Historiako markarik kaskarrenaren azpitik ibili zen atzo goizaldean Orlando Magic NBAn. Eta ohore apala da hori. 48 minutuan 56 puntu. Horrekin dena esanda dago. Boston Celticsek defentsan oinarritu zuen garaipen argiaren arrakasta —Brandon Bassek, Orlandoko jokalari ohiak, eta Kevin Garnettek lan bikaina egin zuten uztaipean—, eta bisitariek behartutako jaurtiketa asko egin behar izan zuten seinale da portzentajea: 65 jaurtiketa egin, eta hamasei besterik ez zuen saskiratu Orlandok. Dwight Howard pibotak soilik eman zuen gutxieneko maila: hemezortzi puntu eta hamalau errebote. Hain zuzen ere, partida hasi aurretik Ekialdeko Konferentziako jokalaririk onenaren saria jaso zuen Howardek.
87-56. Paul Pierce eta Brandon Bassen 19na punturi esker hautsi zuen Bostonek partida. Piercek, gainera, zazpi asistentzia eman, eta bost errebote hartu zituen. Rajon Rondo joko antolatzailea eta Ray Allen eskolta min hartuta egonda ere, etxekoek gupidarik gabe egurtu zuten Orlando.
Gainerakoan, Chicago Bullsek laugarren partida jarraian irabazi zuen, New Jersey Netsen aurka (110-95), eta NBAko markarik onenarekin dago. Derrick Rosek minez jokatu beharko du aurrerantzean, baina joko antolatzaileak ikusgarri jokatzen jarraitzen du. 22 puntu lortu zituen atzo goizaldean, Richard Hamilton eskoltak adina —hamar asistentzia ere eman zituen Hamiltonek—.
Memphisen zazpigarrena
Memphis Grizzliesek ikusgarri jarraitzen du NBAn. Izugarri sufritu zuen atzo Golden State Warriors menderatzeko, baina azken unean markagailua iraulita, zazpigarren garaipena jarraian eskuratzeko gai izan zen (90-91); 22-39ko partziala lortu zuen azken minutuetan. 15 puntu eta 22 errebote lortu zituen Marc Gasol kataluniarrak. Rudy Gay hegalekoak, berriz, 23 puntu eskuratu zituen. San Antonio Spursek ere estu-estu irabazi zion New Orleans Hornetsi, 102-104. Tim Duncanek 1,4 segundo falta zirenean lortu zuen azken saskiratzea.
Orlandok bere egin du NBAko markarik apalena, 56 puntu soilik saskiratuta
Paul Pierce eta Brandon Bassen 19na punturi eta defentsa sendoari esker, astindu handia eman dio Bostonek (87-56)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu