Osasuna 1-1 Sevilla

Osasunak eutsi egin dio

Berdinketa on bat eskuratu du Osasunak Sadarren, ordu erdi jokalari bat gutxiagorekin egin ostean.

Ezequiel Avila eta Jesus Navas baloiaren bila. JESUS DIGES / EFE
2019ko abenduaren 9a
12:46
Entzun

Osasunak bana berdintzea lortu zuen ligako hamaseigarren jardunaldiko azken partidan. Azken ordu erdia jokalari bat gutxiagorekin jokatu arren, Sevillaren erasoei eusteko gai izan ziren nafarrak. Munirren golarekin aurreratu zen Sevilla lehen zatian, eta 45. minutuan jarri zuen berdinketa Ezequiel Avila aurrelari gorritxoak. Denboraldiko seigarren gola du.

Osasunak indartsu hasi zuen partida, eta bosgarren minutuan iritsi zen lehen gol aukera argia. Avilaren burukada, ordea, zutoinera joan zen. Sevilla esnatu zuen jokaldi hark, eta Ever Banega erdilariaren agindupean, aukerak sortzen hasi zen taldea. Banegak berak eginiko pase batek utzi zuen Munir ate aurrean, eta area ertzetik eginiko jaurtiketa batekin aurreratu zuen Sevilla. Isilune nagusia, ordea, Marc Cardona aurrelariaren lesioak eragin zuen. Osasunako jokalaria zelaian etzanda geratu zen, Sevillako Diego Carlos atzelariarekin kolpe bat jo ostean. Cardona ospitalera eraman behar izan zuten, garuneko kommozioarekin.

Bost minutuko luzapena izan zuen lehen zatiak, eta tarte hori aprobetxatu zuen Osasunak markagailuan berdinketa jartzeko. Adrianen pase batek atezainaren aurrean utzi zuen Avila, eta aurrelariak oraingoan ez zuen barkatu. Lehenengoa bezala, bigarren zatia ere indartsu hasi zuen etxeko taldeak, eta 50. minutuan beste baloi bat jaurti zuten zutoinera. Hortik aurrera, gauzak zaildu egin ziren Osasunarentzat. Oier kapitainak bigarren txartel horia ikusi zuen, Banegari eginiko falta baten ostean, eta taldeak bat gutxiagorekin jokatu behar izan zuen azken ordu erdia.

Osasunak defentsan jarri behar izan zituen indar guztiak, eta banakoari eustea lortu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.