Oriamendik lorturiko irabazien arabera ordainduko die pilotariei hurrengo urtean. Erremontea ez dago bere onenean, eta «krisiak» eraman du enpresa erabaki hori hartzera, Jose Mari Barrenetxea enpresako kideak herenegun Euskadi Irratia-n azaldu zuenez. Sistema berritzailea da, eta pilotari eta pilotalekuko beste langileek (Administrazioko langileak, tabernakoak, xistera egileak...) diru sarreren arabera kobratuko dute. «Sarrerak, apustuak, taberna, babesleak...». Orain arte soldata finkoak zituzten, euren mailaren arabera.
Pilotariek erabakia ulertu dute, enpresaren zenbakiak ikusi baitituzte. Aurretik bi aldiz murriztuak zieten soldatak. Enpresak, gainera, urtebetez uko egingo dio bere irabaziari. «Hemen hiru zati gaude, pilotariak, langileak eta enpresa, eta enpresak musu truk egingo du lan urte honetan». Bi urte dira egitasmo berriak erremontearen kudeaketa hartu zuenetik, eta, «uste baino garai zailagoak» diren arren, Oriamendik erremontea uzteko asmorik ez duela nabarmendu zuen Barrenetxeak.
Aspek eskerrak pilotariei
Krisi hotsak darabiltza pilota profesionalean, eta, atzokoan Aspek, ohar bidez, esker ona adierazi zien jendaurrean enpresako pilotariei, jasandako soldata murrizketak «ulertu, onartu eta babesteagatik». Eibarko enpresarentzat jarrera hori «bultzada» bat izan da, ziur baitago jende multzo horrekin egoera zailetik irtengo dela.
Oriamendik lorturiko diru sarreren arabera ordainduko die pilotariei
Urtebeterako akordioa adostu du, eta enpresak ez du irabazien zatirik jasoko, langileen artean banatuko baitu dena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu