Oroitzapenen aurka

Xalak Arretxe II.aren aurka ekingo dio gaur lau t'erdikoari; 2010eko txapelketan gazteak 22-14 irabazi zion

Xala pilota astintzen, Arretxe II.aren aurrean, 2010ean elkarren aurka jokaturiko partidan. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Xalak gaur ekingo dio lau t'erdiko txapelketari, Hendaiako pilotalekuan (20:30, ETB1). Sistema berriak zerrendaburuei mesede egin die, final-laurdenetako ligaxkan zuenean sartzeak kanporatuak izan gabe lehen partida galtzeko aukera ematen dielako. Pribilegioak lasaitu egiten ditu, era berean, baina, zaila da jakitea zein den euren sasoia. Xalaren kasuan zalantza hori areagotu egiten da, udan ia hilabete geldirik egon ondoren binakako partidetan ere ez duelako maila harrigarririk eman. Isil-isilik sartuko da kaiolan, Arretxe II.aren aurka, txapelketako ezusteko handiena eman duen pilotaria.

Xalak harreman berezia du gaurko kontrarioarekin. Haren aurka, ibilbideko egunik ilunetariko bat bizi izan zuen. 2010eko lau t'erdiko txapelketan izan zen, lehen kanporaketan. Sodupen jokatu zen partida, eta 22-14 galdu zuen. Itxura kaskarra eman zuen, distira gutxiko uda baten ondoren. Aspeko zuzendariak aurrelariarekin bildu eta kargu hartu ziotela zabaltzera iritsi zen. Partida hura galdu ondoren, gerora buruz buruko txapeldun izango zena zazpi astez egon zen jokatu gabe, abenduko lehen astean Eibarren kantxetara itzuli zen arte.

Sodupeko partida hura mugarria izan zen, hausnarketa etenaldi haren ondoren Xala suspertu egin zelako. Barriola bikote hartuta binakako finalerako sailkatu zen negu hartan, eta, hilabete batzuk geroago, buruz buruko txapela jantzi zuen. Txapelketa urte ona iazko lau t'erdikora luzatu zuen. 2005ean finala jokatu zuenetik aurrenekoz igaro zuen final-laurdenetako langa. Ligaxkan, halere, Irujo, Olaizola II.a eta Barriolaren aurka galdu zuen.

Lekuinekoak erregulartasun gutxi erakutsi izan du lau t'erdikoan, dohain bikainak izan arren, kosta egiten zaiolako kaiolan oilarrei aurre egitea. Gaur, baina, ez du izen handirik izango parean, eta apustuetan —apustu etxeetan, Iparraldean ez baitago artekaririk— Xala ageri da faborito.Lau t'erdian behin bakarrik neurtu dituzte indarrak, Sodupeko partida hartan. Buruz buru ere jokatu dute, behin, 2010ean, eta Xalak 22-16 irabazi zuen.

Arretxek, bestalde, aspaldiko asterik gozoena igaro du Titin III.a kanporatu ondoren. Luzaidekoa sasoi bikainean dago, eta, lau t'erdian espezialista handia ez izan arren, bere defentsak edozein ernega dezake. Hurrengo hiru asteetan handiekin nahas daitekeela erakusteko parada du, eta, agian, ezusteko handiagoa ematekoa. Galtzaileak zail izango du finalerdietan sartzea, kostako zaiolako hurrengo bi partidetan Olaizola II.a eta Bengoetxea VI.ari jarraian irabaztea.

Olaizola II.a, harrituta

Final-laurdenetako multzoko beste partida larunbatean jokatuko da, eta atzo egin zuten pilota aukeraketa Iruñeko Labrit pilotalekuan. Olaizola II.a iazko txapeldunarentzat lehen partida izango da, eta Bengoetxea VI.ak iragan asteko partidan emaniko mailarekin harrituta zegoela onartu zuen: «Orduan bezala jokatzen baldin badu, akabo, ia ezinezkoa izango da hari irabaztea».

Pilotekin ez zen arazorik egon, eta behetik asko dabiltzanak aukeratu zituzten biek. Pisuan ere antza zuten: Olaizolak 106 eta 105,6 gramokoak aukeratu zituen; Bengoetxeak, berriz, 106,2 eta 105,7 gramokoak. Lau t'erdiko txapelketan ez dute inoiz elkarren aurka jokatu, eta sarrera oso ona espero da. Kantxek 30 euro balio dute, eta txapelketako partida jaialdiko hirugarrena izango da. Asteburu honetako pilota aukeraketak gaur bukatuko dira, Gernikan (11:30). Pablo Berasaluze eta Abel Barriola elkartuko dira Santanapen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.