Oriok eutsi egin dio iaz Kontxako Banderan lortu zuen garaipenari, bai eta aurreko igandetik zekarren 2.22ko aldeari ere. Bigarren aldiz segidan irabazi du bandera preziatua, eta bigarrena du palmaresean. Gaur, azpiratu egin du Donostiarra, 11,82 segundo aterata. Eutsi dio Donostiarraren hasiera indartsuari, eta, hirugarren minututik aurrera, menderatu egin ditu aurkari zuzena eta estropada.
Hirugarren kaletik joan da garailea, eta aurrenekotik bigarren sailkatua. Tolosaldeari egokitu zaio bigarren kalea , eta Arrauni laugarrena. Eguraldi beroa dago Donostian gaur, eta itsasoa aurreko astean baino garbiago dago, olatu handiagoa den arren. Arraunean egiteko baldintza egokiagoak daude gaur. Bizi ekin dio lanari Donostiarrak, eta atera bezain azkar segundo sartu dio Oriori. Lehertzera joatea izan da etxeko bi taldeetako baten estrategia, eta lehertu egin da. Azkar, gainera. Oriok ondo eutsi dio lehiari, burua galdu gabe, eta hirugarren minututik aurrera nagusitu egin zaio Donostiarrari. Santa Klara uharte paretik kanpora, kolore horia izan du estropadak.
Hirugarren minutu horretatik laugarrenera bitartean, lau segundo sartu dizkio Oriok aurkari zuzenari, eta hiru segundo aurretik jarri da. Ez da normala hain denbora gutxian halako aldea ezartzea. Estropadaren ondoren, Maialen Arrazola Donostiarrako entrenatzaileak erreparoak jarri dizkio lehenengo kaleari. Hori izan daiteke hain denbora tarte txikian gertatu denaren azalpena, edo bestea izan daiteke lehertu egin dela Donostiarra, hain azkar lehertzea ere ezohikoa bada ere.
Kontua da ziabogan handitu egin dela bi taldeen arteko aldea: bost segundokoa izan da. Arraun seira zuen, eta Tolosaldea, bederatzira. Bueltako luzean, Oriok laugarren kalerako norabidea hartu du, eta tarteak handitu ditu. Baga luzea dabil gaur, eta asko eman behar zaio poparean ibiltzeko, baina beharrik ere ez Oriok. Zazpigarren minutuan hamar segundora igo du aldea. Lehia atzetik zetorren, elkarren gainean zirelako Donostiarra, Tolosaldea eta Arraun; gehienbat azkeneko bi taldeak. Hirurak joanak ziren kanpoko kaleetara, eta hortik sartu dira helmugan. Oriok ordurako ospakizuna hasia zeukan, eta handik 11,82ra sartu da Donostiarra, 13,86ra Arraun, eta Tolosaldea 14,58ra.
Aurreneko txandan, Hondarribia izan da onena, aurreneko kaletik. Hibaikari 8,42 segundo atera dizkio, Zumaiari 12,22, eta San Juani 19,28. Bi egunetako sailkapenean, honela geratu dira traineruak: Orio, Donostiarra, Arraun, Tolosaldea, Hondarribia, Hibaika, Zumaia eta San Juan.