Partida erakargarriak, futbol giroa, gau giroa, Ingalaterrako estadioak, emozioa, Europako talderik onenak lehian, golak, Ronaldinho, Lampard, Xabi Alonso eta gisako izarrak, dirutza... Osagai horiek guztiak ditu, urtez urte, Txapeldunen Ligak. Atzo, aurtengo ekitaldia osatuko duten zortzi multzoen zozketa egin zuten Monakon. Heldu den irailaren 13an eta 14an jokatuko da lehen jardunaldia.
-A multzoa: Europako talde boteretsuenetako bik eta sona handia ez duten bi ligatako ordezkariek osatzen dute multzoa.Bayern Munich eta Juventus, alde batetik, eta Brujas eta Rapid Viena, bestetik. Lehendabiziko biak dira final-zortzirenetara igarotzeko faborito nagusiak, zalantzarik gabe. Ia fitxaketarik egin ez arren, betiko sendotasunarekin lehiatuko dira alemaniarrak. Adi Makaay, Deisler eta Ballacken jardunari. Vecchia Signora-k, berriz, Muturekin (Chelsea) eta Vieirarekin (Arsenal) indartu du taldea. 1996an irabazi zuten azken aldiz Txapeldunen Liga. Urte gehiegi igaro dira geroztik. Aurreko ekitaldian ere elkarren aurka aritu ziren bi taldeak lehen fasean.
-b multzoa: Arsenal eta Ajax beste bien gainetik. Highburyko taldeak oso joko erakargarria egiten du eta faboritoen artean dago beti. Partida erabakigarriak jokatzean, baina, kikildu egiten da. Vieirak (Juventus) taldea utzi du, baina Henryk, Bergkampek, Piresek eta Campbellek, besteak beste, Arsene Wengerren aginduetara jarraitzen dute. Ajaxen kasuan, Ronald Koeman entrenatzaileak taldea utzi du, Benficara joateko. Danny Blind eseriko da orain Amsterdam Arenako aulkian. Blindekin ere, aurkariaren ate-ra begira jokatuko du Ajaxek. Sparta Pragak eta aurreko kanporaketan ezustekoa eman zuen Thunek osatzen dute multzoa.
-c multzoa: Itxuraz, Bartzeloan da multzoko nagusia. Aurreko ekitaldian ere bikain aritu ziren, Chelsearekin topo egin zuten arte. Werder Bremen, Udinese eta Panathinaikosi aurre egin beharko diete Rijkaarden mutilek. Alemaniarrak egoskorrak dira, gogorrak. Italiarrak lehiakorrak, eta greziarrak, ordea, edozeini eta edozein unetan disgustua emateko gai diren horietakoak.
-d multzoa: Manchester Unitedek distira pixka bat galdu du azken urteetan, baina Keanek, Scholesek eta Van Nistelrooyk jo eta su jarraitzen dute. Eurak dira aurrera egiteko faboritoak. Parean Vila-Real, Lille eta Benfica izango dituzte. Aurrenekoek goi mailako jokoa egin zuten aurreko sasoian. Manuel Pellegrini entrenatzaileak talde dotorea osatu du. Ea onenen aurka zertarako gai diren. Lille talde ezezaguna da. Lanari esker lortu zuten Txapeldunen Ligarako txartela. Koemanen Benficak, berriz, liga irabazi zuen aurreko denboraldian, aspaldiko partez. Jokalari azkar asko dituzte eta Europan nabarmendu nahi dute behingoz .
-e multzoa: Milanek eta PSVkfinalerdi gogoangarria jokatuzuten azken Txapeldunen Ligan. Aurten ere, elkarren aurka arituko dira. Italiarrek talde ikusgarria dute eta Ancelottik orain ez asko falta zitzaien egonkortasuna eman die. Gilardino (Parma) aurrelari bikaina fitxatu dute. PSVtik, berriz, Vogelek (Milan) eta Ji-Sun Parkek (Manchester United) alde egin dute. Schalke eta Fenerbahce izango dira euren aurkariak. Alemaniarren lehiarako grina zein egoskorkeria eta turkiarren anarkia. PSV eta Schalke dira bigarren tokirako hautagaiak, nagusia Milan baita.
-f multzoa: Real Madrili aurreko ekitaldietan parean izan dituen bi talde tokatu zaizkio: Rosenborg eta Olympiakos. Gogorrak, baina ez beldurtzeko modukoak. O. Lyon final-laurdenetaraino heldu zen aurreko txapelketan. Dotorea jokatu zuten, gainera. Pedretti (Socahux) harribitxi frantziarra eta Carew (Besitkas) fitxatu dituzte. Real Madril handiari aurre egiten saiatuko dira.
-g multzoa: Liverpool, azken txapelduna, eta Chelsea. Chelsea eta Liverpool. Multzoko bi faboritoak. Aurreko denboraldian bihotzekoak emateko moduko finalerdia jokatu zuten. Aurten ere, emozioa behintzat ez da faltako Anfielden eta Stamford Bridgen jokatuko dituzten partidetan. Tartean, Xabi Alonso eta Del Horno. Loperaren Betis eta Anderlecht apala beste kontrarioak. Es-painiarrek jokalari bikainak dituzte: Joaquin, Oliveira, Edu... Belgikarrak, lehian berriz ere.
-h multzoa: Izanagatik eta izenagatik, Mancini handiaren Inter da indartsuena. Jokalari on asko ditu (Adriano, Solari, Veron...), baina ez du asmatzen. Egiten duten jokoa, gainera, ez da, ez, beste mundukoa. Ea aurten. Porto, berriz, ez da orain bi urtekoa, eta Glasgow Rangersek ikaragarri sufritzen du Europako txapelketetan. Artmedia Bratislava estreinakoz arituko da onenekin lehian.
FUTBOLA. TXAPELDUNEN LIGA
Osagai onenekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu