Osasunak 1-1 berdinduta sailkatu da, Almeria gehiago izan den arren

Iruñeko taldeak partida kaskar batekin amaitu du urtea, baina joaneko 1-3koa nahikoa zen kopan aurrera egiteko

Erredakzioa
Donostia
2011ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Osasuna zaleak lasai bukatuko du urtea. Iruñeko taldea maila txukuna ematen ari da ligan, eta atzo final-zortzirenetarako sailkatu zen Espainiako Kopan, Almeriaren aurka etxean 1-1 berdindu ondoren. Gorritxoek kanporaketa erabakita ekarri zuten Andaluzia aldetik, eta iragan asteko 1-3koak itzuliko partida baldintzatu zuen.Osasunak bihar egingo den zozketan ezagutuko du hurrengo aurkaria.

Lasai edango du xanpaina Osasuna zaleak, bai, baina atzo ez zuen hartu Gabonen aurretik espero zuen azken gozatua. Gorritxoek ez zuten irabazi, ezta merezi ere. Almeriaren aurkakoa luzimendurako partida zirudien, zaleek ikusi nahi dituzten jokalari horiek euren burua aldarrikatu zezaten: Lekicek, Torres bigarren taldeko goleatzaileak, Raitalak... bada ez. Ezer ez. Are gehiago, Almeriako ordezkoak gehiago izan ziren. Osasunak ez zuen kanporaketa inoiz arriskuan ikusi, azken txanpan bereziki baloia babestu zuelako, baina gol aukera onenak kanpokoek izan zituzten.

Goitom Almeriako aurrelaria izan zen mehatxua, eta berak sartu zuen gola partida bukatzeko hiru minutu falta zirenean. Lehen zatian aukera ona izan zuen, eta bigarrenaren hasieran baloia langara bidali zuen. Minutuek aurrera egin ahala, baina, arretak behera egin zuen, eta orduan iritsi ziren golak.Osasunarena Lamahk sartu zuen (80. min), Callejak abiaturiko kontraerasoa zehazki bukatu zuenean. Almeriak, berriz, 87. minutuan lortu zuen berdinketa, Goitomek korner bat buruz ondo baliatu zuenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.