Osasunak Betis jasoko du gaur, eta Valentziari egingo dio bisita Alavesek

Nafarrek galdu egin dituzte azken hiru partidak, eta bolada txarra eten nahi dute. Arabarrek, berriz, segida eman nahi diete azken bi partida onei.

Alaveseko jokalariak gol bat ospatzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Alaveseko jokalariak, gol bat ospatzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko maiatzaren 5a
05:00
Entzun

Bolada eta aldarte desberdinean direla helduko diete gaur liga partidei Osasunak eta Alavesek. Nafarrek galdu egin dituzte azken hiru partidak; arabarrek, aldiz, irabazi egin dituzte azken biak. Europarako sailkatzeko borroka betean dauden bi talde izango dituzte aurrean, Osasunak Betis jasoko du (14:00), eta Alavesek Valentziari egingo dio bisita. Bi aurkariek irabazteko beharra dute, atzo Realak hiru puntuak batu ostean.

Osasunak kolpea hartu zuen aurreko igandean, Granadaren aurka 3-0 galdu ostean. Jagoba Arrasatek berak onartu zuen bigarren zatia «desastre hutsa» izan zela. Gaur, etxean, emandako irudi txar hori aldatu nahi du talde gorritxoak, eta zaleei garaipen bat eskaini. Neurketari begira jokalari garrantzitsuak faltako ditu Arrasatek. Izan ere, David Garcia, Budimir, Barja eta Aimar Oroz min hartuta daude oraindik. Moi Gomez ere deialditik kanpo geratu zen, giharretako arazoak dituela eta. «Multzoa gogotsu ikusten dut emaitza bolada txar hau iraultzeko. Bost partida geratzen dira azken lehietan emandako irudi txarra aldatu eta liga sentipen hobeekin amaitzeko», adierazi zuen atzo Arrasatek. Betisen Isco zigortuta dago, eta Bakambu min hartuta. 

Alaves, berriz, bolada gozoan da, eta, atzo Cadizek Real Madrilen kontra galdu ostean, ziurra da datorren denboraldian ere Lehen Mailan segituko duela. Zaleen babesean azken bi partidak modu ikusgarrian irabazi eta gero, etxetik urrun ere talde fidagarria eta ona dela erakutsi nahiko dute arabarrek. Ez da espero Luis Garcia Plaza teknikariak aldaketa asko egitea hamaikakoan, eta hala baliteke Gebara, Rioja eta Omorodion aulkian geratzea. Garcia Plazak ondorengo hau nabarmendu zuen partidaren inguruan: «Gora egiten jarraitu nahi dugu. Haiek joko zuzena egiten dute, eta adi ibili beharko dugu. Defentsan ere talde sendoa dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.