Kolpe gogorra jaso zuen atzo arratsaldean Osasunak, Iruñean Espanyolen aurka 0-2 galduta. Jose Luis Mendilibarren mutilek aurre egin zieten katalanei lehen zatian, baina Espanyolek kemena erakutsi zuen gola bilatzerakoan, eta 50. minutuan sareratu zuen lehen gola. Wakasok korner bat erdiratu eta Hector Morenok egin zuen gola, buruz.
Hobetzera jo zuen Osasunak, baina ezin izan zuen berdinketa ezarri markagailuan. Ninok gol bat egin zuen nafarrentzat, baina baliorik gabe utzi zuen epaileak. 91. minutuan, partida amaitzear zela, Andres atezainaren irteerari izkin egin eta bigarrena egin zuen Wakasok, urrunetik jaurtita.
Atzoko porrotaren ondoren, 15. postuan da Osasuna. 31 puntu ditu, eta bostera ditu jaitsiera postuak.