Arrauna

Oriora joan dira Getxoko bi banderak

Orioko irabazi ditu Eusko Label eta Euskotren ligako bi estropadak. Gizonezkoetan, harrobiko bederatzi arraunlarirekin lortu du aurtengo lehen trapua, eta bigarren da sailkapenean. Emakumezkoetan, hirugarrena du aurten.

Orioko gizonezkoetan taldea, bandera jaso berritan, Getxon. FOKU
Aitor Manterola Garate.
2020ko uztailaren 18a
20:53
Entzun

Getxok granate kolorea du herriko banderan, baina gaurtik, horia gehitu diote Orioko arraunlariek. Gizonezkoetan eta emakumezkoetan, bi bandera jarri jokoan Bizkaiko herri horretan, eta biak Orion daude orain. Egun handia izan da talde historikoarentzat, noiz eta etxeko estropadaren bezperan.
Esanahi berezia eman nahi dionak, gainera, eman egingo dio. Ertz asko izaten dituen harrobiaren gaitik begiratuta, baduelako mamia Jon Salsamendiren taldeak lortu duengaraipenak: bederatzi harrobiko arraunlari jarri ditu tostetan. Beste ukitu berezi pare bat ere baditu gaurkoak: aurtengo ligan, bigarren garaipena du Oriok, eta aurreneko bandera. Lehen kaletik irabazi izanak ere badu berea, ez baita ohikoa izaten halakoak ikustea Getxoko eremuan.

Azkeneko txandan joan da garailea, alboan, hurrenez hurren, Santurtzi, Urdaibai eta Donostiarra zituela. Aurreneko luzean jarri da buruan Orio, baina ez alde handiz. Pare bat segundoren barruan ibili dira lau taldeak, eta ikusgarria izan da ziabogara heldu aurreko tartea, ematen baitzuen hasierako txanpan zirela, elkarren gainean. Ziaboga ematen aurrena ez da Orio izan, Urdaibai eta Santurtzi baizik. Segundo bat gehiago behar izan ditu geroko garaileak, eta bi gehiago Donostiako taldeak. Ikusirik aurreko bi txandetan, lehen kaletik Aresek eta Hondarribiak segundoak azkar galdu dituztela buelta hartu eta berehala, izango zen kezka Orioren baitan. Baina justu, hortxe hautsi du berdintasuna. Bizpahiru segundo aurretik jarri da Bizkaiko bi taldeekiko, eta dozena erdi bat sartu dizkio Donostiarrari.

Haizea zebilen itsasoan, eta olatuxka ur gainean, etekin pixka bat ateratzeko modukoa, luzea ez izanagatik ere. Orio dotore ari zen moldatzen baldintza horietan, arraunean presarik gabe eginez, eta soilik egoerak eskatzen zuenean bizituz pixka bat erritmoa. Estropada erdian, hiru segundo atzetik zuen Urdaibai, laura Santurtzi, eta zazpira Donostiarra. Hirugarren luzean, aldeak hor ibili dira, hirugarren ziabogan, bi segundora zuelako Santurtzi, hirura Urdaibai, eta zortzira Donostiarra. Azkeneko luzean, Santurtzi segundo batera ere jarri zaio Oriori, liderrak lehen bandera nahi zuelako. Ikusgarria izan da nola sarritu duten biek erritmoa lanak bukatzeko asko falta zenean oraindik. Bandera zuten jokoan, eta Oriora joan da, bi segundo eta 36 ehunengatik, eta Urdaibaik egin du hirugarren, sei eta 54ra. Lan bikaina egin dute  Jon Elortegirenek. Donostiarrak itxi du txanda 16,98ra.

Aurrea hartu dio Zierbenak, bigarren txandako garaileak. Ondo menderatu ditu Hondarribia, Cabo eta Isuntza, arraunean seguru eta sendo jardunez. Bihar Orion (12:00), ohorezko txandan ariko dira Juan Zunzunegirenak, atzoko lehen hiru sailkatuekin batera. Zarautz, Hondarribia, Donostiarra eta Cabo ariko dira bigarrengoan, gaur zarauztarrek zazpigarren egin dutelako, lehen txanda irabaziz, gainera. Estutu egin da atzeko lehia, Ares azkena izan delako, hiru segundoko zigorragatik, Ondarroarekin palak jotzeagatik azken txanpan. Kaikuk egin du bigarren lehen txanda horretan, lan ona eginez, eta sailkapenean, orain, Zarautz azken-aurrekoa bi puntura gerturatu zaie Ondarroari eta Aresi. Bihar ere Orion, lehia estua izango da atzeko postuetan, baina ezingo dute ikusleek ikusi, COVID-19agatik, debekatuta dutelako zaleek eremura bertaratzea.

Euskotren ligan, aldea gora

Euskotren ligan, kolore horiak segitzen du nagusi izaten. Bosgarren estropada jokatu dutegaur, eta lau garaipen joan dira Oriora. Hirugarren bandera dute ligan Xanti Zabaletaren arraunlariek, eta bost puntuko koska zabaldu diote Donostiarrari.

Hasi eta buka nagusitu dira oriotarrak, eta hasi aurretik, gainera, aurkari zuzenak, Donostiarrak, hiru segundoko zigorra jaso du, epaileen ustez behar baino lehenago ateratzeagatik. Bigarren irteera izan da balekoa, eta une batez Donostiarrak, lehen kaletik, segundoko aldea hartu badu ere, berehala jarri da buruan, eta ez dio utzi leku gustagarrienari. Laugarren kalean zen ligako liderra, eta kanpora joateko kale ona zela azaldu dute gero talde garaileko arraunlariek. Atzetik, gertuen, Donostiarra zeukan, eta hiru segundoan finkatu da aldea lehen luzean. Bi talde horian txopa ikusten Arraun eta Hondarribia joan dira sei-zazpi segundora. Ziabogan, Oriok hiru segundo ateratzen zizkion Donostiarrari, sei Arrauni, eta zazpi Hondarribiari.
Bigarren luzean, ez da aldatu taldeen hurrenkera, baina bai estropadaren joera, une batez. Donostiarrak istriborrera jo du, olatuxka txikia hobeto baliatzeko bigarren kaletik. Segundo batera ere gerturatu zaio Oriori azkeneko bi minutuetan, baina bukaeran, hiru atzetik sartu da helmugan.
Arraunek bermatua zekarren hirugarren lekua, bueltako luze ederra eginez. Hondarribia oso atzean utzi du, eta azkenean, Oriok zazpi segundo atera dizkio. Segundo pasatxoa izan du soberan Donostiarraren denbora [zigor eta guzti] hobetzeko, segundoa eta 64 ehunen atzerago geratu delako. Hondarribia 22,18 segundora sartu da. Gaur, Orion ariko dira lau taldeak (11:40), seigarren jardunaldian, eta Ligako lan erdiak osatuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.