ATHLETIC 3. OSASUNA 1

Ordu laurdeneko lilura

Athleticek lehen zatiko azken hamabost minutuetan sarturiko hiru golei esker irabazi du ligako lehen partida etxeanLehen gola jaso arte Osasuna gehiago izan da, baina hortik aurrera urtu egin da

Imanol Magro Eizmendi.
2011ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Gola: 1-0: Muniainek (29. min.); 2-0: Gabilondok (37. min); 3-0: Javi Martinezek (46. min.); 3-1: Nekunamek (pen. 90. min,) Epailea: Estrada Fernandez. Txartel horia Athleticeko Iraola eta Martinezi Osasunako Nekunami eta gorria Osasunako Lamahri (Bi hori, 69. min.). Bestelakoak: Astelehena izan arren, San Mames ia goraino bete zen.

Konfiantza aurkitu du Athleticek. Edari magikoa beste bi euskal taldeen bizkar aurkitu du. Konfiantzak lasaitasuna ekarri du San Mameseko harmailetara, eta fedea injektatu die Bielsaren inguruan zalantzak izaten hasiak ziren zale, eta agian, jokalariei. Bilbo aldeko zorionak, baina, krisi hotsak sortu dizkie aurkariei. Duela bi aste Realean, eta atzoz geroztik Osasunako bulegoetan. Lau partida jarraian dira irabazi gabe, eta taldeak San Mamesen emaniko itxura txarraren biharamun astea ez da gozoa izango Mendilibarrentzat. Kontuak kontu, eta dinamikak dinamika, zenbakiek neurtzen dute errealitatea, eta Athleticek dagoeneko pasa du Osasuna. Bilboko taldea 11. da zortzi punturekin, eta Iruñekoa 15. zazpirekin.

Ameslari fama du Bielsak. Zoroa deitzen diote, besteak beste futbol eredu pertsonala duelako. Ausarta eta bizia: klasikozalea da. Egunerokoak, baina, ameslari asko esnatu izan ditu, eta atzokoak traizio txikia egin zion bere buruari. Bai behintzat lehen gola sartu arte. Presionatu, presionatu zuen, oso goian, baina nahita bilatu zuelako. Osasuna gehiago zen zelai erdian, eta lehen ordu erdian pase luze festa izan zen. Ezin zuen jokoa eraiki, eta Amorebietak eta Iraizozek etengabe bilatu zuten Llorente. Errioxarra bikain moldatzen da halakoetan, eta partida bikaina jokatu zuen.

Osasuna eroso zegoen halere. Joko zuzena ondo zaindu zuen, eta baloia hartu zuenean Athleticek baino zentzu gehiagoz mugitu zuen. Zentzua Lamahk, taldeko onena egotzi zuten arte,jarri zion desoreka, eta berea izan zen aukera onena (9. min). Bere jaurtiketa eta Ninoren aldaratzea ondo gelditu zituen Iraizozek. Gustura ari zen Osasuna, eroso erritmo gutxiko partida batean, Athleticen presioari ondo aurre egin etaaukeraren zain. Dena ondo, hutsik egin ezean... Baina egin zuen (29. min.).Erdiko lerroak ez zuen baloia ondo atera, eta Susaetak lapurtu zuen. Aurrera egin eta eskuinetik atera zuen erdiraketa. Llorentek area barruan babestu zuen baloia, Roversioren aurrean. Lurrera erori arren ez zuen galdu, eta etzanda pase bikaina eman zion Muniaini.Ikasgelako argienak sareetara bidali zuen.

Golak arnasa eman zion Athletici, eta Osasuna jota utzi zuen. Etxekoek autobidea aurkitu zuten eskuin hegalean, eta hortik iritsi ziren beste bi golak ere bai. Errazegi lortu zituen gol aukerak. Damia galduta zegoen, eta Roversio—atsedenaldiaren aurretik aldatu zuten— ezinean. Biek ala biek ez zuten ondo lo egingo bart. Bigarren eta hirugarren goletan Iraolarenak izan ziren erdiraketak. Bigarrena partidako jokaldi onenaren fruitu, eta Llorentek jo zuen buruz. Roversioren eskuan eman eta Gabilondok baliatu zuen aldaratzea (37. min). Hirugarrenean, berriz, erdiraketa urrundik egin zuen, eta Javi Martinezek atzetik indarrez sartuz probestu. Atsedenaldirako partida erabakita zegoen.

Bigarren zati zozoa

Partida erabakita zegoen eta jokoak gatza galdu zuen bigarren zatian. Athleticek hartu zuen baloia, ezustekoak eragozteko, eta Osasuna presionatzen hasi zen. Aurkaria estu hartzeko, baina, indarra eta fedea behar da, eta gorritxoak urri zebiltzan bietatik. Dena erabakita egon arren ostikorik ez zen falta izan, eta epaileak Lamah egotzi zuen. Aukerei dagokienez etxekoek gehiago izan zituzten.

Osasunak azken minutuan sartu zuen gola. Jokaldi nahasi batean Javi Martinezek baloia area barruan besoarekin ukitu zuen. Inozo jardun zuen erdilariak, txartel horia ikusi zuelako. Gola Nekunamek sartu zuen. Emaitza atondu zuen, baina ez zuen porrota gozatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.