Arrauna

Orio, nagusi

Hamaika segundoko aldea atera diote Urdaibai faboritoari Kontxako Banderako lehen estropadan. Urdaibai bigarrenak eta Hondarribia hirugarrenak 20 ehuneneko alde eskasa dute. Zarautz ohorezko txandatik kanpo geratu da, Pedreñak aurrea hartu baitio.

2007ko irailaren 3a
14:57
Entzun
Orio izan zen jaun eta jabe atzo Kontxako Banderako lehen estropadan. Hondarribia, Orio, Pedreña eta Zarautz atera ziren lehen txandan, eta oriotarrek berehala hartu zuten lehen lekua. Ziaboga baino lehenago, ordea, Hondarribiarekin borrokan ibili ziren postu horri eusteko. Ziaboga ederra egin zuten oriotarrek, eta itzulerakoan besteak atzean utzi zituzten, erabat. Zarautz, berriz, goitik behera erori zen itzulerakoan, eta azkena izan zen lehen txanda horretan.

Bigarren txandan, berriz, Castro, Tiran eta Arraun Lagunak-ekin batera irten zen Urdaibai faboritoa, eta hasieran Castrok estu hartu zuen. Ziaboga inguruan, ordea, erritmoa hartu eta Urdaibi izan zen irabazle bigarren txanda horretan. Nolanahi ere, bigarren txandako denborak lehen txandakoak baino okerragoak izan ziren, eta Oriok hamaika segundoko aldea atera zion Urdaibairi.

Bizkaitarrek, berriz, 20 ehuneneko eskaseko aldea kendu zioten Hondarribiari, hirugarrenari. Honakoa da sailkapena:

1.Orio: 19:18,84

2.Urdaibai: 19:30,04 (0:11,20ra)

3.Hondarribia: 19:30,24 (0:11,40ra)

4.Pedreña: 19:39,68 (0:20,84ra)

5.Zarautz: 19:43,80 (0:24,96ra)

6.Castro: 19:48,56 (0:29,72ra)

7.Tiran: 19:50,20 (0:31,36ra)

8.Arraun: 20:58,71 (1:39,87ra)

Argazkian, Oriokoak, estropadaren ondoren. (Argazki Press)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.