Oreka, bideari ekiteko

BERRIA Txapelketa gaur hasiko da, Lizarran, San Miguel eta Txarutaren arteko kanporaketarekin

Txarutako David Albiasu, sakea ateratzeko zorian, iazko BERRIA Txapelketako partida batean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Orekarekin ekin beharko lioke bideari IX. BERRIA Txapelketak. Gaur eta bihar jokatuko dira lehen kanporaketak, gaurkoak Lizarran (18:00) eta biharkoak Hernanin (11:00), eta bietan ez dago faborito argirik. Lizarran, etxeko San Miguel taldeak Baztango Txarutarekin neurtuko ditu indarrak; Hernanin, Altsasuko Pilotajaukuk eta Gasteizko Zaramagak izango dute jokoan final-zortzirenetarako txartela.

Lizarrako kanporaketan, lehen bi partidak erabakigarriak izango dira, nagusien mailakoan Txarutako Arraztoa eta Otxandorena baitira faborito. Horretarako, baina, kanporaketari eutsi beharko dio lehen bi partidetan, eta kadete eta gazteetako norgehiagokak ez daude hain argi. Kadeteetakoak —Lander-Mateo, Albiasu-Oskozen aurka— dirudi orekatuena, eta gazteetakoan San Migueleko Goñik eta Garaiok sendoagoak dirudite, baina alde handirik gabe. Irabazleek Aurrera Saiazen aurka jokatuko dute, otsaileko lehen asteburuan.

Hernaniko kanporaketak antzeko itxura du, eta kadete mailako partidak erabaki dezake zein taldek egingo duen aurrera. Gazteetan, Pilotajaukuk Ansa eta Otamendi Nafarroako txapeldunak ditu, eta haiek dirudite faborito, parean Larrañagak aurrelariak lanak emango dizkien arren. Nagusietan, berriz, Zaramagak bikote sendoa du: Mikel profesional ohia eta Perez. Gauzak hala, litekeena da lehen partidak, hau da, Galarza-Gabirondo eta Diez de Heredia-Kandelaren artekoak erabakitzea zein taldek jokatuko duen Uharteren aurka final-zortzirenetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.