Bukaresteko kaleak zuri-gorri bihurtzen ari dira goitik behera. Atletico Madril eta Athletic Europako Ligako finala jokatuko duten bi taldeek koloreak elkarbanatzen dituzte, eta zale gehienak gaur heldu dira, finalaren egunean. Athleticeko zale ugari iritsi dira gaur goizean, eta arratsaldean oraindik gehiago helduko dira. Herenegun eta atzo dagoeneko horietako hainbat Bukaresten zeuden, eta gaualdean giro ederra izan zen hirigunean.
Athleticen gunea jendez betetzen ari da. Goizean zirimiria egin du baina eguerdi partetik ateri eusten dio. Hala ere eguraldia ez da traba Athleticeko zaleentzat. Elastiko batzuk jarri dituzte salgai, Europako Ligako argazkia dutenak. Musika, dantza eta jatekoa ere ez dira falta Bukarest erdigunean. Antolakuntza eta segurtasun neurriak apartekoak dira hiriburuan. Final handirako ordu gutxiago gelditzen den heinean baina urduritasuna ari da zabaltzen jarraitzaileen artean.
Bitartean musika da nagusi Athleticeko gunean. Ereserkia eta zuri-gorrien kantak ez ezik, goizean Errumaniako talde pare batek ere eman dute kontzertua. Eguardian atsedenaldia egin dute, bazkaltzera joateko, baina tripak berotu ostean berriz ekin diote festari, eta besteak beste, Oreka TX taldeak joko du.
Eguna gune horretan pasako dute Athletic zaleek eta 18:15etatik 20:00ak bitartean autobusetan abiatuko dira futbol zelaira —doakoa da zerbitzua—.
Athleticeko jokalariek ere eman dute ohiko paseotxoa, eta euren hotelean daude atseden hartzen. Athleticen gunetik oso urrun daude, Bielsak lasaitasunean egon nahi izan baitu. Atletico Madrilen eta Athleticen gunearen artean, berriz, bi kilometroko distantzia dago.
Partida 20:45ean hasiko da, Estadio Nazionalean.
Cabacas, gogoan
Iñigo Cabacas hil zela hilabete betetzen den egunean, martxa isila antolatu dute Bilbon gaztearen senide eta lagunek. 18:30tan abiatuko da Moyua plazatik eta udaltetxe aurrean amaituko da. Athleticek jokatuko duen Europako Ligako finalaren aurretik, justizia eskatzeko martxan parte hartzeko eskatu diete herriterrei senide eta lagunek.