Oreka da itxaropena

Waltary da faborito garbi Kurutxarriren aurka, bihar, Donibane Garazin jokatuko duen buruz buruko finalean

Imanol Magro Eizmendi.
2011ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Partida orekatua izatea ustekabekotzat jo beharko litzateke. Bere gordinean. Bihar, 16:00etan hasita, Donibane Garaziko Garat trinketan emozioa egotea albiste ontzat jo beharko litzateke. Agertzen diren ikusleek eskertuko dute. Waltary Agustik (Habana, 1979) eta Andde Kurutxarrik (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1979) urteko trinket partida garrantzitsuena jokatuko dute, buruz buruko finala, eta kubatarra da faborito garbia.

Waltaryk ez du parekorik buruz buruko lehietan Euskal Herrira iritsi zenetik. Azken hiru txapelak irabazi ditu, eta hirurak eroso antzean. Inork ez du estutu, eta sakearekin benetako triskantzak eginez altxatu ditu besoak urtero. Aurten, Frantziako Federazioa—txapelketaren antolatzailea— bere agintea oztopatzen saiatu da, Waltaryren aurkako legeak izendatu ziren aurkezpenean, baina, txapelketan ikusitakoaren arabera, eragin gutxi izan dute.

Lehenbizi, sakea atzeratu egin zuten, hamahiru metrotaraino, kubatarrak sakearekin maiz egin baititu hogeitik gora tanto, eta halere aurten ere min handia egin du. 58 tanto lortu ditu lehen pilotakadarekin lau partidatan, hamalautik gora partidako batez beste. Bigarren neurria, beirazko paretadun trinketetatik urruntzea. Ez du partida bakar bat ere jokatu Baionako Modernen, eta finala era Garat klasikora, harrizko paretaduna, eraman dute. Eta, hala ere, aise sailkatu da. Garaten betidanik maila apalagoa eman izan du, baina iragan abenduko Superprestige-an erakutsi zuen Donibane Garaziko trinketera ere ondo egokitzen asmatu duela.

Aurrean, Andde Kurutxarrik bigarren buruz buruko finala du. Aurrenekoa 2005an jokatu zuen, berezkoekin jokatzen zuen lehen urtean. Aurretik, afizionatu mailako txapeldun izan zen, eta bere lehen urtean entzumen arazoak zituen atzelari txiki hark —1,72 metro da luze— pilota zale guztiak harritu zituen. Finalean, ordea, Ozafrainek debutariaren ilusioa zapuztu zuen (40-17). Hartaz geroztik, Baigorrikoa ez da finalera iritsi, baina ohikoa izan da finalerdietan; hori bai, beti Ozafrain edo Ezkurra II.a baino koska bat beherago gelditu izan da.

Batek estu, besteak aise

Aurten, baina, Kurutxarrik itxura oso sendoa eman du, eta sufritzen dakiela erakutsi. Lehen partidan aise irabazi zion Alfarori (40-13), baina behin ligaxkan Arizmendiri (40-35) eta Bonetbeltxeri (40-38) bi partida oso gogor irabazita sailkatu zen finalerako. Hori bai, Waltaryri ezin izan zion aurre egin (40-15). Kubatarrak, berriz, 40-24 irabazi zion lehenbizi Lanberti ordubetetik gorako partida batean, eta Bonetbeltxeri (40-22) eta Arizmendiri gero (40-24).

Gaurko finalisten arteko partida Garindainen (Zuberoa) jokatu zen, eta Waltaryk erakustaldia eman zuen. Sakearekin bederatzi tanto lortu zituen bakarrik, baina tankera guztiko tantoak lortu zituen jokoan: punpa sareak, luze jotakoak, izkin motzak, taulan... Kurutxarriren aldetik, berriz, txapelketako partida kaskarrena izan zen. Iazko txapelketan ere elkarren aurka jokatu zuten, finalerdietako ligaxkan, Arrangoitzen, eta ordukoan ere Waltaryk eroso irabazi zuen (40-19).

Horiek hala, bi estiloren arteko borroka espero da. Waltaryk bere kolpe eta erritmo bizia inposatzen saiatuko da, eta sake bakoitza zukutzen. Kurutxarrik, berriz, jokamolde klasikoagoa bilatuko du, taulan babestuz eta luze jokatuz. Eta dena ondo egin beharko du, bestela, kubatarrak laugarren txapela irabaziko du jarraian. Eragotziko balu, trinket jokoak berak ere eskertuko luke, txapelketa nagusia hain desorekatua egotea ez baita mesedegarria.

Bestalde, finalaren aurretik binakako txapelketarako aurre-sailkatze faseko partida jokatuko dute Intxauspe-Jeannotsek eta Ezkurra-Lanbertek. Aurrenekoek aurretik jokaturiko bi partidak irabazi dituzte; besteek, berriz, jokatu duten bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.