Etxeko estropadak beti izaten dira bereziak, eta berezitasun horretan, Oriok ez du hutsik egin bere herriko estropadan, Euskotren ligako bosgarren jardunaldian. Xanti Zabaletaren taldeak denboraldiko hirugarren bandera irabazi du, hasieratik amaiera arte estropada buruan egon ostean. Bigarren posturako lehia handia izan dute Hondarribiak eta Arraun Lagunak, eta azken olatua Ama Guadalupeko ontziak ongi baliatu du, eta bigarren helmugaratu da, Oriotarrengandik bi segundora; Arraun Lagunak hiru segundo geroago heldu da; eta Donostiarra seira. Gaurkoan ere, azken bost estropadek izan dute joera berretsi da: lehia eta berdintasun handia lau ontzien artean.
Orioko estropada eremua benetan teknikoa izan ohi da, izan ere, olatuek laugarren kaletik lehenengo kalerako norabidea izaten dute. Gainera, kanporanzko bi luzeetan olatuek traineruaren istribor aldetik jotzen die, eta, beraz, arraunlariek ontzia orekatuta eramateko nahiko lan izaten dute. Zailtasunak zailtasun, patroiek euren abilezia erakusteko eremu aproposa. Gaurkoan, behinik behin, Nadeth Agirre Orioko lemazaina moldatu da hobekien.
Zoriak hala erabakita, Donostiarra ospe txarra duen lehendabiziko kaletik aritu da; izan ere, gainontzeko kaleekin alderatuta, inguru horretan hondo gutxi egon ohi da, eta olatuen errepunpen ondorioz, eremu hori besteek baino zikinxeago egoten da. Orio bigarrenetik aritu da; Hondarribia hirugarrenetik; eta Arraun Lagunak laugarrenetik. Lau ontziek irteera bizi-bizia egin dute, baina San Nikolas eta Lugañene ontziek hartu dute estropada eremua. Bigarren minuturako, ordea, Orio zen aurretik. Ohiko erritmoa zeramaten Zabaletaren arraunlariek; minutuko 36 paladako erritmoa. Hondarribia bi segundo zen atzetik, hirura Arraun Lagunak eta bostera Donostiarra. Azken horiek gogotik sufritu dute.
Oriokoak ziabogara ontzi bat baino gehiagok aldearekin iritsi dira, eta Agirre patroiak eta Oihane Iraola aurrekalariak ontziari azkar eman diote bira. Haien ondoren, Arraun Lagunak heldu da, baina Andrea Astudillo lemazainari ontzia apur bat joan zaio, Hondarribiaren mesederako. Ama Guadalupekoa trainerua donostiarren aurretik atera dira ziabogatik.
Maniobraren ostean, Oriok bere betiko arraunketan lanean jarraitu du. Olatuek laugarren kaletik lehenengora jotzen zuten arren, Agirrek bere kaleari eutsi dio, hots, bigarrengoari. Eta asmatu egin du. Atzean, berriz, Arraun Lagunak-ek eta Hondarribiak sekulako lehia izan dute bigarren posturako lehian. Halere, Donostiako taldeak ezin zuen istriborrerago joan, hondarribiarrak baitzituzten ondoan. Kondenatuta zegoen.
Itsasoa oso mugituta ez zegoenez, ezustekoak suertatzeko aukera gutxiago zegoen, eta Orioren mesederako. Dena den, oriotarrek ez zuten erritmoa lasaitzeko astirik, eta lanean serio jardun dute, amaieraraino. Etxeko estropadan ez du hutsik egin Oriok. Bigarren posturako borrokan, berriz, Hondarribiak Arraun Lagunak-i ez dio aurre hartzen utzi, eta azken metroetan hartutako olatu bati esker bigarrenak izan dira Hondarribiarrak. Arraun Lagunak 40 ehunenekotara sartu da, eta Donostiarra garailearengandik sei segundora. Horrenbestez, sailkapen nagusian, Oriok bi puntuko aldea ateratzen dio orain Arraun Lagunak-i. Hirugarren postuan Donostiarrak jarraitzen du, baina Hondarribia bi puntura gerturatu zaio. Bihar, ligako seigarren jardunaldia izango dute Getxon (11:40, ETB 1).
Sailkapena
1. Orio 10:55,26
2. Hondarribia 3,10era
3. Arraun Lagunak 3,50era
4. Donostiarra 6,02ra