Golak: 0-1: De Lucasek (49. min.). 1-1: Agirretxek (54. min.). 2-1: Agirretxek (61. min.) Epailea: Perez Montero. Txartel horia Realeko Ansotegi, Illarramendi, Griezmann eta Bergarari; eta Celtako Alex Lopez eta Hugo Mallori. Bestelakoak: 22.000 ikusle inguru Anoeta estadioan.
Bartzelonari bere zelaian gol bat sartzeko gai den taldeak badauka zerbait aurrealdean. 90 minututik 75ean Bartzelonak eduki zuen baloia, eta, hala ere, gol bat sartzeko gai izan zen Reala. Hori bai, bost jaso zituen ordainean. Atzo, Celtaren aurka, tarteka sufritu zuten txuri-urdinek, atzean egin ezin diren hutsak egin zituzten, baina talde horrek kalitate handia dauka aurrean. Chory Castrok sartu zuen gola orain astebete, eta Agirretxek bi atzo. Orain urtebete piztuta ekin zion denboraldiari, eta hala ekin dio sasoi honetan ere. 82 minutu jokatuta, bi gol. Eta arrisku sentipena une oro.
Oreka falta zaio Realari, egin beharrean dago taldea oraindik. Baina dinamita handia dauka aurrean. Chory Castrok eta Agirretxek sartu dituzte orain arteko hiru golak, baina artista handiak dauzkate ondoan. Partida osoa jokatu zuen Griezmannek, euskarri hirukoitzean; abiadura dauka, pase sakonak emateko gaitasuna, jaurtiketa ona... Velaren kalitatea ere hasi da azaltzen; sasoian jartzea falta zaio, baina berea izan zen bigarren golaren erdia. Zer esan Pardori buruz; ez dio ardura handirik eman nahi entrenatzaileak, baina erakustaldi polita eman zuen atzo ere, ordu erdi eskasean. Xabi Prieto gorabeheratsua da, baina asmatzen duenean, edozein atzealde hausteko gai da... Dinamita, hitz batean.
Baina dinamitarik onenak ere atzealdeko dinamita behar du. Tamalez, Realaren atzealdea hautsi egiten da askotan. Gehiegitan. Euskarriek ez dute asmatzen aurkaria estutzen, eta atzeko laukoa oso biguna da gehienetan. Celtak, ezer askorik egin gabe, arrisku dezente sortu zuen jokaldi askotan. Aipagarria da, hamaikagarrenez, atepean dagoenaren kalitatea. Urrezko geldiketak egin zituen atzo ere Bravok, baina astero ez du asmatuko hark ere, eta estutu beharra dago atzeko lanean.
Lehen zati txukuna egin zuten donostiarrek, eta aldageletara husna iristea izan zen harrigarriena. Bi jokaldi harridura hori azaltzeko: 17. minutuan kornerra atera zuen Velak, eta buruz, erremate ona eginda, zutoinera bidali zuen baloia Agirretxek; Ansotegik, area txikian bertan, eskuinez, behartuta errematea egin, eta langara. Jokaldi berean bi aukera on aurretik jartzeko. 33. minutuan, berriz, Velak egin zuen jokaldia, erdiratu zuen, eta errematatu zuen Griezmannek. Baina zutoinera. Eta bigarren aukeran ere ezin asmatu Agirretxek. Joko bizia egin zuen Realak lehen zati horretan, Griezmann eta Velarekin bereziki azken pasean min handia eginda. Baina azken kolpea ematea falta izan zitzaion.
Aurretik, Agirretxek sareetara bidali zuen baloia 18. minutuan, Xabi Prietoren pasea jasota, baina jokoz kanpokoa adierazi zuen epaileak; ez zegoen. Celtak, berriz, aukera argi bakarra sortu zuen lehen zati guztian, 28. minutuan. Iago Aspasen baloi luzea dotore kontrolatu zuen De Lucasek area barruan, eta azken unean kendu zion baloia De la Bellak, aurrelaria goleko bidean zenean.
Bigarren zati hasieran, lo
Txukun amaitu zen lehen zatia, baina, gehiegitan gertatzen zaion moduan, lo ekin zion Realak bigarren zatiari. 48. minutuan area barrutik errematea egin zuen Iago Aspasek, eta geldiketa bikaina egin zuen Bravok. Hurrengo minutuan, ordea, Iago Aspas eta De Lucasen artean bat-bikoa egin, eta azken horrek sareetara bidali zuen baloia. 0-1. Mamuak agertzen hasi ziren Anoetan, baina orduantxe eduki zuten erreakzioa jokalariek.
54. minutuan Griezmannek Messi onenaren pare egin zuen jokaldia; pase sakona eman zion Agirretxeri, eta aurrelariak, ezkerrez, barrura. Zazpi minutu geroago, berriz, Velarena izan zen borrokaldi ona, eta Agirretxek, berriz ere, barrura. 2-1. Dinamita. Sufritu behar ez zuen partidan, sufritu egin zuen gero Realak, baina urrezko garaipena lortu zuen... dinamitaren eta dinamikaren artean oreka aurkitu arte.
REALA 2. CELTA 1
Oreka bilatu arte, urrezkoa
Galtzen hasi ondoren, erreakzio ona eduki du Realak, eta denboraldiko lehen garaipena lortu du, Imanol Agirretxeren bi golei eskerDinamita daukate txuri-urdinek aurrean, baina defentsako lanean bigun segitzen dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu