Binakako txapelketak hasi aurretik ditu faboritoak. Aspek balizko oreka legea hautsi du Juan Martinez de Irujo eta Abel Barriola elkarrekin jarrita. Beste pilotariek, kamera aurrean, ez zuten txapelketa desorekatua dagoenik adierazi nahi izan, baina aurkezpeneko oholtzatik jaitsita iritzia desberdina zen. Egia txapelketa guztiak jokatu behar direla, baina buruz buruko bi txapeldun ohiena bikote gehiegi izan daiteke. Denborak esango du. Olaizola II.a eta Beroizenak ere itxura ona du, baina zeresan gutxiago eman zuen. Nabarmentzekoa da aurpegi berri asko daudela; Arretxe II.a eta Aritz Lasa, besteak beste. Finaleko atzerapen arautegiak ere aldaketa izan du, manomanista izango da muga.
Txapelketa aurkezpen mamitsua izan zen atzo Jaurlaritzako Turismo Sailak Bilboko Bizkaia eraikinean eginikoa. Zer kontatu eta zer aztertu asko zegoen: bikoteen osaketa, txapelketa egitura berria, finaleko arautegia... Bikoteei buruz hitz egitean «distira askokoak» eman zuen zeresan gehien, hala deskribatu baitzuen Iñaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak Irujo-Barriolak osatzen dutena. «Bikote orekatuak osatu ditugu, agian baten batek distira gehiago du, baina oraindik ikusi egin behar da». Iñigo Salbideak ere antzeko hitzak erabili zituen bere enpresako bikoteen osaketa azaltzeko, baina berea kasuan Olaizola II.a-Beroizek egiten omen dute dir-dir.
Aurpegi berri asko ditu txapelketa; iazkoarekin alderatuta, bost: Aritz Lasa, Arretxe II.a, Albisu , Beroiz eta Zubietak; azken horrek min hartuta zegoelako ez zuen jokatu. Hutsuneak, berriz, beteranoak: Olaizola I.a, Gonzalez, Pascual, Ruiz eta Beloki. Belaunaldi aldaketa da. Hutsunerik harrigarriena, halere, Gonzalezena da, oraindik ere maila onean baitago. Errandoneak Lasa «aurpegi berri bat» bezala aurkeztu zuen, eta, pilotariak berak aitortu zuenez, berarentzat ere ustekabekoa izan da, eta herenegun jakinarazi zioten jokatuko zuela.
Etzi hasiko da, Sestaon
Binakako txapelketa inoizko luzeena izango da, BERRIAk iragan irailean aurreratu bezala. Lehen ligaxka hamalau partidakoa izango da, eta bikote guztiek bi aldiz jokatuko dute elkarren aurka. «Eskaintza eta eskaeraren legea da», azaldu zuen Salbideak. Binakako txapelketak harrera ona du jaialdiak saltzeko garaian, eta horregatik luzatu dute. Lehen faseko partidaren bat Bartzelonan jokatuko da, eta bat baino gehiago Bilbon. Tolosako Beotibar ere berpiztuko dute.
Lehen jardunaldia asteburu honetan jokatuko da. Etzi, Sestaon, Berasaluze VIII.a-Albisuk eta Olaizola II.a-Beroizek jokatuko dute. Larunbatean, Iruñean, Irujo-Barriolak eta Titin III.a-Merino II.ak neurtuko dituzten indarrak. Igandean, Eibarren, Bengoetxea VI.a-Apraiz eta Arretxe II.a-Begino ariko dira. Azkenik, Xala-Laskurainek eta Aritz Lasa-Zubietak astelehenean jokatuko dute, Tolosan. Bigarren jardunaldiko partida bat Tolosan, hilaren 23an eta 26an. Beste biak Eibarren, 25ean, eta Gernikan, 23an, izango dira. Horiez gain, Urtezahar egunean Bilbon jokatuko da, eta Urteberri egunean, Eibarren.
Finala, Bilbon
Ligaxka lehen postuetan bukatzen duten bikoteak sailkatuko dira finalerdietarako, eta itzuli bakarreko beste ligaxka bat jokatuko dute. Finala, azkenik, apirilaren 29an jokatuko da, Bilbon. Guztira ia bost hilabeteko txapelketa izango da. Enpresen Ligak urtean Bilbon gutxienez final bat jokatu behar dela du hitzartuta Custom Sport Bilboko pilotalekua kudeatzen duen enpresarekin, eta 2012ari dagokionez binakakoa da hori.
Enpresen Ligak, finaletako arautegia aldatu du, halaber, azken txapelketetako ika-mikak saihesteko. Gauzak hala, pilotari batek lesio arina badu, edo epe motzean sendatu daitekeena, final atzeratzeko modua izango du. Muga, dena den, EPELen hurrengo txapelketako, buruz burukoa kasu honetan, hasiera izango da. Atzoko aurkezpenean ez zuten zehaztu noiz hasiko den buruz buruko, baina Salbideak nabarmendu zuen tarte motza izango dela. Dena den, finala apirilaren 27an jokatu beharko litzatekeela kontuan hartuta, ez litzateke harritzekoa ezta asteburu batez atzeratzeko aukerarik ez izatea. Legedi honekin, esaterako, iaz ezin izango zioten Barriolari itxaron, binakako finala jokatu ondorengo asteburuan hasi zelako buruz burukoa.
Orekatua bainoago, berritzailea
Irujok eta Barriolak elkarrekin jokatuko dute binakako txapelketa, eta txapela irabazteko faboritoak dira lehia hasi aurretikFinala atzeratu ahal izango da, eta muga buruz burukoaren hasiera izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu