ESPANYOL 4 - REALA 1

Oreka desorekatuta

Lehen zati polita egin du Realak, baina behera egin du ondoren, eta eraginkortasun handia erakutsi du EspanyolekIllarramendi hasieratik aritu da, Markelekin batera, eta maila txukuna eman du

Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Golak: 1-0: Estradak bere atean (41. min.). 1-1: Estradak (43. min.). 2-1: Sergio Garciak (54. min.). 3-1: Callejonek (81. min.). 4-1: Marquezek (90. min.). Epailea: Fernandez Borbalan. Txartel horiak: Espanyoleko Galani; eta Realeko Illarramendiri. Bestelakoak: 26.400 ikusle inguru Cornella El Prat estadioan.

Bi zati dituzte futbol partidek, eta atzokoan banatu egin zituzten Realak eta Espanyolek. Aurrenekoa batentzat, eta bigarrengoa bestearentzat. Baina oreka desorekatua izan zen, Realaren zati onean, lehenengoan, banakoa izan baitzen markagailua. Bigarrengoan erabakitzen dira gauzak, eta orduan hiru gol sartu zituen Espanyolek, eta alerik ez Martin Lasarteren jokalariek. Izan ere, berotik hotzera egin zuten atsedenaldiaren ondoren, zelaitik desagertzeraino. Lehen jaurtiketa bukaeratik lau minutura egin zuten. Emaitza lazgarriegia izan zen, baina bere jokoari etekin itzela atera zion Espanyolek, eta eskasagoa, Realak.

Gutxi behar izan du taldeak Lehen Mailara itzuli, eta garai batean zuen errespetua berreskuratzeko. Aurkarien jarreran nabaritzen da. Espanyol lotsati atera zen zelaira. Reala, berriz, bere jokoa egitera. Lasartek inork espero ez zuen apustua egin zuen, euskarrietan Markel eta Illarramendi kokatuz. Mutrikuarrak berehala erakutsi zuen aukera merezi duela: lehen ukituan pase sakona eman zion Griezmanni zazpigarren minutuan, baina erremate kaskarra egin zuen frantziarrak. Jokalari onen moldea sumatzen zaio Illarramendiri, pentsatzeko hartzen duen denboran, jokatzeko duen patxadan eta gorputza erabiltzeko duen moduan.

Espanyolek apur bat gehiago eduki zuen baloia lehen zatian, beharbada, baina jabetza antzua izan zen. Kilimarik ere ez zion egiten Realari. Luis Garciaren urruneko jaurtiketa bat izan zen haren aukera bakarra. Reala, aldiz, bitan gelditu zen bakarrik Kameniren aurrean, Zurutuza eta Tamudoren bitartez, baina atezainak ondo erantzun zuen. Harrigarria bada ere, Bigarren Mailan baino hobeto jokatzen du taldeak, baita aukera gehiago sortu ere, sarritan. Gozamena da Griezmann, Zurutuza, Prieto eta enparauak baloia lehen ukituan eta azkar ukitzen ikustea, erdilari eta hegalekoen laguntzarekin. Harmailetan harridura marmarra nabaritu zen askotan, nagusitasun horren poderioz.

Hobeto ari zen Reala. Baloi gutxiago galtzea eta azken pasean gehiago asmatzea baino ez zitzaion falta. Espanyolek, aldiz, lokartuta zirudien. Baina maiz gertatzen den bezala, etxeko taldeak hartu zuen aurrea markagailuan, merezi gabe eta zorte puntu batekin, Estradak ate barrura desbideratu baitzuen Alvaroren jaurtiketa. Atsedenaldia gertu zen, eta kolpe psikologiko latza izan zitekeen gola, baina erreakzio azkarra eta adoretsua izan zuen Realak. Zurutuzak jaurti zuen ezkerrez, aurrena, eta ondorengo kornerrean, Demidovek buruz jo zuen atzera, eta aurreko jokaldiaren ordaina hartu zuen Estradak.

Ordura arte kokapen bikaina zuen taldeak zelaian, eta Espanyolek nekez egiten zion minik. Baina bigarren zatian, kontraerasoan saria lor zezakeela ikusi zuen. Garaipenaren bila atera zen Reala, baina bizkarra errazegi hartu zion Espanyolek, eta bigarren aukeran ez zuen barkatu. Demidov itsu-itsuan joan zen baloiaren bila, eta Sergio Garciak izkin egin zion kontrol dotorearekin. Golak jota utzi zuen Reala. Handik gutxira, Pocchetinok aldaketa adierazgarria egin zuen: Duscher Sergio Garciaren ordez. Partida ixtea zen haren asmoa, eta lortu zuen, Realak ez baitzuen erakutsi gora egiteko inongo erraztasunik. Baloiaren atzetik ibili zen ia une oro, nagi antzean.

Prieto eta Griezmann partidatik kanpo zeuden, eta biak aldatu zituen Lasartek. Gol bakarraren aldea zegoen, baina gaindiezina zirudien jokalarien jarrera ikusita. Sarpong eta Sutilen sarrerak ez zuen taldea itxuraldatu. Hasierako hamaikako dotorea du Realak, baina orain arte ez du erakutsi partidak iraultzeko baliabiderik duenik aulkian. Hiltzen zihoan norgehiagoka, eta Callejonen jaurtiketa gurutzatu batek eman zion akabera behin betiko. Bravok gehiago egiteko modua izan zuen gol horretan eta Marquezek ondoren sartutakoan. Merezi gabeko jipoia, akaso, eta lehenbailehen ahaztu beharrekoa, Levante datorrelako asteazkenean Donostiara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.