«Orduak emango nituzke lan saioetan Xabi Prietori begira»

Lehen Mailara iritsi berria izan arren, Realaren hasierako hamaikakoan finkatzen ari da eskuin hegaleko atzelari nafarra. Horren gainetik, hala ere, taldea ondo ibiltzeak axola dio.

Xabier Lopetegi.
Donostia
2010eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Realaren lehen taldera iritsi zenetik unerik gozoena bizitzen ari da Carlos Martinez (Lodosa, Nafarroa, 1986). Oraindik ere badu zer hobetu, baina bere joko ereduari uko egin gabe, itxaropena edukitzeko moduko itxura eman du Lehen Mailan jokatu dituen lehen partidetan. Etxean puntu gutxi galtzeko behar adina indarrarekin ikusten du taldea, aurreko sasoian bezala, baina kanpoan hobetu beharra dutela aitortzeko arazorik ez du: «Intentsitatea berreskuratu behar dugu. Puntu bakarra lortzeko ere, gauzak oso ondo egin behar dira hemen».

Vila-realen aurkako partidan debuta egin zenuen Lehen Mailan. Pozik?

Oso pozik. Bigarren Mailan hiru urtez borrokan eman ondoren, goi mailan jokatzeko helburua betetzea gauza handia da edonorentzat. Duela lau denboraldi, Reala B-n nengoenean, deialdi batean sartu ninduten, baina ez nuen jokatu gero. Vila-realen aurkako lehian atera nuen arantza.

Txikitan burutik pasatzen al zitzaizun horren urruti iristea?

Hasieran, amets bat da, baina oso urruti ikusten den amets bat. Gero, pixkanaka, lanari esker, geroz eta gertuago ikusten duzu. Gazte Mailan eta batez ere Reala B-n, zaletasuna baino gehiago dela barneratzen duzu, Bigarren B Maila maila handiko lehiaketa delako. Azken jauzia zaila izaten da, baina edozein unetan irits daiteke aukera. Pribilegiatua naiz, goraino iritsi eta honetaz guztiaz gozatu ahal izateagatik.

Gauza askori egin behar izan diezu uko profesionala izateko?

15 urterekin joan nintzen etxetik, eta adin horretan, asteburuetan herrira jaitsi ahal ez izatea edo festetara ez joatea gogorra egiten da, baina gorantz zoazen heinean merezi du ahaleginak.

Esperientzia hura ona izan da zuretzat?

Noski. Etxetik atera gabea nintzen ordura arte, eta oso gogorra egin zitzaidan. Dezente kostatu zitzaidan. Baina, azkenean, moldatzen zara, eta heltzen laguntzen dizu, egoera jakin batzuei bakarrik egin behar izan diezulako aurre, derrigorrean.

Nabaritu al duzu Bigarren Mailarekiko jauzia?

Bai. Aurkariak hobeak dira eta oso jokalari onak daude. Bigarren Maila lehiaketa fisikoagoa zen, baina hemen bestelako abiadura ikusten da jokalariengan, eta jokatzeko eran.

Ohitu al zara Ronaldo eta halako jokalariak zaintzera?

Lehen Mailan ez dago aurkari ahulik. Edozeinek har zaitzake estu. Osoak direla dakizu haien aurka jokatu aurretik. Baina Bigarren Mailan bezala jokatzen dut. Han ere, lo hartzen zenuenean garesti ordaintzen zenuen.

Xabi Prietorekin gero eta hobeto moldatzen zara?

Pribilegioa da harekin jokatzea, niretzat eta beste guztientzat. Sekulako dohainak dauzka. Baloi eskasa eman arren, ondo kontrolatu edo ezkutatu egingo du. Partidetan eta lan saioetan orduak emango nituzke hari begira.

Igotzeko joera handia duzu. Orain gehiago neurtu beharko duzu?

Ez dauka zertan. Aurrekoei babesa emateko modua da. Argi dago atzean uzten duzunarekin kontua izan behar duzula, baina lasaitasun handia ematen didaten taldekideak dauzkat, tokia ondo betetzen dutenak. Entrenatzaileak ez dizkigu oztopoak jartzen Dani [Estrada], Alberto [De la Bella] edo niri aukera ona dagoenean gora igotzeko.

24 urterekin, zertan hobetu behar duzu gehien?

Baloia oinetan dudanean, erdiraketetan, defentsan ere bai... gauza askotan. Beti dago hobetzea, nire adinarekin edo 28 urterekin. Badakit zer daukadan ona eta zer ez hain ona, eta egunero aritzen naiz lanean jokalari hobea izateko.

Erdiraketetan asmatzeak garrantzi handia izango du taldearen ezaugarriei erreparatuta, ezta?

Bai. Eraso indartsua dugu. Eskarmentuko eta golerako sen handiko jokalariak dira, eta min handia egin dezakegu hegaletatik, adi egoten direlako eta argiak direlako.

Partida guztietan hasieratik aritu zara. Argi dago aurreko sasoian trena hartu eta ordutik ez zarela jaitsi.

Aukerak aprobetxatu beharra dago futbolean. Aurreko sasoian Daniren lesioak eman zidan aukera. Ez zen motibo polita izan, baina horrela egokitu zen, eta hasieran kosta egin bazitzaidan ere, oso pozik bukatu nuen denboraldia. 21 partida jokatu nituen jarraian, lesiorik gabe,Vila-real B-ren aurkakoa kenduta, zigorra bete behar nuelako. Pozik nago, lesioak ez izateagatik batik bat. Bazterrean uzten zaituzte lesioek, eta gero oso zaila da itzultzea.

Gauzak onerako aldatu dira zentzu guztietan debuta egin zenuenetik.

Lehen urtea zen Bigarren Mailan, gauzak oso nahastuta zeuden, eta debut eskasa izan zen, 0-2 galdu genuelako etxean. Kluba lasaiago dago orain. Arazoak atzean utzi ditu, eta egoera ekonomikoa onena ez bada ere, Lehen Mailan dena da errazagoa. Telebista, sarreren salmenta... Lehen taldea da motorra, eta ondo badoa, gainerakoa ere ondo joango da.

Kezkatzen al zaitu zure kontratua sasoi amaieran bukatzeak?

Ez. Klubak jakinarazi dit kontratua berritu nahi didala, eta dena behar bezala badoa, ez da inongo arazorik izango.

Iaz urtebetez luzatu zenuten soilik kontratua. Orain negoziatzeko argudio indartsuagoak dituzu?

Urtebetez berritzea ez zen Realaren eta bion asmoa, baina zenbait zailtasun sortu ziren, eta akordio hori iritsi genuen.

Nola ikusten duzu biharko partida?

Levantek hiru partida daramatza galdu gabe. Talde gogorra da, borrokalaria, eta dena eman beharko dugu zerbait ateratzeko. Joan den sasoian tentsio handiko partidak izan ziren. Levanten penalti zalantzazkoa adierazi ziguten, eta 1-0 irabazi zuten. Anoetan ere zalaparta izan zen aulkietan. Gure helburu bera duten taldeen aurkako lehietan eman behar dugu aurpegia, asko dugulako jokoan.

Igoeraz gozatzeko astirik gabe ia, jada bestelako erronka bat duzue.

Hala da. Igoera sinestezina izan zen, bizipen ederra. Baina iragana da. Ligan bete-betean murgilduta gaude, eta aurreko denboraldikoak ez du ezertarako balio. Orduan bezala sufritu behar dugu mailari eusteko. Gogorra izango da, baina onik ateratzeko moduko taldea dugula uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.