Oroitzapenik onena, oraina

Athleticek gaur jokatuko du Europako Ligako atarikoaren joanekoa, Slaven Koprivnicaren aurka, jokalari asko falta dituelaBielsak adierazi du ez dela fio aurkariarekin, eta Llorente hasieratik zelairatuko du

Oroitzapenik onena, oraina.
jon eskudero
2012ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Ametsen antzokian —Old Trafforden— betetako ametsa. Alemanian lortutako emaitza. San Mamesek ateratako magia Lisboako Sporting kanporatzeko. Bukaresteko negar malkoak... Zenbat oroitzapen ote dituzte Athleticeko zaleek joan den sasoian Europako Ligan bizitakoak. Ibilbide gozoak zapore gazia utzi zuen amaieran, bai, baina, oro har, sasoi ahaztezina izan zen. Berdintzeko zaila. Baina oroitzapenetatik bizitzea ezinezkoa denez, gaur ekingo dio Europako bide berriari Marcelo Bielsaren taldeak. Atarikoaren hirugarren kanporaketako joanekoa jokatuko du Slaven Koprivnicaren aurka, San Mamesen, 21.00etan, eta zuri-gorriak faborito diren arren, hobe dute ez fidatu.

Normalean norberaren kontrario nagusia aurkaria izaten da: haren bideoak ikusten dira partida aurretik, estrategia aztertu... Baina gaurko norgehiagokari begira etxeko sukaldean dauka buruhausterik handiena Bielsak. Hankamotz dauka taldea, eta nahiko lan izango du hamaikako lehiakorra osatzen. Atzo ez zuen deus argitu horren inguruan, baina pentsatzekoa da inor ez dela aulkian geratuko atseden hartzearren.

Atzeko lerroan dauka herrenikhandiena taldeak. Amorebieta eta Aurtenetxe min hartuta daude; San Jose, barizela osatzen, eta Javi Martinez, Olinpiar Jokoetan. Iazko sasoian hasieratik aritzen ziren lau jokalarietatik hiru falta dira, beraz. Iraolak hartuko du eskuin hegala, eta Iñigo Perezek ezkerrekoa. Erdiko atzelari lanetan, berriz, Ramalho eta Gurpegi ariko dira. Gurpegik lehen partida ofiziala jokatuko du urtebete min hartuta egon ondoren. Esperientziarik izan ez arren, lan txukuna egin dute laurek denboraldi-aurrean. Hori bai, ez da berdina norgehiagoka garrantzitsu bat jokatzea.

Erdilariei dagokienez, Ander Herrera eta Muniain falta dira. Horien lekua hartuko dute Ibai Gomezek eta Ruiz de Galarretak. Iturrasperekin batera, taldeari oreka emateko zeregina izango dute. De Marcosena eta Susaetarena, berriz, golak sartzea. Horretarako, Llorenteren laguntza izango dute ziurrenik. Ez dago sasoiko, baina edozein momentutan sar dezake gola, eta Adurizen postua betetzeko hura da egokiena

Neurketa San Mamesen izaki, ezusteko handia behar luke Athleticek partida galtzea, baina ahalik eta gol alde handiena eskuratzea ere komeni zaio, itzulikoan lasai zelairatzeko. Baina ez du erraza izango. Slaven lider dago Kroaziako ligan, eta jokaturiko lau partidak irabazi ditu. Dagoeneko sasoiko dauzka jokalariak, konfiantzaz beterik. Roy Ferencina entrenatzailea bera bezalaxe. Atzo iluntzean egin zuen Kroaziako taldeak lan saioa San Mamesen, eta bertan adierazi zuenaren arabera, irabazteko asmoz etorri dira Bilbora: «Talde handi baten kontra jokatuko dugu, baina emaitza ona lortuko dugula ziur gaude. Kalkulurik egin gabe jokatuko dugu».

Slaven Koprivnicako jokalaririk eraginkorrena etxean geratu da: Davor Vugrinac. Gol ugari sartzen duen aurrelaria da, baina min hartuta dago. Mario Grgurin ere antzeko egoeran dago. Hori ikusita, atzeko lerroa indartuko du Ferencinak, Grgic, Kokanovic eta Bubnjicekin.

Horrek ez du esan nahi, baina, atzean sartuta egongo denik taldea. Goiko jokoan indartsuak dira, eta edozein geldikako jokalditan sor dezakete aukera. Gol faltarik ez daukate, gainera. Europako Ligako aurreko kanporaketari erreparatu besterik ez dago. Joanekoan 6-0 nagusitu ziren Irlandako Portadown taldearen kontra, eta itzulerakoan 2-4. Beraz, erne ibiltzea hobe dute zuri-gorriek, eta partida osoan kontzentrazioari eutsi.

Bielsa, zuhur prentsaurrean

Kontzentratuta Bielsa egon zen atzo, lan saioaren aurreko prentsaurrean. Lezamako lanak zirela eta nahiko istilu izan zen Athleticen. Bada, atzo agertu zen lehen aldiz kazetarien aurrera, eta argentinarrak ez zuen zauririk berritu nahi izan: «Ez dut iraganaz hitz egin nahi. Errespetatu nazaten nahi dut, eta nik errespetatuko ditut». Gogorarazi zuen Bilbora «lanera» etorri zela, eta horretan jarraituko duela, «haren zeregina» delako.

Hasierako hamaikakoari dagokionez, erabaki gabe daukala jakinarazi zuen: «Lehenik jokalariak izaten dira jakiten ze hamaikako zelairatuko dudan, eta ez diet ezer esan, ez dakidalako». Dena den, ia ziurra da Llorentek hasieratik jokatuko duela. Horixe ikusi ahal izan zen, behintzat, atzoko entrenamenduan: «Bi aste daramatza lanean, eta nik nahiko sasoiko ikusten dut. Ez dauka inolako arazorik jokatzeko». Erdiko atzelarien inguruan ere mintzatu zen: «San Jose eta Ekiza txukun ari dira, baina Ramalho eta Gurpegi hobeto ikusten ditut». Edozeinek jokatzen duela ere, konpromiso handia daukate zuri-gorriek. Katedralak hartuko du hitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.