Zeinek lotu ditu uda honetan Elantxobe, Santurtzi, Donostia, Camargo, Getaria, Lekeitio, Orio, Ondarroa, Hondarribia, Zarautz, eta Bilbo herri eta hiriak? Orioko traineruak. Leku horietan guztietan irabazi ditu KAE 1 ligako banderak denboraldi honetan. Uzta osatzeko, Santoñakoa (Espainia) falta zaio, eta gaur dauka horretarako aukera (19:00).
Kontatzen hasita, 11 bandera astindu dituzte oriotarrek; jokatutako guztiak, alegia. Gaurkoarekin biribiltzen badu garaipenen zerrenda, inork egin gabea lortuko du: KAE 1 ligan, denboraldi batean, bandera guztiak irabaztea. Lor dezake marka, aurreko emaitza denek ez baitute gezurrik esaten. Gainera, erlojuaren aurka lehiatuko dira hamabi traineruak, denak kale beretik ibiliko dira, eta, ezbeharren bat ez bada gertatzen, klub historikoak beste mugarri bat jarriko du.
Bukatzera doa liga, eta ez da ezusterik izan. Aldez aurretik espero zen bezala, Orio izan da nagusi, eta gaur bete dezakeen markaren hotsa denboraldiaren aurretik entzuten zen. Talde indartsua osatu zuen, berriz ere San Miguel ligara igotzeko helburuarekin, eta jakina zen beste denak baino koska pare bat gorago dagoela. Berretsi baino ez du egin estropadetan.
Haren atzetik Santurtzik bukatuko du, eta biek jokatuko dute igotzeko kanporaketa: irailaren 16an, Bermeon, eta 17an, Portugaleten. Santurtziarrena ere ez da ezustea izan, hor ibiltzeko kinieletan indartsu azaltzen zirelako denboraldiaren hasieran.
Gainontzean, nabarmentzekoa da Elantxobek eta Getariak egin duten lana. Bizkaitarrek bikain ekin zioten, eta bigarren ere egon ziren sailkapenean aste batzuetan. Gipuzkoarrek ere handia egin dute, igo berriak izanik estropada bikainak osatu dituztelako; joan zen igandean, esaterako, bigarren izan ziren, Bilbon. Gaurkoari begira, bada argitu beharreko lehia bat: jaitsierakoa. Bat joango da behera, eta Deustua edo Hondarribia B izango da; besteak kanporaketan ariko da.
KAE 2ko azken-aurrekoa
Maila bat beherago, KAE 2 ligan, azken-aurreko estropada dute gaur. Colindresen (Espainia) da, 18:00etan, eta liderra da faboritoa: Trintxerpe. Bihar amaituko da liga hori, eta eskura du irabaztea. Orio Bri bost puntu ateratzen dizkio, eta, okerrik ezean, pasaitarrak igoko dira zuzenean KAE 1ligara. Zortzi estropada irabazi dituzte.
Oriok KAE 1 ligako bandera guztiak irabaz ditzake
Santoñako estropadan gailentzen bada gaur, inork egin gabea erdietsiko du klub historikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu