FUTBOLA

Ordutegi "duinen" alde

Futbol partidak astelehenetan ez jartzeko eskatu dute Rayo Vallecano eta Realaren hainbat zalek, adierazpen baten bidez.

Mujika taldeak Elxen aurkako partidan erakutsitako pankarta. G. R., ARP
Maialen Unanue
2014ko martxoaren 10a
16:13
Entzun

Gaur 22:00etan jokatuko da Realaren eta Rayo Vallecanoren partida, Anoetan. Ordutegi "duinak" eskatu dituzte bi taldeen zaleek adierazpen baten bidez, eta gogoratu dute iaz ere astelehen batez eta 22:00etan jokatu zutela. "Arduradunek pentsatu dute erabaki horrek zein ondorio izan ditzakeen? Ez zaie axola Rayoren zaleek euren taldeari laguntzerik ez izatea, Lehen Mailan irauteko borrokan? Berdin zaie realzale asko euren estadiora joan ezin izatea, euren taldearentzat hain garrantzitsua den garai honetan?", galdetu dute.

Futbol ligaren arduradunei egin diete eskaera, "hainbeste aldarrikatzen duten futbolaren festa hala izateko neurririk hartzen ez dutelako". Beste hainbat neurri ere kritikatu dituzte, tartean, "gehiegizko prezioak" dituzten sarrerak, egutegia denboraldiaren hastapenetik ez ezagutzea, zaleentzat ez baizik "telebisten interesen arabera" ezarritako ordutegiak. "Horiek gutxi ez, eta partidak ostiraletan eta astelehenetan jartzeko zentzugabekeria sufritu behar dugu".

Bi futbol taldeen hainbat peñak sinatu dute adierazpena: 2004, Arrasateko Dragoi Txuri-urdinak, Bukaneros taldea, Desperdigaos, Discapacitados, El Ascenso, El Cencerro, Rayo Vallecanoren Zaleen Taldea, Rayoko Peñen Federazioa, Goazen Erreala, Los Viernes, Mujika taldea, North Hell, Ossobucos, Piti, Planeta Rayista eta Plataforma ADRV.

Urtarrilaren 27an, Elxen aurka jokaturiko partidan, Mujika talde realzaleek pankarta bat atera zuten, partidak astelehenetan jartzeaz kexu: "Astelehena 22:00etan Goenkale ikusteko ordua".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.