Realak Atotxa bere egin zuenean futbolean aritzeko txirrindularitzaren kontura, Juan Cometek Club Ciclistako agintari nagusiak, sutan, taldea madarikatu zuen: «Ez zarete sekula txapeldunak izango». Geroagokoa da Gabriel Zelaia idazle hernaniarraren eta Rafael Alberti poeta andaluziarraren arteko sesioa 1928ko Kopako finala gogoan, Bartzelonak txuri-urdinei gain hartu zieneko hartan Santanderren (Espainia). Zuri-beltzeko bi pasarte ezagun horiek argi erakusten dute zer-nolako pisua izan zuen bere garaian Kopak Donostian. Denborak herdoildu egin du, ordea, lehiaketa horrek piz zezakeen grina Realeko zaleen artean, bereziki aurreko hamarkadan eginiko lan ezin eskasagoagatik. Zaragozako Romareda zelaitik Mallorcakora, 25 urteko aldea dago txuri-urdinen ikuspegitik begiratuz gero. Mende laurden horretan ez du Espainiako Kopari buruzko gauza onik idatzi Realak bere istorio liburuxkan.
1980ko hamarkadaren amaieran, bi final jokatu zituen Realak John Benjamin Toshacken aginduetara. Bata irabazi egin zuen, Atletico Madrilen aurka, penaltietan, Zaragozan (Espainia). Bestea, aldiz, galdu egin zuen Bartzelonarekin, Santiago Bernabeun. Gailurra jo eta gero, txuri-urdinen ahaleginak gero eta antzuagoak izan dira. 1990. urtea salbuetsita, Johan Cruyffen Bartzelonak geratu zuen beste behin final-laurdenetan —Kataluniako taldea da gipuzkoarren mamu beltza txapelketa horretan—, ezintasuna gero eta ageriagokoa izan da. 1995ean, Soriako (Espainia) Los Pajaritos zelaian galdu zuten Numantziaren aurka txuri-urdinek (2-0). Itzulerakoan, Salva Iriarterenak ez ziren markagailuari buelta emateko gai izan Anoetan. Aurreneko atzerapauso sonatu hori mugarria izan zen Realaren nora eza ulertzeko. Horren ondotik etorri ziren, eta ia-ia bata bestearen atzetik, Logroñes, Beasain, L'Hospitalet, Mirandes eta Zamoraren aurkako porrot tamalgarriak, besteak beste. Atera kontuak: azken hamazazpi urteetan hamabi alditan joan da kalera lehen kanporaketan, eta hamabost denboraldi daramatza bigarren koska gainditu ezinik. Latza da gero.
Aurreko sasoian Granada paretik kentzearekin batera hautsi zuten beste estatistika ezkor bat. Izan ere, 23 urtez egon ziren txuri-urdinak Lehen Mailako aurkari bat gainditu ezinik. Final-zortzirenetan, Mallorca aritu zen lehenik Anoetan. 2-0 nagusitu zen Reala Agirretxe eta Aranbururen golekin, eta etxeko lanak egin zituelakoan lasai abiatu zen Palmara (Herrialde Katalanak). Gutxi iraungo zion, ordea. Joaquin Caparrosenek, ia nahi gabe, berehala erantzun zioten Ifranen gol goiztiarrari Zubikarairen atea behin eta berriz zulatuz. Sei gol guztira. Mutu geratu ziren entrenatzaile, jokalari eta zaleak. Aspaldiko hutsik larriena izan zenak modu gordinean erakusten du Realaren bidegurutzea Kopan.
Zaragozako titulua, ahaztezina
Ez da beti horrela izan, ordea. Bost final jokatu ditu Realak: lau galdu ditu Bartzelonaren aurka, eta bakarra irabazi, Romaredan, Atletico Madrilen aurka. 1986-87 denboraldi amaierakoa da Luis Arkonadaren irudia kopa altxattzen. Finalerdietan, Athletic kaleratu zuten txuri-urdinek Jose Mari Bakerok San Mamesen sartu zuen golari esker. Hurrengo sasoikoa da Bernabeuko 0-4ko emaitza ikusgarria finalerdietako itzulikoan. Askok uste dezaketenaren kontra, gauza handiak egin zituen Realak Kopan, eta benetako madarikazioak azken urteetako lehiakortasun faltarekin du zerikusi zuzena.
Orrialde etsigarriak
Kordoban ekingo dio Realak bihar Espainiako Kopari. Lehiaketa horretako hutsegiteen zerrenda luzeegia izan da aurreko bi hamarkadetan. Azken hamazazpi urteetan, esaterako, lautan baino ez du gainditu lehen koska.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu