Futbola

Osasunak arnasa hartu du Almerian (1-2)

Lehen zatian bereziki, oso partida serioa jokatu dute nafarrek, eta Oriol Riera eta Arribasen golekin, 1-2 irabazi dute. Jonathan Sorianok sartu du andaluziarren gol bakarra.

unai zubeldia
2014ko apirilaren 4a
22:50
Entzun

Gehien behar zuenean eman du kolpea Osasunak. Lehen zati serioa (0-2), defentsako lan ona, sufrimendu pixka bat, eta hiru puntu azkenean (1-2). Almeriaren aurkako garaipenari esker, eta behin-behinean bada ere, jaitsiera postuak hiru puntura urrundu dituzte gorritxoek. Roberto Torresek erotu egin ditu Almeriako atzelariak punta-erdi lanetan, eta bere oinetatik gorpuztu dira nafarren bi golak. Lehen zatian biak. 19. minutuan iritsi da 0-1ekoa. Roberto Torresek erdiratu, Marc Bertranek eta Cejudok ukitu, eta Oriol Rierak, Esteban atezainaren aurrean, ez du huts egin. Eta Almeria aurrera egiten saiatzen ari zenean —arriskurik sortu gabe—, falta batean sartu dute nafarrek 0-2koa. Roberto Torresek erdiratu eta Arribasek bidali du baloia sareetara (32. min.). Lehen zatia amaitu aurretik, Oriol Rierak aukera ona eduki du hirugarren gola sartzeko, baina kanpora joan da kataluniarraren jaurtiketa.

Nagusi amaitu du Osasunak lehen zatia, eta bigarrenaren hasieran ere, De las Cuevasen jokaldi onean, gutxigatik ez da iritsi Cejudo errematera. Estrategia jokaldietan saiatu da Almeria Osasuna bere arean sartzen, baina, Susoren jaurtiketa bat salbu, andaluziarrek 70. minutura arte ez dute estutu gehiegi Andres Fernandez. 72. minutuan, gainera, Lobatok eduki du gertu 0-3koa, Oriol Rierarekin bat-bikoa egin eta jaurtiketa oso gutxigatik kanpora joan zaionean. Hori bai, 73. minutuan Jonathan Sorianok 1-2koa lortu ondoren, nafarrak estu eta larri ibili dira markagailuari eusteko. Sorianok berak eduki du aukerarik onena, 79. minutuan, baina, zorionez, kanpora joan da Almeriako jokalariaren errematea. Lehen zati ona jokatu ondoren, bigarrenean sufrituta bada ere, urrezko hiru puntu lortu ditu Osasunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.