Oriok KAE 1 ligako bosgarren estropada jarraian irabazi nahi du gaur

Getarian izango da bosgarren jardunaldia, eta lehia handia bigarren lekurako espero da

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Azken urteetan, bide beretik doa KAE 1 liga. Ontzi bat edo bi beste guztien gainetik ibiltzen dira, eta lehen postua lortzeko borrokak emozio gutxi izaten du. Aurten ere horrela dira gauzak, Orio beste denak baino gehiago delako. Lau estropada egin dituzte, eta lauretan, oriotarrak nagusi. Gaur, bosgarrena dute jokoan Getarian (Gipuzkoa), eta ez da ezusterik espero.

Beste urteetan bezala, zirrara bigarren postua lortzeko borrokan dago. Estu daude gauzak Santurtziren eta Elantxoberen artean, eta Isuntza ez da urruti. Bizkaitarren arteko onenak saria izango du liga amaieran, San Miguel ligara igotzeko kanporaketa jokatuko baitu. Santurtzi dator behetik gora, eta asteazkenean, lan biribila osatu zuen Bizkaiko txapelketan; laugarren izan zen, liga bat gorago duen Zierbena aise gaindituta, eta Portugaletetik oso gertu.

Jaitsierako lekuetan ere larri dira kontuak. Deustua azkena; aurretik ditu Hondarribia eta Santoña, hiru puntuan.

KAE 2koak, Getxon

Eguneko lehen estropada Getxon izango da (12:00). KAE 2 ligakoak lehiatuko dira, zazpigarren jardunaldian. Trintxerpe eta Orio B dira faboritoak, haien artean banatu dituztelako bandera guztiak. Pasaitarrak doaz lehen postuan, eta Orio B bigarren da, bi puntura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.