Osasuna punturik eta helbururik gabe gelditu da Rayoren zelaian

Aurrea hartu du lehen zatian, eta kontrolpean izan du egoera, harik eta jarraian bi gol sartu dizkioten arte. Hartara, ihes egin dio Europako trenak. David Garciak min hartu du, eta Asier Osanbelak lehen aldiz jokatu du lehen taldean.

Rayoko eta Osasunako jokalariak lehian. RODRIGO JIMENEZ / FOKU
Rayoko eta Osasunako jokalariak lehian. RODRIGO JIMENEZ / FOKU
enaut agirrebengoa
2024ko apirilaren 20a
19:50
Entzun

Ezer gutxi izango du jokoan Osasunak ligako azken sei partidetan. Gaur derrigor irabazi behar zion Rayori zazpigarren postura hurbiltzeko, baina kale egin du. Minutu askoan hiru puntu izan ditu patrikan, Moi Gomezek 0-1ekoa sartu ondotik, dotore. Aurrea hartuta, atzera egin dute nafarrek, eta ondo eutsi diote sariari. Ohartzerako, baina, esku hutsik eta xederik gabe gelditu dira. Rayo tximistak hartu du azken txanpan, eta bi gol sartu ditu elkarren segidan. Zur eta lur gelditu dira gorritxoak. Zorigaiztoko bukaera horretan, Asier Osanbelaren debuta izan da argi printza bakarra.  

Beste albiste on bat ere izan da Osasunarentzat: Pablo Ibañezek titular moduan jokatu du, eta, atsedenera iritsita, kontratua beste urtebeterako berritu du; 45 minutu jokatzea falta zitzaion horretarako. Ruben Peña izan da hamaikakoko beste berritasunetako bat. Ezker hegalean ipini du Jagoba Arrasatek, eta geldigaitz aritu da, ohi bezala. Bestalde, jakina zen Raul Garcia de Haro ariko zela aurrelari lanetan, Budimirrek joan zen astelehenean min hartu eta gero.

Zeresana eman du kroaziarraren ordezkoak, baina hasieran Ruben Garcia izan da neurketako protagonista. Temati aritu da eskuin hegalean, eta gol puska sartzear izan da 6. minutuan: Herrandok baloia zehatz bidali dio Osasunaren zelatik, eta erdilaria, kontrol ikusgarri baten bidez, bakarrik gelditu da atezainaren aurrean. Artelana biribiltzea falta izan zaio. Hortik gutxira, areaz kanpotik ahalegindu da Iker Muñoz, eta jarraian eskuinetik zorrotz sartu da berriz ere Ruben. Erdira jaurti du.  

Osasunak erritmo handiz ekin dio partidari, baina bekokia ilundu zaio 17. minutuan, min hartu baitu David Garciak, baloi baten atzetik zihoala. Apalduz joan da gorritxoen sua, eta Rayo erosoago sentitzen hasi da. Lejeunek hegaletik jaurtitako falta batekin sortu du arrisku handien: Herreraren aurrean eman du botea baloiak, eta lanak izan ditu nafarren atezainak. Bestelakoan, etxekoei asko kosta zaie aukera garbiak sortzea.

Paretsu zebiltzan bi taldeak: zuzen ari ziren jokatzen, zelai erditik apenas igaro gabe. Bada, zirriborro artean gol ederra marraztu dute Raul Garciak eta Moi Gomezek, 26. minutuan. Zuloa eragin diote Rayori, paseak trukatuz eta erreboteak baliatuz. Moik eman dio amaiera jokaldiari, ukitu leun batez. Zutoinaren laguntzarekin, eta suspense apur batekin sareratu du baloia. Rayo jo eta ke aritu da atsedenera heldu bitarte, baina tinko eutsi du Osasunak. Erdilariek gogotik egin dute lan, eta baloia zentzuz mugitu dute.

Lau minutu, bi gol

Atsedenetik bueltan, atzerako urratsa egin dute Arrasaterenek. Markagailuari eustea izan dute lehentasun. Alabaina, gutxiegi iraun die baloiak. Erdilariek jokoaren kontrola galdu dute, eta Torro eta Moncayola zelairatu ditu teknikari gorritxoak. Alferrik izan da, ordea. Rayo behin eta berriz iritsi da Osasunaren area ingurura, eta sarri erdiratu du. Areaz kanpotik ere saiatu da. Alabaina, harresi sendo batekin egin du topo. Nafarrek ederki zaindu dute Herreraren atea, eta atezaina ere argi ibili da.

Partidak lau minutuan egin die ihes, 80. minututik 84.era bitarte. Lehen kolpea korner baten aldaratzean jaso dute: Chavarriak ezkerkada bortitz batekin zulatu die atea. Bigarrena ere areaz kanpotik jaso dute. Isi Palazonek atzean utzi du Herrando, eta areara hurbilduta, zartako ikusgarria bidali du sareetara. Ordurako, zelaian zegoen Osanbela. Harrobikoaren lehen minutuak izan dira talde nagusian. Debut mikatza izan du, gorritxoak ez baitira gai izan bukaeran suspertu eta porrota saihesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.