ARRAUNA

Oriok eskura du Eusko Label liga

Oriotarrek irabazi egin dute Boiron, Zierbena eta Urdaibairen aurretik, eta, sailkapenean, hamabost puntu ateratzen dizkiote Hondarribiari, eta hamasei puntu Santurtziri. San Pedrok kanporaketa jokatuko du, eta Astillerok maila galdu du. Hibaikak, berriz, ETE liga eskuratu du.

2019ko abuztuaren 26a
11:26
Entzun

Handia gertatu beharko luke Oriok Eusko Label liga ez irabazteko. Bi jardunaldi falta dira finala jokatzeko, Bermeokoa eta Portugaletekoa (Bizkaia), eta, bi estropada horietan azkenak izanda ere, berea izango luke garaikurra. Hori, liga irabazteko lehiari dagokionez. Mailari eusteko borrokan, berriz, San Pedrok saihestu egin du jaitsiera, Astilleroren kaltetan. Pasaitarrek, hala ere, kanporaketa jokatu behar dute oraindik. Zarautz, Deustu, Tiran eta Ares izango dituzte aurkari. Zarautz eta Deustu ariko dira Eusko Label ligan.

ETE ligan, Hibaikak egun ederra bizi izan zuen igandean. Estropada irabazi zuen etxean, baita liga ere. Zazpi bandera irabazi ditu Errenteriako traineruak. Zumaia eta Deustu izan ditu atzetik sailkapenean.

KAE 2 ligan, azkenik, Getxok urratsa egin du KAE 1era igotzeko, kanporaketako lehen jardunaldia irabazita. Santoña, Lapurdi eta Castro izan zituen atzetik. 

Liga horiek guztiak, hala ere, bazter batean geratuko dira astebetez. Izan ere, iritsi da arraun denboraldiko estropadarik garrantzitsuenaren txanda, Kontxako Banderarena. Ostegun honetan jokatuko dute sailkatze estropada. 43 ontzi ariko dira, 23 gizonezkoetan eta hogei emakumezkoetan. Maila bakoitzetik zazpi sailkatuko dira. 17:30ean hasiko dira emakumezkoak lehian, eta 18:00etan gizonezkoak. Sailkatzen direnak Kontxako Banderan lehiatuko dira iraileko lehen bi igandeetan, 1ean eta 8an.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.