokalarien artean: hutsak zuzendu. Partida borobila egin etxean. Aurkaria mendean hartu. Ideia horri eutsi diote Itxakokoek aste osoan. «Partida baino ez dute buruan; partida, eta garaipena», azpimarratu du Itxakoko entrenatzaile Ambros Martinek.
Astearte osoa eta asteazkeneko goiza atseden hartzeko profitatu zuten jokalariek. Asteazken arratsaldean itzuli ziren lanera. Joaneko partidaren bideoa ikusi zuten, aurrena. Hutsak zuzentzen hasteko. Egunotako lanarekin kontent da Martin. «Egin beharrekoa egin dugu; orain pistara ateratzea baino ez zaigu falta».
Entrenatzaileak argi du zein izanen den plana. Batetik, defentsa sendotzea. Hori da nafarren arma nagusia, eta etekina atera nahi dio Martinek. Ahalik eta etekinik handiena. Errusiarren erasoaren kalitatea nabarmendu du entrenatzaileak, eta hutsean uzteko beharra. Defentsa sendo baten bidez. Bertzetik, eskaera zehatza egin die Martinek jokalariei. Ahaztu daitezela markagailuaz. Ez diezaiotela so egin. «Gure helburu bakarra partida irabaztea da. Huts larria litzateke lortu beharreko aldearekin kezkatuta egotea partidan. Irabaztea da kontua; eta behar den aldea lortzen badugu, hobeki».
Finala galtzeko aukeraz ez du hitz egin nahi Martinek. Baina nabarmendu du gertatuz gero ez litzatekeela kolpe latza izanen. «Lehen unean gogorra izanen litzateke; baina berriro Europan aritzen garenean konturatuko gara final batera ailegatzea zein zaila den, eta orduan emanen genioke lortutakoari duen garrantzia».
Ordubeteko partida jokatu behar da, oraindik ere, txapela nork jantziko duen argitzeko. Bigarren postuak duen meritua bazter utzi gabe, Martinek argi utzi du lehenengoa nahi duela. Defentsarekin batera, partidaren kontrolari eustea izanen da bertze gako nagusietako bat. «Jokoaren erritmoa guk ezarri behar dugu; defentsatik hasita, kontrola gure esku hartu, eta jokoa gure erara moldatu. Presioa errusiarrek izanen dute, haiek eutsi behar baitiote orain duten aldeari».
Martinek, ziurrenik, ezin izanen du gaur Nely Carla Alberto pistara atera. Ez da garaiz osatu. Joaneko partidan eskuineko oinean min hartu zuen. Volgogradeko ospitale batera eraman zuten, eta orpoan fisura zuela erran zioten. Igeltsua jarri zioten. Hemengo medikuen arabera, ordea, fisurarik ez du jokalariak. Bihurritua baino ez. Igeltsuak, hala ere, odolbildua eragin dio Albertori, eta horregatik ezin izanen da errusiarren aurka aritu.
Ildiko Barbu atezaina bazter utzita, ebakuntza egin berri baitiote, gainontzeko jokalariak jokatzeko prest dira. «Alina Jula defentsan laguntzeko moduan izanen dela ematen du, hobeki baitago; Araujo, halaber, pistara ateratzeko moduan izanen da, hobera egin baitu», azaldu du Martinek.
KOTXETOVAREN ZALANTZA.Dinamo Volgogradeko jokalariak asteazkenean ailegatu ziren Lizarrara. Atseden hartzeko denbora izan dute, beraz. Anna Kotxetova alboko gaztea jokatzeko moduan izanen ote den azken unean argituko da. Bera da errusiarren artean izar nagusia. Joanekoan ez zen pistara atera, eta eserlekutik ikusi zuen partida, sorbalda min hartuta baitu. Berri ona litzateke nafarrentzat gaur ere eserlekuan gelditzea Kotxetova.
Kotxetova gabe ere, dena den, nafarrak estutzeko gai den taldea badu Volgogradek. Haien pistan erakutsi zuten hori errusiarrek. Antzeko taldea, edo, akaso, are arriskutsuagoa espero du Martinek gaur Lizarran. Nafarrek, hala ere, izanen dute Errusian ez zuten abantailarik. Etxean ariko direla alegia.
Lizarran barrena paseoa egin badute, hirian Itxakoko jokalariek duten babesaz ohartuko ziren errusiarrak. Hiria horiz jantzi da egunotan. Dendetako erakusleihoetan eta etxeetako balkoietan Itxakoko jokalarien aldeko mezuak agertu dira asteon. Lizarra osoak egin du bat jokalariekin.
Babes horrek izan du sarreren salmentan islarik. 2.000 lagun sartzen dira Lizarrako kiroldegian, eta eserleku guztiak beteta izanen dira gaur. Itxakok lehen txapela lortzeko aukera du gaur, eta herritarrek zuzenean ikusi nahi dute partida.
Txapela irabazi edo ez, Lizarrako Udalaren esker ona jasoko dute bihar Itxakoko kideek. Harrera eginen diete herriko etxean, 20:00etatik aurrera. Txapelarik gabe ere Itxakok badu zer ospatu sasoi honetan. Baina Lizarran txapela nahi dute denek. Eskura dute Martinen jokalariek. Ordubeteko partida baino ez dago tartean. Ordubete erabakigarria.
«Jokoaren erritmoa guk ezarri behar dugu; defentsatik hasita, kontrola gure esku hartu»
«Helburu bakarra irabaztea da; huts larria litzateke lortu beharreko aldearekin kezkatuta egotea partidan»
ambros martin
itxakoko entrenatzailea
silvia navarro Itxakoko jokalaria
«Urte osoan egin dugun lanagatik txapela irabaztea merezi dugu»
e. e.Iruñea
Bost penalti gelditu zituen Silvia Navarro atezainak joaneko partidan. Zorteaz mintzatu da jokalaria, baina argi dago bere parte-hartzea funtsezkoa izan zela.
Atseden hartuta?
Bai. Asteartean ez genuen entrenamendu saiorik egin, eta atseden hartzeko profitatu genuen. Asteazken goiza ere bai. Volgograderako bidaia gogorra izan zen, eta behar genuen gorputza eta burua lasaitzeko eta argitzeko denbora.
Joaneko partidan nabarmendu zinen; bost penalti gelditu zenituen, haietako lau jarraian. Nola ikusi zenuenpartida?
Niretzat partida arraro samarra izan zen. Urduri samar ginen. Europako lehiaketa bateko finalean gaude, eta kostatzen da pistan kokatzea. Baloia hartu, eta jokatzen hasi ginen arte ez genuen lasaitzea lortu Volgograden. Hala ere, ni nahiko gustura atera nintzen hango pistatik.
Emaitza ona dela uste duzu?
Nahiago genuen irabazi, noski, baina ez dut uste emaitza txarra denik. Hainbat gauza daude kontuan hartu beharrekoak. Etxetik kanpo ari ginela, batetik. Eta azken asteotan nekea pilatu zaigula, bertzetik. Ez da emaitza txarra, baina ontzat ere ezin dugu eman. Europako lehiaketa batean bi goleko aldea handiegia izan daiteke.
Aldea handiagoa izan zitekeen zuk bost penalti gelditu izan ez bazenitu.
Talde lanaren ondorio izan zen emaitza. Nik nire esku zegoena egin nuen atean. Zortea izan zen.
Europan bi goleko aldea handiegia izan daitekeela diozu. Ez duzu uste pizgarri ere izan daitekeela?
Bai. Nik uste dut emaitza horrekin are serioago aterako garela pistara, burua jokoan jarrita. Kontzentratuta. Emaitza horrek, nolabait, presio eginen digula uste dut, eta hori ona izanen dela. Gehiegi ez lasaitzeko balioko digulako.
Volgogradeko partidarekin alderatura hemengoa hagitz bertzelakoa izanen dela uste duzu?
Bai. Sentsazioa bertzelakoa izanen dela argi dut. Etxean ariko gara, gure zaleen aurrean. Azken partida da, ez dago huts egiteko aukerarik. Gauzak gaizki eginez gero, ez dago hutsak bertze partida batean zuzentzeko aukerarik.
Azkena, eta garrantzitsuena. Erabakigarriena. Presioa handia da?
Bai. Halako egoera batean edozein kirolarik sumatzen du presio hori. Baina nik uste dut horrek mesede eginen digula. Lasai atera behar dugu, burua garbi, eta gure lana egin. Zaleek txapela merezi dute.
Eta zuek?
Urte osoan egin dugun lanagatik txapela irabaztea merezi dugu.
Behar du Itxakok txapela hau?
Gauza handiak egin ditugu, baina egia da txapela ailegatzen ez den arte lan hori oharkabean pasatzen ahal dela.
Itzuliko partida honetan, zeintzuk izanen dira gako nagusiak, zure ustez?
Defentsa. Hori da gure arma nagusia. ABF Ligako defentsarik onena dugula uste dut, eta hori profitatu behar dugu. Defentsa on batekin hasi, eta, abiapuntu horretatik, eraso on bat eraiki. Baloiak ez galtzea izanen da bertze gako nagusietako bat, errusiarrek kontraeraso arriskutsua baitute. Azkarrak dira, eta eraginkorrak. Ez dute huts egiten. Talde gaztea da, baina ongi jokatzen dute.
Zer izanen litzateke zuretzat txapela hau irabaztea? Zuk badakizu Europan irabaztea zer den.
Ositorekin irabazi nuen Txapeldunen Liga. Baina Itxakorekin txapela hau irabaztea ametsa izanen litzateke. Kirolari heldua naiz orain. Egoera erabat ezberdina da. Gainera, Itxakon hagitz gustura nago. Talde batua gara, eta ikaragarria litzateke denon artean txapela hau irabaztea. 16 urte nituen Ositorekin txapela irabazi nuenean, 1997an. Gauza handia izan zen, baina hau askoz ere politagoa izanen litzateke.
Batasuna. Horrek ere laguntzen du pistan, ezta?
Bai. Partida bakoitzeko bi puntuetatik bat taldearen batasunari esker irabazten da.