Osasuna kolpeen mina arintzen saiatuko da Rayoren zelaian

Gorritxoak Europatik urrun gelditu ziren Valentziaren aurka kale egin ondoren, eta Budimir hilabete baterako galdu zuten. Bada, lurretik altxatu nahi du gaur, etxetik kanpo bigarren garaipena kateatuta. Deialdian daude harrobiko Osambela eta Svensson.

Osasunako Jon Moncayola eta Iker Muñoz, baloia eraman nahirik, Valentziaren aurako partidan. JESUS DIGES / EFE
Osasunako Jon Moncayola eta Iker Muñoz, baloia eraman nahirik, Valentziaren aurako partidan. JESUS DIGES / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko apirilaren 20a
05:05
Entzun

Kolpe asko hartu ditu Osasunak denboraldi honetan. Mingarriena, Jagoba Arrasatek badoala aurreratzea. Sasoi amaieran utziko du taldea, sei urte arrakastatsuren ondoren. Zelaian, berriz, nahi baino gutxiago iraun dute gorritxoek Konferentzia ligan zein Kopan, eta joan zen astelehenean ia aukera oro galdu zuten berriz ere Europarako sailkatzeko. 0-1 gailendu zitzaien Valentzia, sailkapeneko zazpigarrena. Postu hori zortzi puntura daukate orain. Gehiegi urrundu zaie. Hori gutxi ez, eta Budimirrek hiru saihets puskatu zituen asteleheneko partidan. Asko jota ligako azken bi partidak jokatu ahalko ditu bakarrik. Egoera horretan, mina arinduko dion garaipena lortu nahi du gaur Osasunak, Rayo Vallecanoren zelaian (Dazn, 16:15).

Sergio Herrerak ere kolpea hartu zuen Valentziaren aurka, eta ez zegoen argi gaurko partidan arituko zen edo ez. Deialdian behintzat sartu du Arrasatek. Aimar Oroz eta Unai Garcia, ordea, min hartuta daude oraindik ere, baita Kike Barja ere, martxoan lotailu gurutzatua apurtu ondoren. Hori horrela, harrobiari erreparatu dio Arrasatek zerrenda osatzeko garaian, eta aukera eman die Asier Osambelari eta Max Svenssoni. «Hutsuneak izan arren, ez dugu aitzakiarik. Jokatzeko moduan daudenek gogo handia dute, eta garaipenaren bila aterako gara», esan zuen atzo Arrasatek.

Europa urrun gelditu zaio Osasunari, baina teknikariak «ilusio handiz» ikusten du taldea. «Lehen Mailako urte hauetan, antzeko egoeran iritsi izan gara denboraldi bukaerara, eta gai izan gara ondo lehiatu eta zelai zailetan irabazteko. Gauza asko gerta daiteke azken zazpi partidetan». Iñigo Perezek zuzendutako Rayo edukiko dute aurrean. Arrasatek bere esanetara izan zuen Perez Osasunan eta Numancian. «Jokalaria zenean entrenatzaile gisa pentsatzen zuen. Jakin-min handia zeukan. Nire teknikari ibilbidean eragin handia izan du, eta ederki ari da orain: talde orekatu eta dinamika osatu du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.