Binakako txapelketako sailkatze fasea estutu egin da iragan asteburuan. Olaizola II.a eta Begino lehen postuan nabarmendu diren arren, finalerdietan sartzeko borroka piztu egin da. Xala eta Barriola ere ondo daude, lau irabazi baitituzte eta tanto alde ona baitute. Baina hortik atzerakoetan dena irekita dago, eta sei bikote sar daitezke hurrengo asteburuan finalerdietako postuetan, are gehiago Berasaluze VIII.a-Apraiz hirugarren sailkatuek Olaizola II.a-Beginoren aurka Idiazabalen jokatuko dutela kontuan hartuta.
Heldu den asteburura begira, txapelketa ezohiko pilotaleku batzuetara zabalduko da. Enpresa bereko bikoteen arteko partidak izango dira, eta aurrenekoa Covaledan jokatuko da. Gonzalez eta Laskurainentzat, lehia erabakigarria izango da, aurkariek bigaraipen dituztelako eta irabazita arnasa hartuko luketelako. Larunbatean Asegarceko bikoteek jokatuko dute, eta Idiazabalen sasoi bikainean dauden bi bikote elkartuko dira. Nitro telebista katea partida hori ere zuzenean ematen saiatuko da. Azkenik, Eibarren egongo da Irujok eskua nola duen ikusteko aukera. Era berean, jakina da hilaren 12an bi txapelketa partida jokatuko direla: Xala-Barriola eta Bengoetxea-Ruizen artekoa, Iruñean; eta Irujo-Merino eta Olaizola I.a-Belokiren artekoa, Tafallan.
Olaizola II.a jarri da Euskadi Irratia txapelketako sailkapeneko lehen postuan, 228 punturekin, eta Abel Barriola da bigarren, 222 punturekin. Azken jardunaldian, Alexis Apraizek jaso puntu gehien (58), Aritz Laskurain eta Aimar Olaizolaren aurretik (57na).
Oreka itzuli da binakako txapelketara
Iragan asteburuko emaitzen ondoren, bikote guztiak murgildu dira berriz finalerdietan sartzeko lehian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu